www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Yaun-doni Eztebe, lehenbiziko Martira

 

        Yaun-doni Eztebe izan da lehena bere odola eta bizia Jesu-Kristoren ohoretan eman dituena. Yudua zen ethorkiz: nihork ez daki non sorthu zen, eta nor zituen burasoak: Altxatua izan zen Gamaliel, Salbatzaillearen dizipulu gorde, eta legeko doktor aiphatuaren eskolan. Zorrotza zuen izpiritua, eta emana zen istudioari. Prestutasun handi hat agertu zuen bere gaztetasunean; Yaun-doni Petriren lehenbiziko predikuari zioen zor bere konbersionea. Seinalatu zen, ondoko urthean, errelijionearen alderat zuen khar biziaz eta bere mirakuillu miragarriez.

        Yaun-doni Ezteberen denboran, giriztinoek apostoluen eskutarat zaramatzaten bere ontasunak, guziak guzientzat balia zitezentzat eta laguntzeko beharrean zirenak. Apostoluek bazuten lanik aski ibiltzeaz, herriz herri, predikatzen, berek egin gabe ontasun hekien enplegua. Berezi izan ziren zazpi gizon prestu hartakotzat. Yaun-doni Eztebe zen hetarik lehena. Zuzentasun guziarekin bethetzen zituen e man zitzaion kargu berriaren eginbideak. Zer atzartasun! zer lehia etzuen ematen erakutsterat hel-araztean laguntzak behar zen lekhu guzietarat! Haren berthuteak eta yakintasunak haro egiten zuten Yerulalemeko hirian. Iharduki behar izan zuen, asko aldiz, legeko doktorekin eta iskritura sainduan gehien trebe ziren nausiekin. Ordean hek guzien arrean, etzen bakhar bat gure sainduak garaitzen eta ahalkarazten etzuenik bere zuhurtziaren eta argien hedaduraz. Etzen hortan deusere espantitzekorik; ezen Jainkoa bera mintzo zen haren ahoz.

        Legeko doktorek ikhuten zuten beraz etzutela deusere irabaziren gure sainduarekin arrazoinamenduan, hek baino gehiago zakiela, amor eman ahal ziozoketela yakintasunean; ikhusten zuten oraino mirakuilluz hainitz egiten zuela, eta erakhartzen zituela, egunoroz, multzoka, arimak Jainkoaren adoratzerat: hortik heldu da bekaxtu baitzitzaizkon Yaun-doni Ezteberen berthute miragarriari, eta bere artean egin baitzuten hil-arazi behar zutela. Huna nola hartu ziren hortakotzat. Eskuratu zituzten zenbeit gaixtagin, eta erran-arazi zioten entzun zutela gure diakre saindua mintzatzen Moiseren eta Jainkoa beraren kontra. Kalomnia beltz hau laster hedatu zen populurat: guziak yarri ziren suminduran; ordean legeko doktorak ziren beregainki Yaun-doni Ezteberi aspertu nahiak. Sar-arazi zuten gure saindua, errabian izan balire bezalako dorphetasunarekin, bilduak ziren tokirat, eta harat erakharri zituzten berek eskuratu eta eskolatu zituzten lekhuko faltsoak. Gaixtagin dohakabe hek erran izan zuten yuieen aitzinean gizon hura etzela behinere baratzen gaitski mintzatzetik tenpluaz eta legeaz, laudoriorik handienak egiten zituela Jesusez. Yaun-doni Eztebek hauk guziak entzuten zituen deusere galdu gabe bere emetasunetik, etzen batere lotsatzen bere etsaien erdian: begiratzen zuen bake gozo bat bihotzean, eta bere leheneko arraitasuna bisaiean. Aphezeen printzea zen yuie guzian aitzindaritzat, galdegin zion diakre sainduari egiak othe ziren bada hartaz ziotzatenak.

        Yaun-doni Eztebek ihardetsi izan zuen errespetatzen zituela patriarka zaharrak, hala nola Moise; eta gizonen egin ahal guziek ezin gibela detzaketeiela Jainkoaren xede adoragarriak; yuduek zer nahi eginik ere, Jesu-Kristoren errelijionea suntsi-arazteko, ebanyelio saindua etzela hargatik gutiago hedaturen alde guzietarat. Haren bihotza sustatua izan zen, bet-betan, khar berri batez; altxaturik boza erran zioten: o! zuek gizon sinhets gogorrak, etzarete bada behinere probetxatuko izpiritu sainduaren argi salbagarriez! zuen aitzinekoek egin dutena egiten duzue zuek ere. Zein da yazarri ez dioten profeta? Azkenaz goiti, hil-arazi dituzte Jesu-Kristo mundurat heldu zelako berria ematen zuten profetak; eta zuek aski itsuak izan zarete gurutzefikatzekotzat Jesu-Kristo hura bera.

        Yaun-doni Eztebe hunela mintzo zela, egin izan zen harramantza handi bat. Ezin hedatu zuen urrunago bere solasa. Mundu guzia yarri zen suminduran eta fulian bezala haren kontra. Ordean deskantsurik handienean aurkhitzen zen bera: bortitztua zen fede bizi batez, eta izpiritu sainduaren dohainez. Yuieak ekhartzen hari ziren denboran haren heriotzeko sententzia, egon zen zerurat beha, eta ikhusi zuen izpirituko begiez bezala gorphutzekoez ere argitasun miragarri bat; eta argitasun haren bidez, ikhusi zuen Jainkoa bere loria guzian, eta Jesu-Kristo haren eskuineko aldean. Gure sainduak etzakien ordu dohatsu hartan non zen, bozkarioz: abiatu zen erraten: ikhusten-tut zeruak zabalduak, eta gizonaren semea, xutik, Jainkoaren eskuineko aldean. Hitz hauk entzun zituztenek egin zituzten oihu min batzuk, eta tapatu zituzten bere beharriak blasfemioak entzun izan balituzte bezala. Eraman zuten herrestan gure saindua Yerusalemeko hiriaz kanporat, hil-arazteko legeak blasfematzailleen kontra zakharkeien heriotzeaz.

        Yaun-doni Eztebe eramana izan zenean bizia galdu behar zuen tokirat, yazarri izan zioten gaixtagin bati, Jainkoaren etsai bati, eta blasfematzaille bati bezalako barbariarekin; ordean bera etzen den gutiena kantitzen, othoitzean zagoen erraten zuela, begiak zerurat altxaturik: Jesus ene Jauna, errezibi zazu ene arima. Odola zarion gorphutz guzitik, sarraskitan zen guzia, halarik ere, etzioten gaitzik nahi bere etsaiei, aitzitik, maite zituen bere anaiak bezala. Belhaurikatu zen, eta erran zuen gora: Jauna, barkha diozozute, othoi, egiten duten gaitskia: hitz hauk erran zituenean, artiki zuen bake ezti batean bere azken hatsa.

        Errana da Gamaliel legeko doktorak eta gure sainduaren nausi ohiak altxatu zuela, ixillik, bere dizipuluaren gorphutz saindua, eta ehortz-arazi zuela Yerusalemetik zaspi lekhoetan.

 

aurrekoa hurrengoa