www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

San Bartolome

 

        San Bartolome Galileakoa zen bertze apostolu guziak bezala, eta orobat arrantzalea. Leihaltasun handirekin yarraiki zitzaion Salbatzailleari, etzen behinere hastandu harenganik. Baziren apostoluen artean bihurtu zirenak bere arrantzarat Jesusen dizipulu egin izan geroz ere; ordean San Bartolomek etzuen hala egin. Bethi bere nausi dibinoarekin egon zen; hortik beretik haren mirakuillu gehienen lekhuko gerthatu zen. Predikatzen zuen ezin erranezko khar batekin: erakhartzen zuen mundu guzia penitentziarat: sendatzen zituen eriak, eta libratzen etsai gaixtoaz hartuak. Egorria izan zen Albaniarat, eta Indietako bertze bazterretarat. Hedatu zuen guzietarat gure errelijione saindua. Haren mirakuilluak ederretsiak ziren paganoez berez. Konbertitu berrien berthute distiantak seinalatzen ziren gure apostoluak predikatzen zuen herri eta probintzia guzietan. Etsai gaixtoak bereganatzen zuen Armeniako hiri batean populuaren adorazionea mintzarazten zuen idola baten bidez. Ordean gure saindua etzen, hain laster hiri hartan sarthu, non Astarot zaritzon idola hura mututu baitzen alde baterat. Uztekabeko ixiltasun hunek harritu eta laztu zituen ingurutako populuak. Egin zuten bide bertze idola batetarat yakitekotzat zerk ixil-arazi zuen bada Astarot handia. Etsaiak ihardetsi zuen bigarren idol haren ahoz Bartolome, Jainkoaren egiazko apostoluaren presentziak mutuarazi zuela haren laguna. Bertze haren bertze zagoela harentzat ere baldinetariak apostolu hura heldu bazen haren tenplurat. Erran zuen oraino Astarot etzela abiatuko mintzatzen Bartolome urrundu arteraino; gizon saindu hark othoitzten zuela Jainkoa egunean ehunetan, eta gauaz, bertze haren bertzetan; bertze alde, inguratua; zela zeruko aingeru araldeez.

        Nolakoa etzen izan populuaren espantimendua ikhusteaz etsai gaixtoa bera ezin zagokela aithorra eman gabe San Bartolomeren berthute miragarriari! Populuak haren ikhusmin handia zuen; ordean farisauek, beldurrez gal munduak hetan zuen fidantzia, egin zituzten bere egin ahal guziak haren hil-araztekotzat. Ibilhi ziren, hirur egunez, haren ondoan nihon aurkhitu gabe, azkenean ezagutua izan zen erien sendatze, eta egiten zituen bertze mirakuillutarik.

        Gure apostoluaren ospea hedatzen zen guzietarat: Jainko egiazkoaren apostolua eta mirakuillu egillea deithzen zuten. Etsai gaixto fulios batek zarabillan Armeniako erregeren alaba bat. Errege hark bazuen fidantzia San Bartolomeen baitan; haren ikhusteko nahi handi batean bizi zen. Konplitua izan zen haren nahia. Gure saindua hurbildu zen harenganat: agertu zenekotzat eri hura libratua izan zen etsai gaixtotik, eta sendatu zen osoki. Erregek nahi izan zuen seinalarazi bere bihurkhundea, eta saristatu bere alabaren sendatzaillea; ordean San Bartolomek eman zion aditzerat etzabilhala zilhar, urreketan: hark galdetzen zuen guzia zela haren arimaren salbamendua, eta haren populuaren konbersionea. Mintzatu zitzaion hitz hautaz: heldu naiz zuri ezagut-arazterat egiazko Jainkoa, mundu handi hau guzia berak egin duena, bakharra merezi dituena gure amudioa, gure errespestua, eta gure adorazionea. Zure idolak, o! erregea, etsai gaixtoen obrak dire, hek berak adoratzen ditutzu. Zuri ematekotzat erakutsterat egiaz mintzo natzaitzula, nahi dut zure idolen artean osperik gehien duenak aithor dezan, bortxaz bada ere, egia erraten dudala.

        Gure saindua hartua izan zen bere hitzean. Errege yoantzen bere gorthe guziarekin tenplurat. San Bartolome etzen hain laster han agertu non idolarik famosena abiatu baitzen oihuz erraten etzela Jainko, ezin zitekeiela Jainko bat baizik, eta Jainko bakhar hura Jesu-Kristo S. Bartolomek predikatzen zuen hura bera zela. Aithor humiliagarri hunen gainean, gure sainduak manatu zion, Jesu-Kristoren izenean, etsai gaixtoari porroskatzeaz, orduan berean hiriko idola guziak: hala egin izan zen herrauts eginak izan ziren idola guziak. Mirakuillu hunek irabazi zituen izpirituak eta bihotzak: hiri guzia konbertitu izan zen. Zenbait egunik barnean erregek eta haren gorthe guziak ikhasi zuten gure errelijione saindua, eta izan ziren bathaiatuak. Gauza bera egin zuten erresuma hartako hamabi hiri buruzagiek: guziak yarri ziren Jesu-Kristoren uztarri ezti eta arimaren azpian; guziak itzuli ziren Jainkoagana.

        Mirakuilluzko ganbiamendu hau gaitzitu zitzaien idolen aphezei; etzen ordutik arbuiorik baizen heientzat. Ikhusten zuten errege finki lothu zitzaioela gure errelijione sainduari, eta etsitu zuten behinere bihurturen zela idolen adoratzerat. Errege hark bazuen anaia hat Astiajes deithzen zena itsutuki emana idoletarat, eta nausitasun oso bat zuena bere herritan. Anaia zoro hau aspertu zitzaion gure sainduari: gaztiatu zion ethortzeaz haren lurretarat. San Bartolomek etzuen deusere hala bilhatzen nola bere odola isurtzea Jainkoaren ohoretan. Eman zitzaion berehala bideari heltzeko galdetzen zuten lekhurat. Astiajesek eskuratu zueneko gure apostolua, larru-arazi zuen bizi-bizia. Zer suplizio dorphe! zer tormenta asma ikharagarriagorik! San Bartolomek pairatu zituen guziak idolatreak berak espantitu zituen pasientzia miragarrienarekin. Nola mintzo baitzen, tormentapean ere, Jesu-Kristoren Jainkotasunaz, eta fedezko egia handiez, Astiajes barbaroak ebak-arazi zion burua.

        Hiltzenean gure saindua, ikhusi zen mirakuillu bat punimendua zakharkeiena, Astiajes eta hura lagundu zutenak hil-arazteko gure apostolua, hil izan ziren berak ere izan ondoan etsai-gaixtoaz tormentatuak hogoi eta hamar egunez, Giriztinoek altxatu zuten maiteki San Bartolomeren gorphutz errespektagarria. Erroman datza guziez ohoratua.

 

aurrekoa hurrengoa