www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Santa Katalina

 

        Santa Katalina sorthu zen Alexandriako hirian. Iragan zituen lehenbiziko urtheak liburu sainduen eta profanoen istudioan. Nola bethea baitzen izpirituz, urrun hedatu zuen bere yakintasuna. Ordu hartan Maximin zen enperadore, eta bizi zen Alexandrian, Dioklezien bere ama-giharrabaren idurikoa agertu zen; etzuen hark baino herra gutiago erakutsi giriztinoen alderat. Printze kruel hark eman zuen manu bat hitz hauk zakharzkena: gure manuko diren guziei agur eta salutantzia. Gure Jainkoek grazia seinalatu bat egin darokute: zuzen da ager dezagun gure ezagutza ofrendatuz sakrifizioak heien ohoretan. Adiarazten darotzuegu ethortzeaz guregana seinalaraz dezazuentzat, zuek ere, gure Jainkoen alderat izan behar duzuen amudioa. Gertha baledi bakhar bat manu hau konpli ez lezakena, eta bertze errelijione bat lukeiena, yauts-araz lezake Jainkoen aserradura bere buruaren gainerat, eta garrazki laite punitua. Manu hau eman izan zeneko, guziak lehiatu ziren enperadoreari obeditzerat: etzen ikhusten alde guzietan biktimeen kherik baizen.

        Mundua sakrifizioak etsaiari ofrendatzen hari zen denbora hartan berean, Katalinak egiten zituen bere egin ahalak finkatzekotzat giriztinoen fedea. Ematen zaroen begien aitzinerat paganokeriak zirela idolei bihurtzen zitzaizten ohoreak; gizon herbal eta arbuiagarri batzuk zirela Jainko zirelako hek guziak; nihork ezin ekhar ziozokela obedientzia enperadoreari bereganatu gabe zerua eta lurra egin izan dituenaren, eta bakharrik adoratu behar denaren gastigu ikharagarrienak. Horra nola Katalinak bortitzten zituen giriztinoak Jainkoaren lege sainduan. Urrunago heltzen zen haren khar miragarria. Hedatu zen enperadoreaganat, eta galdegin zuen harekin solas egiteko laudamendua. Ordu hura zen enperadorea Jainko faltsoei ofrendatzen hari zen orena. Katalina ungi egina zen eta mintzazaille ederra. Ardietsi zuen errexki enperadorearen aitzinerat agertzeko grazia. Erran zion printze hari bere fede khartsuak ematen zioen fermutasunarekin, itsumendu bat zela hanbat Jainko adoratzea. Arrazoinaren argiak berak aski behar litezkela ikhuslekotzat ez dela Jainko bat baizik, eta ezin izan daitekela gehiago; hura dela gauza guziak kreatu dituena; eta ez balin bazen gai, bere baitarik, hulako egia ageri baten ezagutzeko, erori behar zela bere erresumako doktoreen erranetarat. Bada doktor hek irakhatsi izan zutela etzela Jainko bat baizik, eta noizdik geroz munduak adoratzen zuen Jainko bat baino gehiago: erran zion oraino ahalkagarri zela enperadore batentzat urrundu behar bidean populua Jainko faltsoen adoratzetik, berak hartarat erakhartzea bere etsenplu gaixtoaz. Othoitztu zuen debekatzeaz halako gaitski handia, eta bihur-arazteaz egiazko Jainkoari bakharrik hari zor zaion adorazionea. Erran zioen, azkenean, beldur izateko zuela Jainkoak puni zetzan sakrilio hek guziak, eta seinalaraz zezan bere nausitasun guzizkoa hari khendurik khoroa eta bizia bera.

        Nolakoa etzen izan enperadorearen espantimendua entzutean emazteki bat hala mintzatzen! Asaldatu zitzaion barnea, guziarekin etzuen deuseren iduririk egin. Erran zioen Katalinari haren erran guziek etzutela gibelatuko hasi zuen sakrifizioa; bainan osatua izanen zen ordu beretik, entzunen zuela astiroki. Enperadorea etzen hain laster bihurtu bere palaziorat non erakharri baitzuen Katalina bere aitzinerat. Galdetu zion nor zen? eta nola hartu ahal zuen atrebentzia agertzeko halako bilkhu errespektagarri baten erdirat? Gure saindak ihardetsi zion: ene ethorkia aski ezagutua da Alexandrian, Katalina dut izena, eta ene burasoak herri hautako ohorezkoenetatik ziren. Egiaren ezagutzen iragan dut ene denbora guzia, eta zenbatenaz eman bainatzaio istudio hari, hanbatenaz ezagutu dut adoratzen ditutzun Jainko faltsoen funtsgabetasuna. Etzait badela halako ohorerik eta ontasunik nola izatea giriztino eta Jesu-Kristoren espos. Nik munduan gehienik nahi nukeien gauza da ezagut bazinezate zuk, eta zure erresuma guziak Jainko egiazkoa, utzirik zuen paganokeriak. Horra zerk erakharri nauen zuen tenplurat; erdi agintzen nioen ene buruari eroriko zinela zure onetan diren ene erranetarat.

        Enperadorea etzen aski argitua berak ihardetsteko Katalinari: bil-arazi zituen berrogoi eta hamar filosofo osperik handienetakoak: bere palazioan zaduzkan, eta ekhartzen zioten mundu guziaren yabeak izan balire bezanbat ohore.

        Sarthu baino lehen arrazoinamenduan, aingeru bat agertu zitzaion gure saindari erraterat etzadila izi, Jainkoak hunenbat argituren zioela izpiritua non eskurako baitzituen berrogoi eta hamar filosofoak, eta hekiekin batean, asko bertze hura arrazoinatzen entzunen zutenak; erakharriren zituela batzuk nola bertzeak Jesu-Kristo ezagutzerat, eta helduko zela bera martirioaren khoroarat. Hitz hauk erran orduko, suntsitu zen aingerua. Katalina sartu zen barnetik bortitztua zelarik, ihardukitzeko lekhuan deskantsuzko aire batekin; mundu guziak landatuak zituen begiak haren gainerat, eta bera humiltasun eta modestia guzietan agertu zen. Yar-arazi zuten filosofo hek guzien erdian, eta enperadorearen hurbillean; ezen printze hark etzuen nahi galdu haren hitzetarik bakhar bat ere.

        Filosofo hetarik argituena abiatu zen mintzatzen iguzkiaz haren edertasunaz, haren efetu miragarriez, zioelarik, hark argitzen zuela mundu guzia, hark sor-arazten zituela liliak eta fruituak, bazagokola beraz iguzkiari adoratua izatea. Maximin enperadoreak garaitua zadukan Katalina: etzuen igurikitzen ihardets ahal ziozokela arrazoinamendu bortitz hari. Ordean laster ezagutu zuen bere enganioa. Katalinaren hitz zuhurrek errexki urmariarazi zituzten filosofo haren erran guziak. Huna nola mintzatu zen: iguzkia da (nahi dut) argizagi guzietan den ederrena; ordean egiazko Jainkoaganik du bere distiadura guzia; hark berak goibelarazten du nahi duenean. Hala egin zuen Salbatzaillea hil zenean gurutzean. Ordu hartan iguzkia goibeldu zen egunaren erdian, eta ilhunbeak yautsi ziren lurraren gainerat. Gure saindaren hitz solidoek erakharri zuten filosofo hura hari amor ematerat. Enperadoreak erran zioten bertze filosofoei ager zitezela, hek ere adoratzen zituzten Jainkoen alde, eta sar zitezela arrazoinamenduan. Ordean etziren hartaratu aithortu behar izan zuten ahalkeriarekin enganioan bizi izan zirela orduraino: erran zuten haltoki etzela Jainko bat baizik, eta ekharriak zirela isurtzerat bere odola egia hunen sustengutan.

        Ederrets dezagun graziaren indar miragarria. Nork sekulan erranen zuen emazteki batek garaituren zituela yakintasunean filosoforik famatuenak! Enperadorea eman zen sumindura handitan: kondemnatu zituen surat haren idolei ukho eginik heldu ziren filosofo zuhurtu berriak. Yasan zuten martirioa animo handirekin handik laster izan zen Katalinaren aldia. Enperadorea aspertu zitzaion gure saindari; eta eman-arazi zuen presondegian. Katalinaren bihotza sustatzen zuen kharra etzen behinere iraungitu. Presondegian berean mintzo zen, libertatean bezala, idolen adoratzeko erhokeriaz itzul-arazi zituen Jainkoaganat enperadorea beraren emaztea, eta armadetako aitzindari bat berrehun soldaduekin batean. Guziek pairatu zuten allegeraki martirioa Jesu-Kristoren ohoretan. Korte bera izan zuen Katalinak. Ebaki zitzaionean burua, errana da odolaren orde, esnea zarioela haren zauriari. Esne hark ematen ahal zuen ezagutzerat biktima sakrifikatuaren inozentzia. Irakurtzen dugu aingeruak yautsi zirela zerutik altxatzerat Santa Katalinaren gorphutz preziatua, eraman zutela Sinaiko mendirat, eta han ehortzi zutela lorifikatzen zutelarik Jainkoa bere laudoriozko kantikoez.

 

aurrekoa hurrengoa