www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

San Fabiene eta San Sebastiene

 

        San Sebastiene seinalatu zen fedearen fagoretan; elizaren sustengua deithzen ere zuten. Sorthu izan zen Frantzian, Narbonnako hirian. Altxatua izan zen giriztinotasunean. Emetasunak, prestutasunak eta zituen bertze milla dohainek ezagut-arazi zuten (dio San Anbrosiok) enperadoreen korthean. Bereganatu zuen Dioklezien enperadorearen fidantzia, eta egin izan zen haren goardeen buruzagitzat.

        San Sebastiene martirioaren hirritsan bizi zen; ordean gordetzen zuen bere nahia. Hartu zuen eman zitzaion kargu ohorezkoa hobeki laguntzekotzat persekutatuak ziren giriztinoak. Etzituen guphidetsten bere ontasunak eta bere egin-ahalak hek finkatzeko Jainkoaren alderako leihaltasunean. Giriztinoz betheak ziren presondegiak. Yasan-arazten ziotzoten tormentek kordokatzen zuten hetarik zenbaiteen fedea; bertze batzu ekharriak ziren ukho egiterat gure errelijioneari begiratzekotzat bere biziak. San Sebastienek sustatzen zituen khar saindu batez batzuen eta bertzeen bihotzak, eta erakhartzen. zituen fermu egoterat bere fedean. Bera zohan hekin ondotik heien burreuen oinetarat, berak animatzen eta bortizten zituen gure errelijione sainduan azken hatseraino. Molde huntan ematen zen, egunoroz, bere bizia galtzeko menean nahiz salbarazi bertzeak.

        Mark eta Marzelien Erromako bi presuna ohoratu izan ziren preso altxatuak giriztino zirelakotzat. Estiratu zituzten, eta hiltzerat zaramatzaten; ordean heien buraso, emazte eta ume oraino pagano zirenak eman ziren yuiearen oinetan, eta gibel-arazi zuten ilhabete batez, bere othoitz minez eta nigar marrazkez, bi kondemnatu heien heriotzea. Zer etzuten egin ahaide desolatuek iharrostekotzat Marken eta Marzelienen fedea! ordean San Sebastienen hitz sarkhorrek erakharri zituen leihal egoterat fedearen alderat: gehiago dena, konberti-arazi zituen hekin burasoak, emazteak era umeak; eta mintzarazi zuen muthu bat. Sendatzen zituen arimetako gaitzak bathaioaren bidez, eta gorphutzetakoak bere mirakuilluez.

        San Sebastienek eragin zituen konbersionetan gehienik ederretsi behar duguna da Kromaze yuiearena. Kromaze hunek erakharri zuen bereganat Marken eta Marzelienen aita, yakitekotzat hea eskuratu zituen bere bi semeak, eta hea utzi zuten Jesu-Kristoren errelijionea. Zer espantimendu yuie haren baitan entzun zuenean bi kondemnatuak etzirela batere erori bere familieen othoitz eta nigarretarat, ekharriak zirela gogotik pairatzerat heriotzea Jainkoaren ohoretan! Zer espantimendu oraino yuie beraren baitan yakin zuenean Marken eta Marzelienen aitak ere besarkatu zuela gure errelijione saindua! Buraso zuhur hark erran zion Kromazeri: milletan dohatsu gara ene semeak eta ni ezagutzeaz egia, eta Jesu-Kristoren erreliionea, ez denaz geroz, hartaz landan, salbamendurik. Yuieak erran zion: erhotu haiz naski zahartzerat: aita hark ihardetsi zion: ez naiz erhotu. Aitzitik, giriztino eginez geroztik hasi naiz zuhurtzen. Ez ahal da erhokeria handiagorik nik orai arteraino izan dudana, eta orai zuk duzuna baino. Baiki, utzten duzu egia, eta yarraikitzen zaizko gezurrari; nahiago duzu bizi zenbait egun bakharrez, ezen-ez eternitate guzian. Yuieak erran zion aita hari: ezagut-araz diezadak bada egiazko errelijionea Jesu-Kristorena dela. Bertzeak ihardetsi zioen: bai, ene yuiea, eginen dut zuk galdetzen duzuna baldin entzun nahi bagaitutzu ni eta Sebastien Jauna.. Etzen behar izan solas luzerik suntsi-araztekotzat yuiearen izpirituko ilhunbeak; laster ezagutu zuen fedearen argi salbagarria. Konbertitu izan ziren bera eta haren etxeko guziak; haren hamalau ehun gathibu ere izan ziren bathaiatuak, eta libertatean emanak.

        Persekuzionea aitzinatuz zohan Erroman. Yuie konbertitu berria hiri hartaz kanpoan bizi zen utzirik bere kargua, eta bere etxea, zeina baitzen giriztino persekutatuen ihes lekhua. Nahiko zuten erakharri Sebastiene ere etxe bererat persekuzionea yabal arteraino; ordean Erroman gelditu nahi izan zuen gure sainduak giriztino presondegitan zirenen laguntzekotzat. Aita-sainduak eman zion hirian gelditzeko laudamendua. Beharrik zutela haren laguntza martiriorat kondemnatuak zirenek. Aiphatu dugun yuie konbertitu berriaren familia guzia kruelki izan zen tratatua. Batzuk ebakiak izan zituzten buruak, edo izan ziren bizirik ehortziak, bertze batzu izan ziren itzatuak, edo artikiak itsasorat.

        Martir hek guziek Sebastienen khar miragarriari zioten zor bere zoriona. Sebastienek yasan zuen berak ere handik laster martirioa. Berria hedatu zen konbertitzen zituela paganoak, eta gibelatzen giriztinoak adoratzetik idolak. Erregek erakharri zuen bere aitzinerat gure gizon saindua; erran zion esker gabe izatea zela yautsarazi nahi izatea haren buruaren eta haren erresuma guziaren gainerat paganoek adoratzen zituzten idolen punimendua, eta hedatzea haren palazioraino errelijione berri bat, erresuma guziarentzat kaltiar zena. Sebastienek ihardetsi zion enperadoreari errespekturekin, fagore handi bat zela harentzat eta haren erresumarentzat zerbitza zezan Jainko egiazkoa eta bakharra; etzela printze batentzat halako irabazirik nola Jainko faltsoen arbuiatzea, ez eta halako zerbitzari leihalik nola gauza guzien kreatzaille soberanoa adoratzen zutenak. Gaitzitu zitzaion Dioklezien enperadoreari Sebastienen solas zuhurra; estekarazi zuen zur bati, eta eman zuen manua hil zezaten fletxa kolpeka. Manu barbaro hau izan zen konplitua. Irena alhargunak nahi izan zuen ehortzi, ondoko gauean, gure sainduaren gorphutza; aurkhitu zuen bizi-bizia, eta altxarazi zuen bere etxerat. Sebastiene, sendatu izan zenean, athera zitzaion biderat enperadoreari, eta erran zion: zergatik utzten zara itsutzerat? Nola eman dezakezu zure sinhetstea giriztinoen kontra erraten zaizkitzun gezurretan? Yakin ahal dezakezu ez direla zure etsaiak, eta hek direla zure zerbitzari hoberenak. On da yakin ezazun oraino laguntza handi bat aurkitzen duzula heien othoitzetan.

        Dioklezien harritu zen entzuteaz gizon bat billa zadukana. Erran zion gure sainduari: hi haiz bada fletxa kolpez hil-arazi dudan Sebastien hura? Sebastienek ihardetsi zion: hura eta bera naiz. Jainkoak begiratu du ene bizia munduari emateko erakutsterat giriztinoen alderat egiten duzun inyustizia kruela: enperadorea eman zen egundaino baino sumindura handiagoan. Eho eta hil-arazi zuen, makillaz, Sebastien saindua. Haren gorphutza Erroman aurkhitzen da.

        Fabien Erromarra mirakuilluz izan zen altxatua aita-saindutasunerat: batzuk bat, bertzek bertze bat nahi zuten aita-saindutzat. Guziak laster konpuntu ziren ikhusi zutenean yautsten zerutik uso bat Fabienen buruaren gainerat; ordu beretik abiatu ziren, boz batez, erraten Fabien izan behar zela aita-saindu. Fabienek egin zituen, bere egin ahalak ihes egitekotzat halako ohoreari; ordean ezin hartarik gibelatu zen. Fabienen khar saindua seinalatu zen denbora guziez, eta beregainki bizitze gaixtoa zaraman aphezpiku baten alderat. Sainduki gobernatu zuen ondoan eliza, hama-hirur urthez: pairatu zuen martirioa.

 

aurrekoa hurrengoa