www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

San Agustin aphezpikua eta doktora

 

        San Augustin aphezpikutasunaren ohorea, eta mundu guziaren argi distiosa, sorthu zen Afrikan. Patrize zuen izena haren aitak, eta Monika haren amak. Gaindi egina zen izpirituz: guti istudiatzen zuen lehenbiziko urthetan, halarik ere ikhasten zuen nahi zuen guzia. Ama sainduak egin zituen egin ahalak bere semea Jainko legean altxatzekotzat; ordean pasionek zoratua zadukaten Augustin handia. Etzuen bere burua baizik aditzen. Libertate sobraniazko batek gaixtatu zuen haren bihotza: eman zitzaion arras libertinkeriari. Bere sor lekhuan egin zituen lehenbiziko eskolak. Egorri zuten gero Kartajerat. Ezagutzak egin zituen hiri hartako gazte bera bezalako deserregelatuekin. Ala gostatzen baitzitzaion Monika sainduaren errelijioneari ikhusteaz bere semea bide gaixtoan! Bere zoramendu guziaren erdian, Augustin orhoitzen zen, noizetik noizerat, bere ama prestuaren hitz eta abisu zuhurrez, eta haren bihotz gaixtatua iharrosua aurkhitzen zen, denbora gutirentzat bazen ere. Bethidanik bazuen berthutearen alderako yaiduraren funts bat. Damu gaixtorik utzi zituela pasioneak nausitzerat. Atseginekin irakurtzen zituen Zizeronen obra ederrak; ordean berak erraten daroku hetan ezagutzen zuela eskas bat zeina baida ez aiphatzea Jesu-Kristoren izena. Libertinkeriari emana denak errexki egiten dio prestutasunari ukho. Hala gerthatu zitzaion Augustini. Sarthu zen Manikeenak deithzen ziren heretikoen enganio galkhorretan, berak aithortzen zuelarik arren sentsu onaren kutsurik etzela heien arrazoinamenduan.

        Monika saindua etzen behinere baratzen Jainkoari othoitz egitetik bere semearen fagoretan; errekeritzen zuen urrikalmendu izateaz haren arimaz. Deklaratu zion bere bihotz mina aphezpiku saindu bati, zeinak kontsolatu baitzuen erraten zioela: zohazi, ene alaba, egitzu gerorat ere orai arteraino bezala, othoitzak eta nigarrak, eta ez da izanen errana galdu dela ume bat hanbat nigar gozo gosta dena. Ezin erran daite zenbatetaraino hedatzen zen Augustinen yakintasuna. Erhetorika irakhats zuen Erroman, Kartajen eta Milanen: bereganatzen zuen guzietan munduaren admirazionea. Sarthu zeneko Milango hirian, lehiatu zen ikhusterat Anbrosio hango aphezpikua. Gizon saindu hunek hartu zuen haren bihotzaren irabazteko gai zen arraitasunarekin. Augustin bazabillan Anbrosioren predikutarat, eta laster sentitu zuen bere kontzientziako harra. Ordukotzat konfunditu zuen Manikeen arteko aphezpikurik famosena elkharrekin izan zituzten solasetan: arbuiatzen zuen heresia hura. Oxala emazteki dohakabe batekin zaraman bizitze gaixtoak ez balu gibelatu besarkatzetik errelijione katholikoa; zakien arren hura zela bakharrik egiazkoa!

        Monikak etzuen nihon sosegurik bere semea gabe; hedatu zen Milanat agian Jainkoarenganako zuela Anbrosio sainduaren laguntzarekin. Aurkhitu zuen bere seme maitea, ez, (egia da) pulunpatua lehen bezala Manikeeneen heresian; ordean oraino giriztino egin beharra. Amaren othoitz minek, eta Anbrosioren hitz sarkhorrek erakharri zuten Augustin handia solasean sartzerat Sinplizien zaritzon aphez prestu batekin. Sinpliziene mintzatu zitzaion zaraman bizitze gaixtoaz, eta konbertitzeko zuen premia handiaz. Kordokatua aurkhitzen zen Augustinen bihotza: bazakien, sentitzen ere zuen etzela bide onean; nahi zen konbertitu; ordean etzitzaion behinere finki lothzen obra handi hari.

        Aliperen eta Augustinen adiskide Pontizien deithzen zenak, ediren zuen liburu saindu bat Augustinen gelako mahainaren gainean. Jainkotiarra zen adiskide hura, atsegin hartu zuen liburu on hura han edireteaz. Mintzatu zitzaien bi adiskide hei liburu saindu hark eragin zituen konbersione ederrez, ekharri ere zituen etsenplurik ukigarrienak. Pontizien bere etxerat bihurtu zenekotz, Augustin altxatu zen bere lekhutik bihotza graziaz sustatua zuelarik, eta erran zion Aliperi: zer hari gare, ene adiskide maitea? Zertan daramagu gure denbora? errana izanen da bada deusere ez dakiten batzu sarthuko direla zeruan, eta gu, gure yakintasun guziarekin lurrean herrestan ibilliko garela? Zer bada? zeren gu baino zuhurrago izan diren, eta zeren aitzindu gaituzten, hori izanen da arrazoin edo estakuru bat ez hei yarraikitzeko? Horrekin batean badoa, hitzik erran gabe, baratzerat; Alipek ere hartzen du bide bera, baratzearen bururat zirenean, Augustinek utzten du bere laguna, artikitzen du bere burua lurrerat, eta mintzo da hunela nigar marrasketan: noiz arteraino, Jauna, noiz arteraino egorriko dut bada biharamunerat egun egin ahal dezakedana? Zergatik ez dut orai berean eginen bihar egin dezakedana? Hitz hauk erratearekin entzun zuen zeruko boza bat zioena: har zazu, eta irakur azu, har zazu eta irakur azu. Augustinek ez du hain laster entzuten boza hura non altxatzen baida lurretik, eta baidoha Alipegana: hartzen du eskutarat adiskide haren aldean utzi zuen Yaun-doni Paulen guthuneen edo epistolen liburua, zabaltzen du, eta begitarat heldu zaizko hitz hauk: urrun zaite libertinkeriatik, plazer lizunetarik, eta eman zakizko Jesu-Kristori. Hura izan zen oren dohatsua Augustin bere konbersioneari finki lothu zitzaiona. Alipe ere itzuli zen, ordu berean, Jainkoaganat. Eraman ziotzoten bere berri kontsolagarriak Monika sainduari. O! zer bozkario ama bihotz onetako, eta Jainkotiar harentzat!

        Augustin urrundu zen hiritik largatzekotzat bere burua oso-osoa othoitzari; yarraiki zitzaion Alipe bere adiskide maitea. Handik laster batak eta bertzeak errezibitu zuten bathaioa Anbrosio sainduaren eskuz. Augustinek bazituen ordu hartan hogoi eta hama hirur urthe. Gaitz zitzaion mundu-pean salbatzea. Bilhatu zuen Afrikan lekhu gisako bat penitentzia, eta nigar egiteko bere bekhatuez. Monika nahiko zitzaion yarraiki bere seme maite, eta egundaino baino maiteago zuenari; ordean Jainkoak deithu zuen beregana. Semeak minki auhendatu zuen bere ama maitea, hanbat nigar harengatik isuri izan zuena. Emazte saindu hura hil izan zen Ostia darirzon hiri batean. Handik hirur urtheen buruan, Augustinek nahi izan zuen konbertitu Hiponako hirian bere adiskide bat: hura zen aitoren seme handi bat, merezimenduz bethea, eta gure sainduaren galdea zuena. Balera Hiponeko aphezpikuak yakin zueneko Augustin hiri hartan zela, erran zion populuari bazuela aphez baten beharra bere eginbideen bethetzekotzat. Hiri guziak bazakien Augustinen berthutearen eta yakintasunaren berri, eta guziek hura nahi zuten aphezpikuaren aphez laguntzaille; ordean ezagutzen zuten gure sainduaren humiltasuna; beldur ziren beraz etzuela izan nahiko altxatua apheztasunerat. Zer egin zuten? hartaz yabetu ziren eliza bethean batere entzun gabe haren arrazoinak ez eta othoitzak. Augustinek eman behar izan zion bortxari amor: ordenatua izan zen aphez Baleria aphezpikuaz.

        Gure sainduak eragin zuen komentu bat Hiponeko hirian: bildu zen harat mundutze handi bat batean bizitzerat pobrezian, barurean eta othoitzean. Explikatu zuen konzilio batean fedearen sinbola hunenbat yakintasunekin, non altxatu baitzuten, bere bortxa, aphezpikutasunerat. Heretiko guziak laztu eta ikharatu ziren entzun zutenean San Augustin aphezpiku zela: arrazoin ere bazuten; ezen yazarri zioten khar saindu batekin. Hartaz mintzo zen mundu guzia: orakle batentzat zadukaten bazter guzietan.

        San Augustinen humiltasunak etzion deusere zor haren yakintasunari. Ez bide da gizonik hark baino gehiago beheratu duenik bere burua. Orhoitzen zen bere ez deustasunaz, eta etzitzaizkon behinere ahantzten bere gaztetasuneko zoramenduak. Humiltasunak erakharri zuen egiterat bere kofesioeen liburua: nahi zuen yakintsun egin mundu guzia bere gazte denborako flakeziez, eta suntsi-arazi bere saindutasunaren fama zuzen-bidezkoa.

        Hiponako hiria izan zen armada handi batez sethiatua. Baziren aphezpikuak bere elizak, eta populuak utzi zituztenak etsaieen beldurrez. Bertzela egin zuen San Augustinek, etzen behinere hastandu bere populu maiteaganik. Erakhartzen zuen bihotza Jainkoaganat altxatzerat; eta berak nigarretan zaramatzan gau egunak. Othoitzten zuen Jainkoa ez guphidetsteaz artzaina, eta begiratzeaz ardiak. Ezagutu zuenean hiria erortzerat zohala etsaien eskutarat, errekeritu zuen Jainkoa arren eraman zezan mundu huntarik ikhusi gabe egun dohakabe hura. Entzuna zan zen haren othoitza: hil izan zen etsaiak Hiponako hiriaz yabetu gabe. Hartu zituen sakramenduak fede bizienarekin, eta Jainkoaren alderako amudio khartsuenarekin. Haren gorphutza Italian da, Paviako hirian.

 

aurrekoa hurrengoa