www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Yaun-doni Martia

 

        Yaun-doni Martia Hongriako zen ethorkiz: idolatreak zituen burasoak. Aitak nahiko zuen gibelatu Jainkoa adoratzetik; ordean ezin egin zuen. Martin, haurdanik, bathaiatua izateko nahi handian bizi zen. Sarthu zen hamabortz urthetako enperadorearen zerbitzuan. Bizitze saindu bat zaraman hartu zuen ofizio lerragarrian giriztino etzen arren. Pobreen alderako karitateak egiten zuen beregainki haren berthute maitea. Sartzen zelarik Amiens daritzon Frantziako hiri batean, bathu zuen pobre eskaille bat, guzia bulhuzia, eta hotzak erdi hilia. Dirurik gabe aurkhitzen zen, eta etzion bihotzak ematen utztea pobre hura laguntza gabe. Erran behar da urrun hedatzen dela karitatea! Martinek hartzen du bere ezpata, egiten du bere kapa bi zathi, eta ematen dio haren erdia pobre urrikalgarri hari. Lagunek ikhusi zutenean Martin kaparen erdiaz estalia, abiatu ziren hartaz burlatzen; etzen bizkitartean egundaino izan orduan bezain berreginki emana; ezen kapa ondar hark ematen zion karitateari datxeikon distiadura guzia. Etzuen deusere galdu laguntza haren egiteaz, aitzitik zer etzuen irabazi? Jesu-Kristo agertu zitzaion, ondoko gauean Martini, erraten ziotelarik ingurutan zituen aingeruei: Martin, oraino bathaiatua ez denak eman darot yaunstura hau.

        Martinen bihotza ezagutzaz bethea izan zen Jesu-Kristoren alderat. Eman zion bere gogoan utzi behar zuela lurreko erregeen zerbitzua sartzekotzat zerukoenean. Izan zen bathaiatua, eta galdegin zuen zerbitzutik atheratzeko laudamendua: galde hura egin zuen armada gudukatu behar zen denboratsuan. Erran zitzaion izitua zela, eta etzuela animorik utzi nahi zuenaz geroz gerlako ofizioa gudukatu behar zen orduan. Martinek ihardetsi zuen: begira nazazue hurbildik guduko eguneraino, eta eman nazazueke armada guziaren aitzinean; ez dut bertze harmarik nahi, baizik gurutzearen seinalea, orduan ikhusiren duzue animorik badudan, ala ez; ezagutuko duzue ez dudala etsaiaren, ez eta herioa beraren beldurrik; gauzak etzuen izan lekhurik. Etsaiek galdetu zuten bakea, eta bihurtu ziren bere herritarat. Eman zitzaion Martini armada utzteko laudamendua, eta yarri zen oso-osoa Jesu-Kristoren zerbitzuan.

        San Hilario Poitiersko aphezpikuaren saindutasunaren fama hedatu zen Martinen beharritarat; yarri zen nausi handi haren azpian, eta aitzinatu zen berthutean. Jainkoak ezagut-arazi zion konbertitu behar zituela bere burasoak; eman zen beraz bidean bihurtzeko bere herrirat. Alpetako menditarik iragaren zela erori zen ohoinen eskutarat; hetarik batek arraillatzer zioen burua, altxatu ere zuen besoa: dohatsuki, bertze batek begiraru zuen kolpe kruel hartarik. Ohoinek amarratu zuten gure saindua, eta eman bere arteko lagun baten goardiaren azpian; gaixtagin hunek galdegin zion Martini nor zen; Martinek ihardetsi zuen: ni naiz giriztino bat. Gaixtaginak erran zion: nonbeit zure beldurra ez bide da arina. Gure sainduak ihardetsi zuen: ene Jainkoa aurkhitzen da behar ordu guzietan, eta ez dut egundaino izan orai baino beldur gutiago. Hunela mintzatzeko fermutasun laudagarriak hautsi zuen hura zaindu behar zuenaren bihotza. Utzi zuen ordu berean bere ofizio gaixtoa, eta sarthu zen fraide penitentzia egiteko.

        Martinek konbertitu zuen bere ama, ez ordean aita. Ezin egundaino eskuratu zuen buraso zahar eta buru gogor hura. Ariena heretikoak bekaxtu zitzaizkon gure fedearen fagoretan agertzen zuen khar miragarriari; azotarazi zuten mundu guziaren bistan, eta khendu zuten aurkhitzen zen lekhutik. Eman zen Milango komentu batean; khendua izan zen handik ere; sarthu zen mortuan, eta basa belhar xoilez bizi izan zen lekhu agor hartan. Denboraren buruan, bihurtu zen Frantziarat San Hilario bere nausi ohiarenganat; eragin zuen Poitiers hiritik hurbil komentu bat; sarthu zen bera ere han, eta bizi izan zen saindutasun guzian.

        Hil zenean Toursko aphezpikua, artiki zituzten begiak Yaun-doni Martiaren gainerat haren izendatzeko hiri hartako aphezpikutzat. Guziek bazakiten ohore era handitasunen ihes zabillala: atherarazi zuten komentutik eri baten ikhusteko estakuruan, eta bortxatu zuten aphezpiku izaterat. Martinek ezinbertzez ikhusi zuen bere burua kargu handi hartarat altxatua. Bethetzen zituen zorrozki aphezpikutasunari datxeizkon eginbide guziak, eskasik batere egingabe fraide saindu batek konplitu behar dituenetan. Zenbat mirakuillu etzuen obratzen gure sainduak? Artiki-arazi nahi izan zuen lurrerat haritz lodi bat paganoek etsai gaixtoari konsekratua. Pagano batek hartaz burlatzeko erran zion berek ebakiren zutela haritz hura nahi balin bazuen hartu bizkarrean lurrerako zenean. Nola Jainkoa baitan fidantzia handia baitzuen gure sainduak, ihardetsi zion hartaz burlatzen zen paganoari eginen zuela hark zioen bezala, utzi ere zuen bere burua amarratzerat haritza erori behar zen lekhu berean. Giriztinoak ikharatu balin baziren beldurrez gal bere aphezpiku saindua, hala-hala, paganoak bozkario guzietan ziren uzte zutelakoan hiltzerat zohala zuten etsayik handiena. Yaun-doni Martiak etzuen egin eskua altxatzea, eta bere burua seinatzea baizik, haritz lodi haren gaineraterortzerat zohana erori zen bertze alderat; sendatu zuen lepradun bat musu emanik; aski zen ukitzea haren soinekoak, iskribatzen zituen guthunak edo letrak, edo haren etzantzaren lastoa, eta ordu beretik, sendatuak ziren gaitzik zaharkituenak.

        Yaun-doni Martiak nahiko zuen ardietsi enperadorearen laguntza buru eta gudu emateko heretikoei; ordean enperadorearen emazteak etzuen utzi palazioan sartzerat. Zenbeit egunen buruan, iragan zen, aingeru baten manuz, goardiaria guzien erditik, nihork ikhusi gabe, eta hedatu zen enperadorearen gelarat: printze hark etzion egin, hastean, begitarterik batere; ordean ikhusi zuenean bere burua bet-betan suz inguratua, altxatu zen bere alkhitik, besarkatu zuen aphezpiku saindua, eta bihurtu ziotzon ohorerik handienak. Yar-arazten zuen bere mahainean, eta bere aldean. Ekhartzen ziotenean edateko basoa, eman-arazten zion lehenik Yaun-doni Martiari, berak haren ondoan edatekotzat. Aphezpiku sainduak gehiago zadukan bere diakrea ezen-ez enperadorea, printze hari baino lehen eskaintzen zion bere diakreari edateko basoa. Gure sainduaren egiteko moldea etzitzaion batere gaitzitu enperadoreari; etzuen aitzitik laudoriorik baizen hartaz. Enperadorearen emazteak eman zion Yaun-doni Martiari othuruntza bat bere eskuz aphaindua, eta berak zerbitzatu ere zuen mahainean. Zer ikhusgarri aphezpiku pobre bat, arrotza, gaitski emana soinean zerbitzatua aurkhitzen da printzesa handi batez! Ala askotan, mundu huntarik beretik ohore hainitz baidarraio saindutasunari!

        Yaun-doni Martia zuzentasuna bera zen; etzuen nihor arinki yuiatzen eta kondemnatzen; nihork etzuen behinere ikhusi aserre, ez eta puntzu. Bethi orobat zen boz eta allegera. Etzen mintzo hitz edifikagarrienen errateko baizik. Entzun zueneko bazela zenbait eskatima haren diozesako eliza batean, zer lehiarekin etzen harat hedatu izpirituen baketzerat! Ezagutu zuenean gutitzen zitzaizkola indarrak, etzan zen ahoz gora lurrean ikhustekotzat hain maite, eta hanbat bilhatzen zuen zerua. Haren dizipuluak nigarretan zauden haren ingurutan: nahi izan zuten eman lasto guti bat haren azpian; ordean aphezpiku sainduak etzuen nahi laguntza arin hura ere: berantetsia zadukan bere Jainko maiteaz gozatzeko oren dohatsua, halarik ere, huna nola mintzatu zen, bihotza zerurat altxatzen zuelarik baldin, Jauna, ene populuak ene beharrik badu, ekharria naiz nekhea yasaterat, egin bedi zure nahia. Jainkoak saristatu zituen gure sainduaren berthute miragarriak deithurik beregana.

        Yaun-doni Martiaren gorphutza egon izan da osorik, lau ehun urthez, Toursko elizan mundu guziaz ohoratua. Huganotek erre zuten ondikoz! erleki preziatu hura Toursko hiriaz yabetu zirenean. Gelditzen da oraino hiri hartan berean haren besoko hezurra.

 

aurrekoa hurrengoa