www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa  

Eraskina

        Eskuara

        Eskualdun ezten jendea, erdaldun bat izan dadiela errengurarik eta axolarik gabe gure mintzaira maiteaz, eluke horrek gauza handirik erran nahi. Zer dohakigu guri ere erdaldunak mintza ditezela gisa batera edo bertzera? Erdaldun batzuk begietan hartua izan dezatela eskuara; banoha urrunago, egin detzatela zazpi eginahalak gal dadien lehen-bai-lehen, hori ere adi liteke hein baterainokoan.

        Bainan nihola ere adi eztezakedana da nola Eskual-Herrian sorthuak diren eskualdun-seme batzuk eztuketen gehiagoko atxikimendua beren amaren altzoan ikhasi mintzairarentzat; nola izan ditezken ekharriak hain errexki eskuararen bazterrerat uztera.

        Eskual-zale egiazko bat dohakotela halako hekiei erraitera eluketela eskuara galtzerat utzi behar; bainan, ihardesten ezpadute ere eskuaratik zer atherako duten? Eskuarak zer emanen dioten? Hek, aitzina ere, berdin ezaxol izanen baitire, eta amodiorik gabe beren haurreko mintzairarentzat.

        Eta bizkitartean bertzelako ikustaterik zor ginioke bai, gure eskuara ederrari.

        Eskuarari esker dakiguna

        Eskuaraz mintzo garenek badakigu gure arbasoak nor eta zer ziren. Liburuek erraten darokute, gerlaraz geroz, eskualdunak gizon gaitzak zirela zenbat-nahi borthitzak balin baziren ere Erromako armadak; eta garhaitu bazituzten ere bazter guzietako jende-aldeak, ezin garhaitu ahal izatu zituztela eskualdunak, egundaino ezin landatu ahal izatu dituztela beren banderak Bizkaiko mendietan.

        Liburuetarik badakigu oraino gure arbasoek askotan buru emateko izatu dutela, batean Erromako armadei, bertzean moroei, edo oraino frantsesei, eta buru eman dutela nihoiz amorrik eman gabe, eta amor eman orde jo eta zafratu dituztela behin baino gehiagotan erromanoak, moroak, frantsesak, eta bertzerik ere bai.

        Hainitz liburutan irakurt ditekena oraino hau da: lazgarri zela ikustea eskualdunak nolako kopetarekin jartzen ziren etsaiari buruz, ez bakarrik beren herrian zirelarik, bainan, herritik atheraiak, bertze armada batzuetan ere.

        Hitz batez badakigu eskuaraz mintzo garenek, urean ez leihorrean, nihoren beldur etziren gizon batzuen semeak garela.

        Eta horrelako gauzaren jakiteak eztikela deus baliorik?

        Deusik ez balio jakiteak gure arbasoak eta aitak nolako gizonak ziren? Deusik ez balio nolako aitoren semen haurrak garen errateko ahalak?

        Ezta bada hori niri iduritzen zaitana.

        Eskuarari zor diogun ona

        Bada nork daki zenbat mende eskualdunak gure oraiko herri hautan direla. Non dire aldiz lehenago, erromanoen denboran, Frantzian, Espainian eta Italian ziren bertze jende-aldeak? Hek guziak ithoak edo urthuak nonbeitik ethorririkako jende basa batzuen artean.

        Eskualdunak aldiz, aitzina ere eskualdun egotu. Bazakiten eta jende alde hetarik batzu edo bertze beren arterat hartuz, beharko zutela galdu, lurra bezein ongi, beren mintzaira ere, eta hortakotz etzituzten Eskual-Herrian kokatzerat utzi, Eskual-Herrian berak izanen dire aintzina ere zein bere etxeko nagusi eta jaun.

        Eskatima biderik izan dezatela beren artean, eta han dute Lege-Zaharra jakiteko zeinek duen hobena, eta aldiz kanpoko etsai zenbeitek nahi balin badiote egin bidegaberik, orduan denak elkharretara bil, eta zainduko dituzte ederki beren herriak.

        Non zitezken hobeki eskualdun egoteko eta ere puliki bizitzeko? Nihorat joan gabe, bazituzten hemen berean haran eta zelhai ederrak bihiarentzat, mendi gizenak azienda xehe eta larri guzientzat, itsas zabala ere arrantzako.

        Oraiko egunetan ere nongo gizon gazteak dire eskualdunak baino hobeki ikusiak, dela armadetan, dela untzietan? Eskuarak iduki baikaitu bertze jende mota guzietarik berex, eta lehenagoko eskualdun aiphatuen odola baita oraino gure zainetan.

        Eskuarari zor diogun bertze on bat

        Eskuara da oraino begiratu gaituena bertze hainbertze eskualdetako jendeak bezein zar eta lazo bilhakatzetik. Zeren-eta gaixtaginek eta halaber erlisionearen etsaiek ez jakin gure mintzaira, eta gure herrietarik kanpo egon behar izatu dute, harro-arazi gabe, nahi zuketen bezala, gure arbaso eta aiten buruak, khendu gabe hekien bihotzetarik lehen-lehen denboretarik hunat hartua zuten erlisione sainduarentzateko amodioa.

        Ongi eztena

        Egia da oraiko egunetan bertzelako airerik eta haizerik ere badela bazterretan. Frantziako eta Espainiako aintzindarien meneko bilhakatuak, ezpalin bagare ere jadanik eginak zein gure aldeko erdarari, bederen ederki egiten hari gare.

        Lana frango hemendik hamar-bat urtheren buruko, ikusten bada, gure hiri ttikietan, beren artean eskuaraz hitz egiten duken haurrik.

        Eztut erran nahi gaizki dela erdararen ikhastea; bainan ongi eztena da eskuararen uztea frantsesez edo españolez mintzatzeko.

        Eskuararen etsaiek zer atsegina ikusten ahal baginituzte denak erdarari lothuak, denak erdaldun bilhakatuak!

        Bainan ez, eztute holako irririk eginen, bertzelako ikustaterik zor diogu eskuara gure Ama onari.

        Eskuararen ederra

        Aithortzen dugu iphar aldetik eta hegoagotik hartuak eta hestutuak gauzkaten mintzairak, biak latinaren umeak, ederki iresiak direla, aphainduak eta aberastuak ere bai, mintzaira arrotzei harturikako hitzei esker; eta halarik ere eskuara, zenbat-nahi histua balin bada-eta, hastapenean zuen edertasunetik, eskuara ager diteke bi mintzaira haukien eta gainerakoen aitzinean.

        Ezen latina eta greka bezein ongi Jainkoak emana dugu, eta bertze mintzairekilako nahastikarik gabe gelditua da.

        Damurik lurrak hazi dituen gaimen handiko hainbertze eskualdunetarik bati ez bati, ezpaitzaio gogoratu behar zituela agerian ezarri eskuarak bere baithan dauzkan aberastasunak!

        Erran nahi baita gure mintzaira ederra egotua dela, atzeman ondoan batere lanthua izan gabe, utzia liteken harri baliosa bezala.

        Eta halarik ere beha gaiten zer dioten mintzaira hortaz zerbeiten errateko zuzena duten jakintsun batzuk:

        Jakintsunek zer dioten eskuaraz

        —Huna lehenik Atxular, hamazazpigarren mendean Sarako erretor zena.

        Omen handiko liburu-egile hunek dio: «Iduri luke bertze mintzaira guziak elkharrekin nahasiak direla; eta aldiz eskuara bere lehenbiziko garbi hartan dago.»

        —Hemezortzigarren mendean, bertze jakintsun handi batek, Larramendi jesuistak, iskribatzen zituen hitz hauk:

        «Nahi baduzue jakin eskuara zer den, beha zakizkote bertze mintzairarik ikhasi eztuten jende batzuei, nola mintzo diren beren artean; eta zu xoratua egonen zare zein den gozoa, argia, bizia, garbia eta xuxena.»

        Bizkitartean jesuista hura bera auhenez zagoen, eskuara hain ederra izanki, eta haren denborako predikariek etzakitela karrikako emakume batzuk bezein ongi.

        Eta gutartean ere zenbatak ezkaitezke ikusia dugunak, gure mintzaira ederra dela, bereziki entzun ondoan kosta aldeko, Gipuzkoako edo oraino Xuberoko predikari batzu. Orduan bai gu ohartu gaitezke eskuara musika soinurik gozoena baino gozoago dela.

        —Chaho xuberotarra, hila orai duela hirur-hogoibat urthe, etzen hura ere jakitaterik gabeko gizona; eta hala dio: «Eskuara, gizonez gorago denak egina den mintzaira da, eta mintzairetan den ederrena».

        Eta orai, eskualdun lagunak, ari zaitezkete zuen baithan: «Bai, atsegin da holako hitz batzuen enzutea, bainan, ondikotz, eskualdun batzuk erranak baitire hitz horiek».

        Entzun-azue beraz liburu-egile arrotzek zer daasaten.

        —Hamaseigarren mendean, bazen Holandako ikhastegi edo eskola nagusian, Skaliger zeritzan jakintsun handi bat. Jaun harrek bazuen hainitz mintzaira ikhasirik eta, gurea ere ikhasia, huna zer dion:

        «Eskuarak eztu deusere basarik, ez latzik ez borthitzik; guziz eztia da eta gozoa. Egin-egina, hainitz aspaldikoa dela, eta orai den tokian zela erromanoak harat agertu aitzinetik».

        —Hemen ezartzen dut, Jaun aphezpiku berri baten lagun, Frantzia beheretik Baionarat ethorri eta zazpi urthez Bidarteko erretor izatua den aphez batek, Pouvreau aphezak, zer utzi duen iskribatua bere liburu batean:

        «Jakindu behar izanki, apheztu-ta berehala, zer lana den eskuararen ikhastea, lan horri esker ezagutu dut mintzaira horrek zein abilki eta errexki moldatzen dituen hitzak, zein argi eta ara ederrean ezartzen dituen».

        Aphez hori Bidarten zen mila hamasei ehun eta hogoita hamarreko irian.

        —De Humboldt deritzan Alemaniako jakintsun handi batek dio bere liburuetan: «Eskuara bertze mintzaira guziez goragokoa da».

        —Errana da Parisen bizi den jakitate handiko jaun baten liburuetan, On J. Vinson-en liburuetan: «Bertze edozein mintzairaren ezartzea eskuararen aldean, hori liteke, handitu gabe geldituak diren gizon koxkor batzuen ezartzea gizon eder-eder batzuen aldean.»

        —Mintzaira hainitz eta eskuara ere dakizkan Jaun angles batek, On Dodgson-ek, hura xoratua gure mintzairaren edertasunak, eta nola daukan, bertze mintzaira guziek baino hobeki, nahi eta behar den haren errateko ahala, dio gobernamenduko gizonek eskuaraz egiten balituzte beren aditu edo patuak, elitekela hekien artean eskatima biderik, gauzak ez aski xuxen iskribatuz.

 

* * *

 

        Horra eskuara, eta nolako dohain baliosa eman darokun Jainkoak, eskualdun sorthu garenean.

        Orai bat-bederak ikhus dezala ea badohakon bazterrerat uztea, hainbertze mende huntan bizi eta azkar zagoen mintzaira, deusik balio eztuen puska zar bat bezala.

        Gere onetan edukiko dugu bizirik. Eskuara galduz geroz zer edo nor gintezke? Zer izen eman lezaukukete?

        Egin behar litekena eskuararen galtzerat ez uzteko

        Hiri eta herri guzietan, badire batzu bertzeak baino gorago direnak; batzu sortzeak hala ezarri dituelakotz, bertzeak beren onthasunen, karguen edo jakitatearen gatik.

        Hainitz erran nahi luke bada, eskuararen galtzetik begiratzeko, bertzen gainetik diren halako jaunak eta andreak eskuaraz mintza ditezen beren artean. Zeren eta orduan jende xeheak ezpailuke erdaraz hitz egiteko tirria hain handi, ikusiz erdara dakiten jaun eta andre batzu eskuaraz mintzo direla.

        Eta aldiz eskuaraz bertzerik eztakien jendeak zer atsegina, sumatzean harrek haurrean ikhasi mintzaira ez bide dela hain xarra, jaunak eta andreak ere erdara baino maiteago dutela!

        Eskualdun jaun eta andren eskuaraz mintzatzeak badituzke ondorio onak; bainan gure eliza-gizonei emenda dakiotela oraino ere pixka-pixka bat eskuararentzateko amodioa, eta horra zertarik duken on egiazkoa.

        Ageri da, erran ditugunetarik beretarik, eskuarari esker dela eskualduna fededun. Gure eliza-gizonak eskuarari esker dire beraz, egungo egunean, giristino herri batzuetako erretor. Zer ezagutza eta amodioa eztiozkate beraz zor gure mintzairari? Esker gabe ez izatera, behar dute eskuara maite izan.

        Eta bada maite balin badute segur du bizia, zeren-eta orduan irakurtuko dituzte liburu eskuarak. Liburu eskuarak hola eginez irakurtuz ikhasiko dute ongi mintzatzen, eta nahi-eta-ez denei maitaraziko diote gero-eta-gehiago bere parekorik nihon eztuen mintzaira.

        Eskuarari dioketen amodio horren gatik oraino, eztiote katiximarik eginen erdaraz, erdaldunen haurrei baizik, eskuaraz mintzatuko dire, handi eta xume, beren herriko jende guziekin, eta bertzalde ezagutaraziko eta har araziko dituzte ahal bezen batean eskuara liburuak eta kasetak.

        —Orai duela ehun-bat urthe, Bizkaitar karmelita batek, Aita Bartolomek, erraten zioten bere denborako eliza-gizonei: «Irakur atzue eskuara liburuak, eta erdaldun hitzez bethe eta itsustu orde gure mintzaira ederra, zuek ere eskuara ederrean eginen ditutzue zuen igandetako mintz-aldiak».

        Aita Bartolome mintzo zen eskuara itsusten duten hitzez. Zer erran zuken, ehun urthe berantago agertu lurraren gainera, eta ikusi balitu eskualdunak non nahi eskuara bazterrerat utziak, eta erdarari lothuak? Harrek, eskuararentzat zuen amodioarekin, eginen zuen oihu, etxean su duela ohartzen denak bezein goraki. Mintzo bat hain samin eta latzak ernaraziko othe ginituen? Nik uste bai; eta, su hiltzen ari denari bezein ongi, guri ere egin araziko egin-ahalak gure eskuara zahar bezein eder denaren onetan.

        Zuek beraz, zuen herrietan bertzen gainetik zareten jaun eta andreak, zuek bereziki Eskual-Herriko eliza-gizon jakintsunak, maite izan azue eskuara, eskuaraz hitz egitea eta egin araztea, eta, ifernuko etsai guzien gatik ere, iraunen du, mundua mundu deino.

aurrekoa