www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hamahirugarren Kapitulua

San Benoaten bertze mirakuilu batzu

 

        Ez dugu zeren erran San Benoatek hainitz ongi handia egiten ziotela beren bizi beharrarekin joaiten zitzaizkon jende hekiei guziei.

        Nor da, gutartean, oraino ohartua ez dena, hainitz ekharriagoak garela gogoeta onen egiterat, Jainkoaren eskuak ukitzen gaituenean pixka-pixka bat.

        Hori hala da, eritasunak edo bertze atsekabe zerbeitek tinkatzen gaituenean, errexki ezagutzen eta aithortzen dugu Jainkoa dela gure nausia.

        Gure Sainduak predikatzen zioten beraz jende hekiei, eta adiarazten ere bai, behar zutela Jainko Jauna maitatu; behar zirela beraz bekhatutik urrundu. Eta guziek hartzen zuten, haren ganik urrundu gabe, saindukiago bizitzeko xedea.

        Hala-hala, gure arimen etsaia han zuen, noiz-nahi, trebes bere bidean.

        Behin, mendi gain-gaineko elizara zohalarik, aurkhitu zuen etsai hura. Alegia azienda edo abere barber bat izanki, bazuen buruan otharretara bat erremedio, eta aldiz, bizkarrean, arte edo zepho zama edo haxe handi bat.

        Sainduak, ezaguturik norekin zuen bere egitekoa, erran zion: norat oha? Eta Satanek ihardetsi zion: behar zioteiat eman erremedio bat hire haurridei.

        Halarik ere, San Benoatek egin zuen sar-athera bat elizan. Eta gero, lehiatu zen bere haurridetarat joaiterat. Beldur zelakotz etsaiak egin zezotela zerbeit gaixtakeria.

        Etsai gaixto harrek kausitu zuen, ithurrian, fraide adinetako bat. Bainan zer gaizki eginarazten ahal dio, aspaldidanik Jainkoaren amodioan finkatua eta gogortua den gizon saindu hari? Ez! badaki entseiatzea bera ere alfer dela.

        Eman zen beraz hura baithan, eta gero, fraidea ihauska edo ihalozka zabilan lurrean.

        Hainbertzenarekin Saindua ethorri zen.

        Eta ezaguturik etsai gaixtoak zabilkala gizon gaizo hura lurrean, erro baten pare, eman zion behar-ondoko bat fraideari, ez fraidearen gaztigatzeatik, bainan debruaren atxemateko.

        Eta jo bide zuen ederki. Ezen, ordu berean, athera zen fraide hartarik, eta etzen egundaino geroz haren ganat hurbiltzerat menturatu.

 

* * *

 

        Bertze aldi batez, ereman zioten San Benoati eliza-gizon bat oraino apez etzena, ordean apezteko xedearekin zena.

        Gizon hura ere etsaiez hartua zen.

        Eta ordu hura bizkitarte, ibilia zuten elizaz-eliza, jo alde batera, jo bertzera, bere etsaietarik libratu nahiz. Eta bethi alferretan; Jainkoak San Benoati eman ziolakotz bakharrik, haren sendatzeko ahala.

        Saindua bera ere harritu zen, ikusiz izpiritu gaixtoak zein gaizki zabilkan gizon ondikozko hura. Eta hortakotz, othoitz kharsu bat eginik berehala, bere baithan, erran ziozkan hitz hauk:

        «Manatzen daiat, Jesu-Kristo Gure Jaunaren izenean, haizen bezalako madarikatua, athera hadin gizon hortarik».

        Eta ordu berean, eliza-gizona bere buruaren jabe bilhakatu zen.

        Hargatik San Benoatek erran zion:

        «Orai, bazohazke etxerat. Bainan ez dezazula jan gehiago zure bizian haragirik; ez dezazula ere gehiago zure gogoari eman apeztu behar zarela. Edo, Ordena Saindua hartuko duzun egunean berean, eroriko zare berriz ere debruaren aztaparretan. Eta ez dukezu hobe».

        Eliza-gizona joan zen beraz etxerat. Jarraiki zen ere luzez San Benoatek eman manuei.

        Eta nola ikharagarriak izatu baitziren etsai gaixtoak jasanarazi ziozkanak ordu arteraino, gizon gaizo hura egotu zen luzez, haragirik jan gabe, eta apeztu behar zuelako ametsik gabe.

        Bainan denborarekin, gogoa ganbiatu zitzaion.

        Eta jakinik, hura baino gazteago ziren batzu apezterat prestatzen hari zirela, egin zuen hark ere bere buruarekin, behar zela hura ere apeztu.

        Hargatik dohakabe hura, egin balin bazen, egin zen.

        Apeztu zen egun hartan berean, izpiritu gaixtoak berriz ere sarthu ziren hura baithan. Eta jasanarazi ziozkaten jasaiten ahal zituen guziak; handik-eta azken hatsa eman etzuen arteraino.

 

* * *

 

        Irakurtzailea, zure kobesorak erraten dautzunean eroriko zarela, nahi balin bazare holako edo halakoarekin ibili, nahi bazare holako edo halako tokietarat joan, beautzu zure buruarekin egitetik, ez duzula han San Benoatik, ez-eta geroan zer izanen den dakien gizonik; egin dezazukela, beraz, dohatzun bezala. Xuhur balin baduzu, eginen duzu kobesoraren erranaren arabera.

        Salbamenduaz dohanean, egin ahal guzia eginik ere, ez dugu soberarik eginen.

 

* * *

 

        Zenbeit aldiz, San Benoaten mirakuiluen ondorioa edo ekhoizpena hau zen: arimen atheratzea munduko bide zabaletarik eta ekharraraztea bere komentuetarat; edo oraino, fraide zenbeiten finkaraztea bere bokazione sainduan.

        Behin, etxeko-jaun batek nahi izatu zion erakusterat eman etzaukala ahantzia bere predikuez egin zion ongia. Eta hortakotz, bidali ziozkan bi botoila arno, Etzilario deitzen zuten sehi batekin.

        Etzilariok aho-mihiz egin beharra zuen bere mezua. Eman zuen beraz bere gogoari:

        Harrek San Benoati eman botoila bat edo bia, San Benoatek ezagutza edo ikustate bera ziokela haren nagusiari, eta halaz, etzezakela nihork jakin, ian erdizka ala osoki eman zuen bere mandatua.

        Gorde zuen beraz botoiletarik bat sasian, eta eman zion bertzea San Benoati.

        Bainan huna zer gerthatu zitzaion:

        Botoila bakhar hura eman zionean, Sainduak erran zion:

        «Nere adixkidea, orai behar zare pausatu pixka bat; berantxago abiaturik ere, oraino aski goiz duzu. Eta zure nagusiari erranen diozu, haren orrhoitzapenak atsegin handia egin darotala eta, mila-mila esker.

        »Hargatik, zeronek egizu kontu zer hari zaren. Eta zure ezpainetara hurbildu baino lehen, sasian ezarria duzun botoila hura, beirazozu ongi zer duen barnean».

        Etzilario joan zen beraz, dena gogoetatua, nola San Benoatek jakin zuen etziola eman, eman behar zionaren erdia baizik; eta gero berriz, ezin asmatuz zer ziteken bada, botoila hartan bertzean etzenik.

        Heldu zenean bere botoila hartara, egin zuen gomendatua izatu zitzaion bezala:

        Hartu bere bi eskuez, eta ezarri zuen bere begien aintzinean.

        Eta zer ikusi zuen?

        Ikusi zuen arno hura suntsitzen, eta botoila hartan, arnoaren orde, suge ikharagarri bat ihesi joan zena, botoila, eskuetarik erori-eta, hautsi zenean.

        Etzilariok eman ziozkan orduan eskerrak Jainkoari, zeren beiratu zuen pozoinkeria haren edatetik. Eta eginez bere baithan, munduan aintzina egonez, gero ere gerthatzen ahal zitzaiola, bertze hainbertzeren eta gehiagoren ere egitea, utzi zituen munduko nagusiak eta jaunak, eta joan zitzaion San Benoati galdetzera, othoi har zezala bere komentuan.

        Eta halaz fraide bilhakatu zen.

 

* * *

 

        Huna oraino bertze ixtorio bat holatsukoa:

        Bere komentuko fraide on eta kharsuen tartean, San Benoatek bazuen bat urrikitan zena, komenturat ethorririk.

        Eta, nahiz botuak eginak zituen, etzion hala ere bakerik ematen San Benoati, eta etziteken ixil erratetik hura etzela komentukotzat egina, etzela hura komentuan lakhetzen ahal.

        Bada, aldi batez, egin zuelakotz bere galdea, bertze aldietan baino mindura gehiagorekin, Sainduak erran zion, etzuenaz geroz egon nahi, zohala.

        Eta joan zen.

        Bainan komentutik athera zeneko, ikusi zuen bere aintzinean musker bat ikharagarria han zagola, bidearen erdian, zut-zuta, eta ahoa zabalik.

        Laztua eta harritua, hasi zitzaioten oihuka komentuko haurridei: hel zakizkola, othoi, hel zakizkola; musker batek iretsi nahi zuela.

        Fraideak joan ziren husu, haren oihuetara, hek ere harrituak, zer othe zuen.

        Hek etzuten muskerrik ikusi, etzirelakotz komentuko biziaz unhatuak, eta munduko lanjeren arterat joaiteko heinean.

        Hartu zuten beraz, besoetarik, eta ereman komenturat, gizon hura ikhara latzetan zena, eta xutik ere, doidoia zagona.

        Eta sarthuan-sarthu, harrek etzion gehiago galdetu San Benoati etxerat joaiterik.

 

* * *

 

        Irakurtzailea, etzautzu menturaz iduritzen ixtorio hunek irakasten ahal dautzula gauza handirik, eta hori, munduan egon beharra zarelakotz.

        Bainan ez da baitezpada komentuan izan behar, fraideak izater zuen kaltearen pareko kalte baten izateko.

        Ezen, ez dezazula uste izan kalte ttikia egin larotzukela ifernuko izpiritu gaixtoak, utzarazi balaitzu, emeki-emeki, misione edo erretreta ondo batean hartu zinituzken xede onak: hala-nola, othoitzen ongi egitea, okasionei ihes egitea, eta zure buruari bortxa pixka baten egitea.

        Eta menturaz, horra zertarat ekharri zaituen, zu ere, ifernuko izpiritu gaixtoak.

        Hemendik aintzina, egin dezagun kontu hobeki, zer hari garen. Eta har dezagun ongi buruan, atsekabe egiazko bat egiten diogula Jainkoari, behin hartu urrats onak hausten baditugu, funtsgabekerian eta ezdeuskeria baten gatik.

 

* * *

 

        Huna oraino bi ixtorio guziz gaiak guri adiarazteko nolako argiak zituen San Benoatek, ikusteko zer iragaiten zen bertzen gogoan eta kontzientzietan.

        Casingo mendiaren zolan, hango herri batean, bazen emazten komentu bat San Benoaten meneko. Erran nahi baitut, hek ere beren Aitatzat zadukatela San Benoat, eta San Benoat zutela beren gidaria zeruko bidean.

        Hargatik nola bera ez baitzitzaioten joaiten ahal bethi, bertze fraide batzu ere bazabiltzan komentu hartan, hango lanaren egiten.

        Behin bada, serora hek nahi izatu zioten ezagutarazi beren ikustatea fraide hetarik bati, hekien gatik hartu zuen lana halakoa zelakotz. Eta eman ziozkaten mokanes batzu.

        Fraidea orrhoitu zen, orduan berean, Erregela Sainduak debekatzen ziola deusen ere beretzat hartzea. Ordean, ixilarazi zuen kontzientziaren mintzo hura, erranez bere buruari bekhatu balin bazen ere, etzela hainitz handia izaten ahal.

        Eta ezarririk mokanesak golkhoan edo papoan, joan zen komenturat.

        Komentura heldu bezein laster, joan zitzaion San Benoati bere benedizionearen galdetzerat.

        Bainan Sainduak, benedizionea eman-orde, galdetu zion aire idor batekin, zergatik egin behar zuen gaizki hura.

        Fraidea harritu zen solhas horren entzuteaz. Ezen osoki ahantzia zuen bere mokanesen ixtorioa. Hantxe zagolarik, beraz, ezin asmatuz zergatik zituen gaizki hek, gure Aita onak erran zion berriz ere:

        «Ez nintzen bada han, zure aldean? Etzaitut bada ikusi nik serora jainkotiar hek eman mokanesak hartzen eta gordetzen zintuelarik zure papoan?».

        Giza-gaizoak bazuen aski entzunik. Hartu mokanesak eta arthiki zituen. Eta galdetu zion Abade Sainduari, bere zoramenduan egin zuen gaizkiaren barkhamendua.

 

* * *

 

        Huna orai, bigarren ixtorioa:

        Behin, ordukotz ilhuna zelarik, San Benoat bere othuruntzaren egiten hari zen.

        Eta, han, argiaren atxikitzaile, bazen fraide gazte bat, ez, egia erratera, nor-nahi, bainan bere hiriko jaunik handienaren semea.

        Han zagolarik beraz, argia eskuan eta xutik, bazituen bere baithan urguiluzko gogoeta batzu, ifernuko izpiritu gaixtoak ematen ziozkanak. Eta hari zen bere buruarekin:

        «Hau da, beraz, jauna! Eta ni hunen argitzen hari naizena? Ah! ni, nork daki nongo esklaboaren semea. Gauza segura hori! Bai! ni, mundurat ethorria, bertzen esku-makhila izateko!».

        Hainbertzenarekin, San Benoat, utzirik jana, eman zitzaion beira. Eta erran zion, bizi-bizia:

        «Nere haurra, egizu gurutzearen seinalea bihotzaren gainean! Zer tutzu, zure barneko erasia horiek? Berriz ere erraten darotzut, egizu gurutzearen seinalea!».

        Eta ekharrarazten zituelarik bertze haurride batzu, othoiztu zituen khen zezotela argia eskutik, etzuela nahi halako fraide batek lanik ttikiena ere egin zezon. Eta fraide hobendunari manatu zion zohakola begien aintzinetik.

        Biharamunean haurride lagunek galdetu zioten zer gogoeta utzi zuen bere bihotzean sartzerat.

        Eta harrek erran zioten zena zen bezala. Eta nahiz etzuen kanporat agertzerat utzi deusik, hala ere Aita Abadeak ikusi ziozkala bere urguiluzko gogoeta hek guziak.

        Eta halaz ezagutu zuten, are hobeki, nolakoa zen haren saindutasuna, Jainkoak ematen ziozkanaz geroz hain argi handiak.

        Handik goiti oraino, ematen zuten hobeki kontu beren gogoeta guzien gainean, beldurrez-eta, atxikitzen balin bazuten behar ez-bezalakorik, izan zetzaten gero gaizkiak beren Aitaren ganik.

 

* * *

 

        Eta guk ere, zer ez ginezake egin?

        Behinik-behin, zer kontua ez ginuke, gure izpirituan pausatzerat ez uzteko, behar ez-bezalako gogoetarik batere, balin baginaki gauza hau: badela, gure gogoaren berri jakinen duena, ez edozein jende, ez-eta-ere etsai bat, bainan ezagun eta adixkide maite bat bera?

        Bai, kontu egin ginezake, egiten dugun baino hobeki.

        Zergatik ez bada orrhoit, jendeak ez-bezalako lekhuko batzuen aintzinean garela, gabaz eta egunaz! Zergatik ez orrhoit, gure aldean ditugula bethi, aingeru begiralea eta ifernuko izpiritu gaixtoa? Eta lekhuko horietarik bat-ez-bertzea, ez dela ixilik egonen, Juie Nagusiak bere aintzinera deithu gaituzkenean?

        Zergatik ez gare orrhoituko, oraino, Jainkoaren begia gure gainera dagola bethi.

        Ah! gauza horiek han baginitu maiz, gure izpirituan, zenbat bekhatu gutiago egin ginezaken egun buru batetik bertzera!

 

aurrekoa hurrengoa