www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hamaseigarren Kapitulua

San Benoatek izatu zituen egitekoak Totila
erregearekin eta haren kapitain batekin;
nola zakien ere geroan zer izanen zen

 

        Gure Aita Abadea bere biziko azken urthetan zelarik, Agotak sarthu ziren Italian. Eta garhaitu ondoan Erromako armadak, ezarri zituzten bazter guziak sutan eta odoletan.

        Hekien aintzindaria eta erregea, deitzen zuten Totila. Hura zen gizon bat basa, harekilako jendealdea bezala; ordean izpiritu puska bat ere bazuena.

        Gizon harrek bazuen aspaldian, guduka handi bat bere buruarekin. Ezen, Italian sarthuz geroz, ikusten zuen jendea mintzo zela bazter guzietan San Benoatez eta San Benoaten egintza ederrez.

        Eta bitartean, hari gogoak etzion onhesten, gizonak izaten ahal zuela halako podorerik.

        Hurbildu zenean beraz Casingo mendi alderat, Erroman sartzea geroxagorat utzirik, egin zuen bere baithan, behar zuela jakin ongi zer zen mundu guzia mintzarazten zuen gizon hura, eta nolakoak ziren haren jakitatea eta bothereak.

        Hortakotz igorri zion lehenik soldadu bat, erratera, Totila erregeak nahi zuela ikusi, ian joan ziteken.

        Berri horrek etzuen izitu gure Saindua. Eta aintzina ere bere lanari hari zelarik, ihardetsi zion soldaduari erran zezola bere nagusiari ethortzen ahal zela.

        Ordukotz Totilak jauntzaraziak ziozkan bere soinekorik ederrenak, bere heineko kapitain bati. Eta jakin zuenean, San Benoatek bera igurikitzen zuela, erran zioten bethi bere aldean zituen aintzindari batzuei, zohazila hek ere kapitain harekin, alegia erregeren lagun.

        Eta manatu zioten bertzalde, ez dakit zenbat zaldizko gizonei, joan zitezela hek ere, aintzindari hekiekin.

        Bera aldiz, egotu zen han berean, ederki irri egiten zuelarik bere baithan, bere amarruaz, eta Sainduaren atxemateko hedarazten zuen arteaz.

        Errege-ordea heldu zenean komentura, athearen zain zagon fraideak egin zion erregeari berari zohakon ongi-ethorria, eta ezarri ziozkan kanpoko athe handiak zabal-zabala, joan ahal zadin komentu barneko atheraino zalditik jautsi gabe.

        Sarthu ziren beraz komentuko barrigoan, karraskarik handienean.

        Eta jakinik San Benoat bera, komentuko athearen ondoan irakurtzen hari zela, bazohazin aintzina burua gorarik.

        Joan gogo zuten ere haren ondoraino beren zaldien gainean.

        Bainan San Benoatek oihu egin zion errege zelako gizon hari, erraten ziolarik: «Khen zatzu, nere semea, khen zatzu soineko horiek. Berdin ez duzu hor, deusere zererik».

        Solhas horiek harritu zuten kapitain hura. Eta, jausten zelarik zalditik, eman zen lurrean ahuspeka, dena ikharetan, nola menturatu zen halako burla edo trufaren egiterat hain gizon sainduari.

        Haren lagun guziak ere umiliatu ziren, buruaz lurra ukhitzerainokoan, eta gero, joan ziren lehiarik handienean erregearen ganat. Eta, aintzina ere ikharetan zaudelarik, erran zioten zer gerthatu zitzaioten, eta nola izatu ziren ezagutuak.

        Orduan Totila bera igan zen Casingo mendira, ez kopeta gorarik eta irriz, bainan hura ere dena ikharatua. Eta ikusi zuenean urrunera Aita San Benoat, jautsi zalditik, eta eman zen lurrean etzanik, luze-luzea.

        San Benoatek eginen zuen ez ikusiarena, ez balitz saindu bat izatu.

        Bainan ez! Gure Aitaren bihotza onegia zen holako lanik egiteko. Ikusi zueneko beraz, zer eginarazten zion bere urrikiak, berehala oihu egin zion, xuti zadiela. Eta, ez bakharrik behin; bainan bietan eta hiruetan ere bai, egin zion oihu bera: xuti zadiela.

        Eta nola Agoten errege lazgarri hura ez baitzen xutitzen, orduan gure Aita ona bera joan zitzaion, eta xutiarazi zuen.

        Gero, nahiz bazakien Italia guzia ikharetan zaukan gizonari mintzo zitzaiola, erran zion bere meneko zuken fraide bati bezein lañoki: ordu arteraino eginikako gaizkiak, eta egun guziz egiten zituenak, handiak zirela; eta menturaz gaizki handiagoen egiteko xedearekin zela; hargatik orrhoitzeko zuela, zer kontua behar zuen eman, harrek ere, Jainkoari, bere gogoeta, solhas eta egintza guziez.

        Orduan Totilak othoiztu bide zuen, erran zezola, zer behar zitzaion gerthatu handik aintzina.

        Ezen Sainduak erran ziozkan oraino bertze solhas hauk:

        «Garhaituko duzu Erromako armada, eta Erromako hirian ere sarthuko zare.

        »Gero berriz, iraganen zare Afrikarat zure armadarekin. Bainan Afrikarat iraganez geroz, etzare luzez biziko.

        »Ez! denetara, ez duzu bederatzi urtheren bizia baizik».

        Totila ikharetan zagon San Benoaten aintzinera gabe, eta ez dugu zeren erran, solhas horiek hainitz ikhara handiagoa eman ziotela.

        Eman zen beraz belhauniko gure Aita loriosaren aintzinean, galdetu zion harentzat othoitz egin zezala, eta joan zen Casingo komentutik, ordu arteraino ez-bezalako bizitzeaz bizitzeko xedea harturik. Agintzen ziolarik beraz Jainkoari, garhaitiar zitekenean ere, etziola eginen nihori behargabeko gaixtakeriarik.

        Eta atxiki zuen bere hitza.

        Ezen, nahiz Erromako hirian sarthu zen, hiri hura setiratua iduki ondoan, nahiz Afrikako hiri aberats batzu ere beretu zituen, etzion hargatik nihori gaixtakeriarik egin, Casingo mendian izanez geroz; eta aldiz bai, hainitz ongi batzuei eta bertzei.

        Han zuen alabainan, begien aintzinean, San Benoaten solhasa, hil beharra zela hamargarren urthean.

 

* * *

 

        Guk ere zenbat gaizki ez ginezake utz egin gabe, eta aldiz, zenbat ongi gehiago ez ginezake egin, orrhoitzen bagine maizxago, hil beharrak garela laster!

 

* * *

 

        Baditugu oraino bertze ixtorio batzu, erakusten darokutenak gure Aita loriosak zein ongi ezagutzen zuen ethorkizuna. Bainan hobe dugu, hemen bidenabar ikustea, zer egiteko izatu zuen, bertze agota gaixtagin batekin.

        Zala deitzen zuten kapitain bat bazabilan soldadu andana on batekin, herriz-herri, eta ebasteko zerbeit bazela uste zuen tokietan gaindi.

        Gizon hura etzen ohoina bakharrik. Ordean bera heretiko zelakotz, bazakharren bihotzean higuintzarik handiena apez eta fraide guzientzat. Haren eskuetarat erori apezak edo fraideak segur zuen bere kontua.

        Behin batez, ohoin-kapitain harrek bere eskuetan zaukana, etzen apeza, ez fraidea, bainan bakharrik lur-lanetarik bizi zen gizon gaizo bat. Eta soldaduak hari zitzaizkon jo-eta-jo, non gorde zuen bere dirua. Diru hura eman zezala, nahi balin bazen bizirik gelditu!

        Dohakabe harrek ikusi zuenean, aintzina ere hari zitzaizkola, eta etziotela sinhetsarazten ahal, etzuela hark dirurik, erran zioten gezurra: Benoat Sainduari emana ziola altxatzera.

        Orduan gelditu ziren haren joitetik. Bainan Zalak ongi estekarazi ziozkan lau zango-besoak, lasterrik etzezan egin. Eta gero, erran zion zohala haren aintzinean, eta ereman zezala aiphatu zuen Benoat haren gana.

        Eta hala, langilea aintzinean, kapitaina zaldiz gibeletik, heldu ziren Casingo komentura.

        Hek komentura heltzean, San Benoat athearen ondoan zagon, jarria eta irakurtzen hari.

        Kapitainak jakin zuenean hura zela San Benoat, hasi zitzaion oihuka, erraten ziolarik: «Jeiki hadi laster! Jeiki hadi! eta ohakit, gizon hunek atxikitzerat eman darokan diruaren bilha!».

        Eta hitz horiek erratearekin, zalditik jautsi zen.

        Sainduak, zagon tokitik higitu gabe, egin zion nardatzen ere zelako, halako begiratze bat; eta aldiz gizon gaizo hari, amodiozko begiratze ezti bat.

        Egina izatu zitzaion begiratze harrek laztura bat eman zion Zalari.

        Ez bide zuen aurkhitu ordu arteraino bere aintzinean, halako begirik ez begitarterik.

        Han zagon beraz harritua, ohartu zenean betbetan, bere aintzinean ekharri zuen gizon haren lokharri guziak laxatu edo hautsi zirela, nihork ukhitu gabe.

        Eta orduan, Jainkoaren graziaz argitua, eman zen belhauniko eta ahuspeka Sainduaren aintzinean, othoizten zuelarik lagunt zezala bere bekhatuen barkhamenduaren merezitzen.

        Gure Aita loriosak etzion gaizki handirik erraten ahal, halako urriki sainduaz hartua zen gizonari. Ez, etzion gaizkirik erran. Ordean komenturat sarrarazirik, adiarazi ziozkan hobeki, nolako eginbideak zituen Jainkoaren alderat.

        Eta azkenean, Zala athera zen komentutik, osoki ganbiatua, eta sainduki bizitzeko xede egiazko batekin.

 

* * *

 

        Holakoak izatu dire gure Erlisione Sainduak eginarazi dituen ganbioak, hasirik Apostoluen denboratik eta orai arteraino.

        Gure Erlisione Sainduak irakatsi diote denbora guzietan, hala erregei eta manatu behar duten guziei, nola bertzen meneko diren guziei, nolakoak diren hekien eginbideak.

        Erregeari edo manatzaileari irakatsi dio, duen bothere hura, Jainkoaren ganik duela. Eta egun batez, beharko duela eman kontu xehea, berak eginarazi, edo bere faltaz egiterat utzi dituzken hutsez, bai-eta eginarazi gabe utzi duen ongiaz.

        Gure Erlisione Sainduak irakasten dio halaber, bertzen meneko denari, Jesus Jaunak ere obeditu duela, gurutzearen gainean eman duen azken hatseraino, ez bakharrik bere Aita eternalari, bainan Maria bere Amari eta Josepi; eta ez bakharrik hekiei, bainan oraino Juduei, Pilatusi eta burregoei berei. Ez dela beraz sobera, harrek ere egin dezan Gure Erostaile Jaunak egin duena, hogoita hamahirur urthez.

        Bertzen meneko denak, ez dezala beraz ahantz Jesusen irakaspen hori, eta eginen du manatua zaiona, erasiarik gabe, eta Jainkoari berari obeditzen diola orrhoituz.

        Manatu behar dutenek ere gogoan idukiko dute, beren meneko dituzten jende hek, ez direla berak baino txarragoko mota batetik, ordean guziak haurrideak garela, eta guziak zeruko loriarat deithuak.

        Eta hortaz orrhoitzera, izanen dute errexki, beren azpiko dituzten guzientzat, behar duten ikustatea eta eztitasuna.

 

* * *

 

        Totilaren ixtorioa bera aski liteke erakusteko, gure Aita loriosak bazuela profeten botherea eta jakitatea.

        Huna hargatik oraino bertze ixtorio batzu, ezagutarazten daukutenak ezin hobeki, bazakiela ethorkizunean zer izanen zen:

        «Egun batez, mintzo zelarik hainitz adiskide zuen apezpiku saindu batekin, Totilaz goiti beheiti, apezpikuak erran zion bazter guzietan jendea harritua zagola, errege hura Erromarat zohalakotz, hiriaren errearazteko eta fundiarazteko gogoarekin.

        »Ez, erran zuen orduan San Benoatek, ez dute jendek fundiaraziko Erromako hiria. Erroma bera erori eta funditu beharra da, aski miseria jasan dukenean, eta lur-ikharek aski iharrosi duketenean».

        Gure Aita loriosak solhas horiek erranez geroz, joan dire hamahirur ehun urthe. Hamahirur ehun urthe horiek joan bizkitarte, Erroma izatu da askotan etsaiez setiratua, eta hartua ere bai; ordean orai arteraino, etsai guziek xutik utzi dute.

        Egia da hargatik Totilaren soldaduek hartu zutela asko gauza, hiri hartan sarthu zirenean; ordean, joan ziren handik, hiria osorik uzten zutelarik.

 

* * *

 

        Huna orai, bigarren ixtorio bat:

        Bazen Casingo mendiaren inguru hetan zagon giristino behar bezalako bat, ibiltzen zena maiz komentuan, Abade Sainduaren ikustea gatik, eta hari zenbeit solhas onen erranaraztea gatik.

        Teoprobe deitzen zuten giristino hura.

        San Benoatek ere hain zuen maite eta hain begi onez ikusten zuen, non joaiten ahal baitzen Aita Abadearen gelarat, komentura heldu bezein laster; batere iguriki gabe, beraz, eta etxeko bat izatu balitz bezala.

        Behin batez bada, hola joan zelarik, aurkhitu zuen hasperenetan eta auhenetan zagola, eta nigarra zohakola bi begietarik.

        Ordu hura baino lehen ere, giristino on harrek ikusiak zituen nigarrak San Benoaten begietan, Jainkoaz dena hartua, othoitzean hari zelarik. Bainan halako aldi hetan, begitarteko bozkarioak berak erakusterat ematen zuen, zorionaren handiaren-handiz zagola nigarrez.

        Errexki ezagutu zuen beraz Teoprobek, orai aiphatzen dugun egun hartan, Sainduak bazuela zerbeit tristezia eta atsekabe handi.

        Egotu zen ere beira aphur on bat, ian ez othe zen jeikiko, utzirik bere othoitza. Eta nola aintzina ere hala-hala baitzagon, joan zitzaion aldera, eta ohartarazi zuen han zela, haren ikusterat ethorria.

        Gero, lehenbiziko solhasak egin zituztenean, Teoprobek galdetu zion zergatik zituen nigar hek; zer zuen, hain trixte izateko.

        Eta Sainduak ihardetsi zion: «Badakizu, nere adixkide maitea, ez dautzudala deusik gordetzen ahal. Huna beraz, zergatik den nere bihotza den bezein beltz:

        «Nere komentu hau egina nuen, nere ustez, Jainkoaren loriakotz, eta hainitz arimen salbamenduarentzat. Nerorrek dakit, zer lanak ibilia naizen, ikusten duzun heinera ekharri ez dudan arte.

        »Eta bada orai, huna zer darotan Jainko Jaunak adiarazi: komentu hau, den bezalakoa izana gatik ere, erori beharra dela pagano batzuen eskuetarat.

        »Ez dut Jainkoaren ganik bertzerik ardietsi ahal izatu, baizik ere, orduan hemen izanen diren fraideak bizirik athera ahal ditezela pagano hekien aztaparretarik».

        Berantxago ikusiko dugu, Jainkoaren izpirituaz argitua zela egiazki gure Aita loriosa, solhas horiek erratean.

 

* * *

 

        Bazen oraino Casingo inguru hetan bertze Abade bat, maiz ibiltzen zena, hura ere, San Benoaten ikusten.

        Cerbandi zen Abade haren izena.

        Behin beraz, luzez mintzatu ondoan Jainkoaz eta jainkozko gauzez, gure Aita loriosak ereman zuen Abade arrotza prestatua zioten gelarat. Eta nola bere gela, arrotzari eman ziotenaren gainean baitzuen, Saindua ere igan zen bere hartarat.

        Bere gela hartan egin zuken lo pixka zerbeit. Bainan gero, berriz ere jeikia gauerdi irikotz, eta fraide guziak oraino lo zaudelarik, gure Saindua leihoan zen othoitzean hari, ikusi zuenean betbetan, argi handi bat zerutik lurrera jausten.

        Argidura hura hain zen handia, non bazter guziak argitu baitzituen egunaren argiak baino hobeki.

        Ordu berean oraino, ikusi zuen zerutik lurrerainoko leinhuru edo arraio eder bat, eta ximixtak bezala distiratzen zuen leinhuru hartan, ikusi zituen zeruko eta lurreko gauza guziak, eta zenbat komentu eta fraide benediktano izanen zen ere bai, munduaren akhabantzaraino.

        Ikusgarri xoragarri hari beira zagolarik, oraino ere, ikusi zuen suzko bola bat, zerurat zohana, eta bola haren barnean, aingeruek zaramatela, airez-aire, Capueko apezpiku sainduaren arima.

        Jadanik mintzatuak gare apezpiku hartaz. Hura zen San Jermein, San Placideri eta haren lagunei dakigun ongi-ethorria egin zioten apezpiku hura.

        Bazuen beraz gure Aita loriosak xoratua egoteko behar zen baino gehiago.

        Halarik ere, egin zuen bere baithan, behar zuela bederen lekhuko bat, jakinen zuena, zer grazia handia egin zion Jainko Jaunak. Eta oihu egin zion Cerbandi Abadeari, deitzen zuelarik bere izenaz hirur alditaraino.

        Cerbandi igan zen lehiarik handienean eta harritua, zer zuken San Benoatek, halako oihuen egiteko, tenore hartan.

        Gainera zenean, Sainduak erran zion, beira zezala kanporat. Beira jarri zen hura ere, bainan ordukotz erdi-histua zen gure Aita onak ikusi zuen argidura. Eta handik berehala osoki galdu zen.

        Hargatik kondatu zion zer ikusi zuen. Eta gero, manatu zion bidal zezala mandatari bat Capueko hirira, Jermein Sainduaren berrien galdetzera.

        Bainan mandatariak jakin zuena hau zen: Jermein apezpikua hila zela. Eta galdeturik xehe-xehea, noiz hila zen, jakin zuen, azken hatsa eman zuela, San Benoatek haren arima zerurat igaten ikusi zuen ordu hartan berean.

 

* * *

 

        Jainkoaren xedea, hoin dohain eta jakitate handiak ematean bere zerbitzariari, etzen bertzerik baizen ere, jende guziei adiaraztea, guziz gogarakoak zituela haren solhas, lan eta egintza guziak.

        Bazohazkela beraz, lañoki eta beldurrik gabe haren ganat, beren behar-ordu guzietan. Eta bereziki, nahi baziren jarri haren Erregela Sainduaren azpian, bazituzketela, berthutearen pratikatzeko eta merezimendurik handienen irabazteko, behar zituzketen grazia guziak.

 

aurrekoa hurrengoa