www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

San Benoaten ordreak dituen agintza batzu

 

        Ez dezakegu utz San Benoaten ixtorioa, ezagutarazi gabe nolako agintzak egin ziozkan Jainkoak gure Aita loriosari.

        Lehenagoko denboretan, hainitz aiphatuak ziren jenden artean, orai mintzo naizen agintza hauk.

        Eta aiphatuak ziren, ez bakharrik jakitaterik gabeko jendeaz, bainan oraino liburu-egilez berez.

        Badire bereziki lau liburu-egile handi, agintza hautaz mintzo direnak, nahiz berak ez diren gure ordrekoak.

        Ezen hetarik bat franzizkanoa da, bertze bat dominikanoa, eta gero bertze biak, jesuistak. Jesuista hetarik baten izena, jakin nahi duenarentzat, da Cornelio-Alapide.

        Huna beraz agintza horiek, liburu-egilek ematen dituzten bezala.

        1na. Zure ordreak iraunen du munduaren akhabantzaraino.

        2na. Munduaren azken denboretan, zure ordrea Elizarekin eta Elizaren alde izanen da, eta finkaraziko ditu hainitzak Erlisione Sainduan.

        3na. Zure ordrean hilen diren fraide guziak salbatuko dire.

        Eta balitz norbeit, zure ordrean izanki, eta bekhatua maite lukenik, harrek baduke ahalkea, edo izanen baita komentutik kanpo ezarria, edo bera joanen baita, unhatu-eta, ezin gehiago egonez.

        4na. Zure ordreari gerla eginen dioten guziak hilen dire goizik, edo heriotze gaixtoa eginen dute; non-eta ez duten, urrikitan sarthu-eta, egiten beren egin-ahala, beren gaizkien xuxentzeko.

        5na. Zure ordreari ongi eginen diotenek, badukete heriotze on baten egiteko zoriona.

 

Liburuaren akhabantza

 

aurrekoa hurrengoa