www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hemeretzigarren Kapitulua

San Benoaten heriotzea

 

        Santa Escolazticaren hiltzea izatu zen gure Saindu handiarentzat, bera ere, eternitateko besta ederretarat heltzen hari zelako azken seinalea edo deia bezala.

        Bertzalde, Escolazticaren zerurat igate lorios harrek hazkartu zion, ezin gehiago, zeruaren nahia.

        Eta nahiz bazakien arras ongi, etzuela lurrean egoteko, arreba galduz geroz, berrogoi egun baizik, halarik ere, berantetsia zagon, noiz ikusiko zuen mundu huntako denboraren akhabantza.

        Hala-hala, ezin gehiago jasanez bere Jainko maitearen ganik urrun egotea, othoitzik khartsuenak egiten ziozkan, egun guziz. Eta hitz hauk ere entzuten ziozkaten zenbeit aldiz: «Nere Jaun ona, zergatik ez darozkidatzu hausten, lehen-bai-lehen, zureganik berexia naukaten lokharriak! Hauts dazkidatzu, Jauna, lokharri hauk, eta eginen darotzut laudoriozko sakrifizio bat».

        Eta nola irrits eta gutizia saindu horiek xukhutua eta errea baitzaukaten haren bihotza, indarrak ere ttikituz zohazkon geroago eta gehiago.

        Bainan indarrak ttikitzen haritua gatik ere, etzuen ekhartzen bere gorphutza, ordu arte baino hobeki.

        Santa Escolaztica hil zenean, garizumaren hastea zen. Eta bada, garizuma hartan ere, San Benoatek egin zuen aintzineko garizuma guzietan bezala.

        Erran nahi baita, barur egin zuela, ez egunean behin janez, bainan astean bietan janez bakharrik. Eta orduan ere, etzuen bertze deusik hartzen, baizik ere, ogia jakirik gabe, eta haren gainera, ur hutsa.

        Eta hortakotz, etzezaken nihork sinhets azken egunetan zela, eta beldurrik gabe zauden fraideak, noiz-eta-ere manatu baitzioten Aste-Sainduko astelehen goizean, haren hobia idekirik eta zabalik ezar zezatela.

        Ez dugu zeren erran, komentu guzia ilhundu eta belztu zela lan hura manatu zuenean, nahiz etzuen iduri ganbiorik batere bazela hura baithan.

        Bainan, hainbertze aldiz erakutsi zioten, bazakiela harrek ethorkizunean ere zer izanen zen, non guziek sinhetsi baitzuten azken egunerat hurbildua zela.

        Bertzalde, egun hartan berean, sukhar handi bat lothu zitzaion, eta, denbora berean, egartsu bat barne guzia erretzen ziona.

        Sukhar hura zen, gure Aita loriosa merezimendu handiagoez aberastu, eta mundu huntarik bertzerat ereman behar zuen eritasuna. Ezen oinhaze handiak izatu zituen jasaiteko, astelehenetik hasirik eta larunbat goizeraino.

        Ordean, San Benoati eritasunak etzion ahantzarazten Aste-Saindua zela. Eta ageri zen, haren gogoa hainitz gehiago hartua zela, Jesus Jaunak gure salbatzea gatik jasan dituen pairamenez eta heriotzeaz, ezen-ez bere oinhaze handiez.

        Larunbat goizean, ordukotz indarrik gabe zelakotz, othoiztu zituen haurride batzu lagunt zezatela elizarat joaiten, aldaren oinetan nahi zuela eman azken hatsa.

        Haurride hek nahiago zuketen han berean egotu balitz, zeren-eta hainitz ahuldua baitzen. Ordean, ongi ikusi ondoan bere ezagutza osoarekin zela oraino, eta hala zela egiazki haren nahia, lagundu zuten elizarat.

        Elizan, hartu zituen sakramenduak, amodiozko sentimendurik bizienekin. Eta, sakramenduak hartu ondoan, egin ziozkaten azken gomendioak, bere ingurura bilduak zituen haurridei.

        Gero, ezaguturik komunione sainduak eman ziozkala indar berriak, eman zen xutik, haurride batzuen besoen gainera, eta eskuak zerurat altxatuak zauzkalarik, othoitz egin zuen aintzina, bederatzi orenak iriraino.

        Gure Saindu handiak etzuen urrunago joaiterik. Bederatzi orenetako irian, eman zuen azken hatsa ezti-eztia. Eta haren arima igan zen zeruetarat, martxoaren hogoita batean, hirur-hogoi-eta-hirur urthe zituelarik.

 

* * *

 

        Oi! San Benoat, gure Aita ona, urrikal dakizkitzula zeru gorenetik, ez bakharrik zure izena eta arropa ekhartzen dutenak, edo ekharri nahi luketenak, bainan oraino, zure izenean Jainkoari eskerrak eman-eta, zerbeiten galdetzerat ethorriko zaizkitzun guziak!

        Bainan, guzien gainetik galdetzen dautzuguna da, ardiets dezaukuzun gure bihotz haukien laxorik eta kreaturentzat amodio handiegirik gabe idukitzeko grazia; eta, denbora berean, Jainko Jaunaren egiazki maitatzeko grazia; gu ere, ikhara handiegirik gabe, izan ahal gaiten gure azken orenean; eta gero, izan ahal dezagun, guk ere, Jainkoaren laudorioen kantatzeko zoriona.

 

* * *

 

        Irakurtzaileak ez bide du ahantzia, nola utziak ditugun Erromano sainduaren komentuan San Maore eta haren lagunak, eta nolako atsegina egin zion gizon saindu hari, San Benoaten haur batzuen ikusteak.

        Ondikotz haren zorionak etzuen luzez iraun behar.

        Ortzirale Sainduz, Jainkoak adiarazi zion Maore Sainduari, biharamunean berean, galdu beharra zutela Benoat, beren Aita guziz saindu eta guziz maitea.

        Berri horrek ahantzarazi ziozkaten guziei bertze atsegin eta atsekabe guziak. Zeren-eta ez baitzen berri txarragorik izaten ahal hekientzat.

        Hala-hala, bortz benediktanoak eman ziren othoitzean, elkharrekin, hek ere behar ziotela egin, egiten ahal zioten laguntza. Eta ez bazuten ere deusik egiten ahal haren gorphutzarentzat, Jainkoak emanen ziola menturaz, hekien othoitzaren gatik, merezimendu berri zenbeiten irabazteko grazia.

        Ortziraleko eguna eta larunbat goizerako gaba othoitzean ereman ondoan, larunbata ere hala zaramaten, noiz-eta-ere bederatzi orenak irian, Jainkoaren Izpirituak erakutsi baitzion Maore Sainduari, zer iragaiten zen Casingo mendian.

        Saindu gazte harrek ikusi zuen beraz Casingo mendia, eta komentua ere bai, gorphutz eta arima, han izatu balitz bezala. Eta bertzalde, ikusi zuen komentutik eta zerurainoko bide edo karrika eder bat zolatua, bururen-buru, hain kolore ederreko oihalez, non ahalkarazten baitzuten jendearen begia.

        Baziren ere bide haren bi aldetan, izarrik ederrenek baino hobeki argitzen zuten bi argi herronka.

        San Maore beira zagolarik ikusgarri xoragarri hari, izpiritu dohatsu bat agertu zitzaion betbetan. Eta harrek galdetu zion:

        «Zer diozu bide hortaz? Eta zer uste duzu dela hori?». Eta fraide sainduak ihardetsi zion: «Nik, nola nahi duzu jakin dezadan bide hori zer den? Zuri nago, othoi mintza zaite, zer da bide hori hoin ederra?».

        Eta orduan izpiritu zerutiarrak erran zion: «Hori da San Benoat Jainkoaren zerbitzari maitea zerurat igan den bidea».

        Solhas horiek eman zioten atseginik handiena. Eta, aintzina ere, egon ziteken beira gogo onez; ordean suntsitu ziren, hala izpiritu zerutiar hura, nola bide guziz eder hura. Eta hainbertzenarekin, Maore Saindua ohartu zen bere haurriden artean zela.

        Kondatu zioten, beraz, bozkariorik handienarekin, zer gerthatu zitzaion eta zer ikusi zuen. Eta denak eman ziren Jainkoaren laudorioen kantatzen, eta hari eskerren ematen.

        Casingo komentuko fraide batek ere izatu zuen, San Maorek izatu zuen zorion bera.

        Harrek ere ikusi zituen gure Aita benedikatuarentzat egina izatu zen bide ederra, eta bide hartako oihaleriak eta argi distirantak.

        Eta oraino ere, beren besoetan zadukatelarik gorphutz maite hura, etzakitelakotz bizia ala hila zuten, harrek erran zioten guziei zer ikusi eta jakin zuen.

        Egia da, berri horrek eztitu ziotela, hein baterainokoan, beren bihotz-mina; ordean, etzioten ahantzarazten ahal, aitarik gabe zirela.

        Atxiki zuten ageria, egun hartan eta biharamunean ere bai. Biharamun hura Bazko eguna zuten. Eta gero, astelehenean, ezarri zuten hobian bere arreba Santa Escolazticaren aldean.

        San Benoat hil zen pontuan, asko mirakuilu egin ziren Subiakeko lezean.

        Maorek ere, eta haren lagunek, ikusi zuten laster, harrek erran bezala zohazkotela gauza guziak.

        San Erromanoren komentutik atheratu-eta, Orleango hirira heldu zirenean, jakin zuten berria, hek Manz-erat deitzen zituen Apezpiku Saindua hila zela, zenbeit egun hetan, eta jadaneko bazela bertze bat, haren ordain ezarria.

        Apezpiku berriari galdetu zioten, ian hartuko zituen, ala bertze norapeit joan behar zuten.

        Eta apezpiku harrek ihardetsi zioten, etzuela nahi, ez ongi ez gaizki, joan zitezen haren herrietarat.

        Orduan hasten zitzaizkoten, San Benoatek bere letran adiarazi nahi izatu ziozkaten lanak.

        Bainan etziren lotsatu; bazakitelakotz, Jainko Jaunak lagunduko zituela, eta izanen zutela, Manz-eko apezpiku zenak eman gogo zioten tokia baino hobea, eta komentuaren egiteko ere bai behar zuten guzia.

        Komentu berriaren egiteko lurra eta dirua, Erregeren gorteko jaun batek behar ziozkaten eman.

        Flores zuen izena jaun harrek.

        Eta berantxago, ez bide zitzaion iduritu bazuela aski eginik, lurra eta komentuaren egiteko dirua emanez, ezen ezarri zuen San Maoreren eskuetan Bertulfe bere seme bakharra, orduan oraino zortzi urthe zituena.

        Ez dugu hemen erraten ahal, San Maorek zer lanak eta zer gudukak izatu zituen bere lehen komentu hura egin bizkitarte.

        Ez ditugu ere hemen kondatzen ahal, nolako mirakuiluak egiten zituen, eta nola, haren etsaiak berak bortxatuak ziren, hari berari galdetzera, senda zetzala Jainkoak eman zioten gaitzetik, hartaz gaizki mintzatu zirelakotz, edo zerbeit eitate txar egin ziotelakotz.

        Erran dezakegun guzia hau da: Jainko Jaunak hain ongi lagundu zuela saindu hau bere egiteko guzietan, non hil behar zuen urthean, baitzituen bere meneko seietan hogoi komentu, fraide onez ederki betheak.

        San Maore bizi izatu zen, Frantziarat ethorriz geroz, San Benoatek erran bezala, berrogoi urthe. Eta gero, hil zen hirur-hogoi-eta-hamabi urthetan.

 

aurrekoa hurrengoa