www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hogoita hirugarren Kapitulua

San Benoaten Erregelako kapitulurik premiatsuenak

 

        Erran ondoan mundu guziari, aintzineko kapituluan irakurtu edo aditu ditugun solhas horiek, San Benoatek ematen daroku bere Erregela.

        Erregela horrek baditu hirur-hogoi eta hamahirur kapitulu. Eta San Benoatek erraten dio fraideari, xehetasunik handienarekin, zer behar duen egin, goizetik arratsera, bere egunaren eta biziaren sainduki iragaiteko.

        Mintzo da beraz, gabazko eta egunazko ofizioaz, lanaz, jan-edanez, loaz, beztiaz, hitz batez, fraidearen goiti-beheiti guziaz.

        Hemen ez ditut ezarriko kapitulu horiek guziak. Ez-eta kapituluetan dena ere, ez dut erranen hitzez-hitz, bainan hargatik, ez dut erranen gure Erregela Sainduak ekhartzen ez duenik deusere.

        Eta irakurtzaileak ikusiko du errexki, hemen erranen ditudanetarik, zer zuhurtzia handiarekin iskribatua izatu den Erregela hau; garraztasun handiegirik gabe dela beraz, eta gizonaren indarrek galdetzen duten bezalakoa.

 

* * *

 

                2ren Kapitulua
                Abadeak nolako izan behar duen.

        San Benoatek nahi du Abadea izan dadin bere fraiden alderat, aita bat bere haurren alderat den bezala.

        Aita batek maite ditu bere haurrak bere bihotz guziaz; bilhatzen du haur hekien ona bethi eta gauza guzietan; makhur abiatzen balin badire, egiten du bere egin-ahala hekien xuxentzeko; gaizki zerbeit egin badute, gaztigatzen ditu, eta aldiz kuraieztatzen, ongi hari balin badire.

        Hori bera da aita Abadeak edo komentuko lehen aintzindariak egin behar duena.

        Abadeak izan behar du bethi on, ordean nihoiz onegi edo flako; behar ditu ekharri fraide batzu eztiki, eta bertze batzu garrazki; behar diote adiarazi fraidei, zer eta nolakoak diren hekien egitekoak, ez xoilki hitzez, bainan bere bizitzeaz beraz.

        Abadeak behar du bilhatu bere fraiden arimako ona, hekien mundu huntako ona baino hobeki. Zeren-eta fraideak uzten baitu mundua, bere salbamenduaren egitea gatik, eta ez, bizitze gozo eta naturalezaren gogorako batez bizitzea gatik.

        Abadeak ez du ere ahantzi behar, konturik xeherena eta hertsiena izanen duela emateko egun batez, gomendatuak izatu zaizkon arima guziez.

 

* * *

 

                5ren Kapitulua
                Fraideak nola behar duen obeditu.

        Jesu-Kristo Gure Jaunak erran diote Apostoluei, eta ordu berean aintzindari guziei: «Zuei obeditzen darotzuenak, niri obeditzen darot, eta zuek mesprezatzen zaituenak, ni mesprezatzen nau. Qui vos audit me audit, et qui vos spernit me spernit» (San Lukas 10, 16). Jondoni Paulok ere erran daroku: «Jainkoak maite du, gogo onez ematen diona, bere eman behar duen hura. Hilarem enim datorem diligit Deus» (Korint. 9, 7).

        Fraideak bitez orrhoit beraz, obedientziak zerurat daramazkala, eta, aldiz, desobedientziak ifernurat; eta bertzalde, zenbatenaz ere gogo hobez eginen baitute manatua zaiotena, eta hainbertzenaz ere, izanen direla gehiago Jainkoaren gogorako.

        Egin dezatela beraz Erregela Sainduak edo aintzindariek manatzen diotena gogo onez eta alegerarik, erasiarik batere gabe, batere luzatu gabe; egin dezatela galdetua edo manatua zaioten lana berehala, eta manua izatu orduko.

        Zer begi onez begiratu dion Jainkoak, horrela egina diteken lanari!

 

* * *

 

                19 eta 20ren Kapituluak
                Othoitzaz.

        Nola Jainkoaren begia gizonaren gainera baitago bethi, bainan bereziki, othoitzean hari denean, fraideak egin behar du bere othoitza, emanez ongi bere gogoari, Jainkoaren aintzinean dela, eta Jainkoari mintzo zaiola. Behar du beraz fraidearen izpirituak kontu eman, zer daasaten haren ezpainek.

        Fraide guziek elkharrekin egiten dituzten othoitzak izan ditezela labur. Zeren-eta Jainko Jaunari hainitz atsegin gehiago egiten baitio othoitz labur eta kharsuki eginak, ezen-ez othoitz luze eta lazoki eginak.

 

* * *

 

                23, 24, 25 eta 28ren Kapituluak
                Nola behar diren gaztigatu fraiden hutsak.

        Gaztigu xumea emana izanen zaio huts xumeari.

        Bainan fraidea, huts handi batez hobendun bilhakatzen balin bada, hala-nola egiten balu desobedientzia handi bat, edo urguilutan sartzen balitz, edo oraino erasia zenbeit entzuten baliote, huna zer gaztigu behar duen:

        Haur edo gazte balin bada, eta ez badu aski zentzu gure gaztigu handien beldur izateko, orduan, izain du harrek senti dezaken bezalako bertze zerbeit gaztigu. Eskritura Sainduko solhas hunen arabera, zigorra urrikari duen aitak ez du maite bere haurra.

        Fraide hobendun denak balin badu zentzu osoa, berexia izanen da bertze fraide lagunetarik othoitzeko denboran, lanean hari delarik eta jateko tokian. Eta hola berexia egonen den denbora hartan, ez dio nihork emanen benedizionerik, ez agurrik eginen.

        Gaztigu hori ez balin bada aski, eta fraidea, umiliatu-orde gaztigu horren gatik, ematen balin bada urguilu handiagoan; iduriarazi ere nahi balu, ez duela hobenik harrek; eta hortakotz, ez balauka konturik ematen diozkaten kontseiluez eta egiten diozkaten othoitzez eta dixiduez, orduan Aita Abadeak eta bertze fraide guziek othoitz eginen dute harentzat; galdetzen diotelarik Jainko Jaunari, ahalik kharsukiena, berak senda dezala haurride eri hura.

        Eta komentuko othoitz guzien gatik ere, fraide hobenduna thematzen bada bere urguiluan, orduan, Aita Abadeak behar du pikatu eta komentutik kanpo arthiki menbro ihartu hura.

        Bai, khen dezala bertzen artetik ardi eri hura, arthalde guzia ez dadien khutsa haren eritasunaz.

 

* * *

 

                26ren Kapitulua
                Behin komentutik kanpo ezarriak izatu direnez.

        Norbeit khendua izatu balin bada komentutik, bere hutsen gatik, edo bera athera bada bere nahitara, eta gero, Jainkoaren graziaz argitua eta ukhitua, galdetzen badu berriz ere komentuan sartzea, hartua izanen da berriz ere. Ordean, ezarria izanen da bertze guzien ondotik.

        Eta gero ere atheratzen balitz, bigarren eta hirugarren aldikotz, oraino ere, hartua izan dadiela. Bainan, handik goiti, jakiten ahal du, komentuko athea etzaiola gehiago idekia izanen.

 

* * *

 

                27ren Kapitulua
                Abadeak zer artha behar duen gaizki zerbeitez hobendun
                bilhakatzen diren fraidez.

        Ebanjelio Sainduak erraten daroku, sendo direnek ez dutela miriku beharrik, bainan bai eriek.

        Hortakotz, Aita Abadeak izanen du gaizki zerbeitez hobendun bilhakatu diren fraidez, eriez izaten ohi den artha.

        Igorriko diozkate beraz, noizik-behinka, komentuko lehen fraidetarik zenbeit, hekien kontsolatzera, trixteziak ez dezoten gaina har, bainan umilia ditezen, urrikizko sentimenduetan ematen direlarik.

        Eginaraz dezala ere othoitz hekientzat, Jainkoaren amodioa finka eta gogor ahal dadin geroago eta gehiago, hekien bihotzetan. Confirmetur in eo charitas, et oretur pro eo ab omnibus (2. Kor. 2, 8).

        Abadeak berak ere, behar ditu ekharri, gaizki zerbeitez hobendun bilhakatu diren fraideak, eriak ekhartzen diren bezala, erientzat izaten den bezenbat eztitasunekin.

        Ezen Abade da, edo Aita, arima eriez artha hartzeko, eta ez, jende multzu baten nagusi izateko.

        Bertzela egiten balu, beldur izateko luke, ez ditezen iskribatuak izan harentzat Profetaren solhas hauk: «hartzen zinuten zuentzat ardi on eta gizena, eta khentzen bazterrerat ardi flakoa. Quod crassum videbatis, assumebatis, et quod debile erat projiciebatis» (Ezek. 31, 3).

        Abadeak egin beza, lehenagorik ere, artzain onak bezala. Artzain onak atxeman zuenean galdu zuen ardi hura, bere espalden edo sorbalden gainean ezarri, eta ereman zuen bere arthalderat.

        Irakaspen hortaz orrhoit bitez Abadeak edo aintzindari direnak.

 

* * *

 

                33, 34 eta 54ren Kapituluak
                Ian fraidek izan dezaketen deus-ere berenik.

        Fraidei etzaiote zilhegi frits baten izatea, ez-eta nihori deusen ematea, ez nihoren ganik deusen errezebitzea berentzat.

        Fraideak ez dire beren buruaren jabe izaten ahal, ez-eta bertze gauza deusen ere jabe.

        Hargatik, igurikitzeko dute, izanen dutela Abadearen ganik behar dutena, dela josteko, dela iskribatzeko, dela bertze edozer behar-ordutako.

        Erregelak dio oraino, fraide bakhotxari emana izanen zaiola bere beharraren arabera.

        Gutti baten beharra dutenak ez bitez trista; aitzitik, eskerrak eman betzote Jainkoari, zeren ez duten gehiagoko beharrik.

        Eta gauza hainitzen beharretan direnak umilia bitez, zeren ez diren gai bertzek bezala egiteko.

 

* * *

 

                36ren Kapitulua
                Fraide eriez.

        Abadeak behar du artharik handiena fraide eriez. Kontu handia egin dezala, beraz, erizainek ez detzaten ekhar eri hek lazokiegi.

        Jesu-Kristo Gure Jaunak erranen diote egun batez, zerukotzat hautatuak ditezken guziei: «Eri izatu naiz, eta, ethorri zaizkitet ikustera, ezen nere haurriderik xumenari egin diozuena, ni-neroniri egin darotazue. Infirmus fui et visitastis me. Quod enim uni de his minimis fecistis, mihi fecistis». (Mateo 25, 40).

        Abadeak ez detzala ahantz solhas horiek, eta etzaio nekhe izanen erien ekhartzea eta arthatzea, galdetua zaion bezala.

        Eriek ere orrhoitzeko dute, Jainkoaren ohoretan dituztela, emanak zaizkoten sokhorri eta artha guziak; eta ez detzatela unharaz beren haurrideak, behar gabeko gauzak galdetuz, eta aintzina ere galdetuz.

        Eri eta flako direnei zilhegi izaten ahal zaiote gizen jatea, hazkartu arte. Bainan sendatu diren bezein laster, eginen dute bertze guziek bezala, mehe.

 

* * *

 

                37ren Kapitulua
                Haurrez eta adinean aintzinatuak diren fraidez.

        Edozeinek badu urrikalmendu frango, hala jende zaharrentzat, nola haurrentzat. Hargatik ez da sobera, Erregela ere mintza dadin bi adin horietan diren fraidez.

        Adinean aintzinatuak diren fraideak beraz, eta oraino adinik aski ez dutenak, ekharriak izanen dire bertze fraideak baino hobeki. Eta hortakotz, horien jana izaten ahal da bertze fraidena baino hobea. Eta hala behar balin badute, egin dezatela ere beren othuruntza, bertze fraidek baino lehen.

 

* * *

 

                48ren Kapitulua
                Lanaz.

        Fraideak hariko dire lanean zazpi orenez. San Benoatek erran du, bertze kapitulu batean, fraidek behar dutela othoitz egin elkharrekin, egunean zazpi aldiz. Eta nahi du lanean ere hari ditezela, egunean zazpi oren.

        Gainerako denbora emanen dute, irakurtze on egiten. Fraidea ez dadiela izan sekulan lanik gabe. Alferkeria arimaren etsai nagusia delakotz.

        Igandetan, ez da bertze lanik izanen, baizik ere, irakurtze onen egitea. Eta hargatik, balitz zenbeit fraide, irakurtzen haritzeko aski zentzu edo jakitate ez lukenik, hari emana izan bekio lan zerbeit, hura ere ez dadin izan egitekorik batere gabe.

 

* * *

 

                49ren Kapitulua
                Garizumaz.

        Fraidearen egitekoa garizuman, hau izanen da: Ahalik saindukiena bizitzea, eta bertze denboretako lazakeriez penitentzia egitea.

        Behar da beraz garizuman, urrundu bekhatutik eta lehenagoko bekhatu eginez urrikitan sarthu, bertze denboretan baino ere hobeki; behar du egin bertze denboretan baino meditazione, irakurtze eta penitentzia gehiago.

        Eskain dezola beraz Jainkoari egun saindu hetan, zenbeit sakrifizio xume, edo jan gabe utziz jaten ahal luken pixka zenbeit, edo loari ez emanez nahi liteken denbora guzia, edo bertze zerbeit holako gauza eginez.

        Ordean fraideak ez du gauza horietarik deusere egin behar, bere burutara eta Abadearen baia gabe.

 

* * *

 

                58ren Kapitulua
                Nola behar diren errezebitu komenturat ethortzen direnak
                fraidetzeko gogoarekin.

        Arrotz bat ethortzen denean komentura, fraidetzeko nahikundearekin, athea etzaio berehala ideki behar, arrotz hura balin bada ere apeza.

        Ordean, behar zaio adiarazi zer lanak dituen komentuko bizitzean eta Erregela Sainduaren azpian jarri nahi denak. Ikus ahal dezan, sarthu baino lehen, ian bihotzak onhesten dion halako bizitze hertsian bizitzea.

        Eta gero hargatik, aintzina ere nahi balin bada fraide bilhakatu, orduan ezarria izanen da, urthe batentzat, fraidegoa zer den irakasteaz kargatua den fraidearen eskuetan.

        Eta urthe haren buruan, berari iduritzen bazaio on dela; eta komentuko fraidek ere onhesten badute, eginen ditu botuak; eta, egun hartarik goiti, Jainkoarena izanen da gorphutz eta arima.

 

* * *

 

                64ren Kapitulua
                Nola behar den hautatu Abadea.

        Komentu bateko Abadea izendatu edo hautatu behar denean, fraidek othoitz egiten dute lehenik, Izpiritu Sainduaren argien izateko, eta gero, ematen dituzte bozak.

        Eta nork ere baititu hiruetarik biak, eta hura hautatua da Abadetzat, bere bizi guzikotz.

        San Benoatek erraten du oraino kapitulu huntan, nolako berthuteak behar dituen Abadeak. Erraten dio beraz:

        Behar duela on izan, ordean flakeziarik gabe; behar duela ikusi, nori zer behar dion eginarazi, egiterat utzi eta egin-gabe utzarazi.

        Horrek erran nahi baitu behar duela, Izpiritu Sainduak bakharrik ematen ahal duen zuhurtzia.

        Hortakotz, behar ditu gogoan iduki Jakobe patriarkaren hitz hauk: «Ez ditut lasterregi kurriarazi nahi nere aziendak; zeren-eta sobra unharazten banitu, leherraraz bainetzazke guziak egun batez. Si greges meos in ambulando plus fecero laborare, morientur cuncti una die».

        Nork-berak ikus dezaken bezala, San Benoatek erakusterat ematen ditu bere Erregelan, Abadearen ganik galdetzen dituen ontasuna eta amodioa.

        Eta hemen erran dezadan bidenabar, San Benoaten nahia da, aintzindari guziek izan detzaten, beren meneko dituzten guzien alderat, amodio eta eztitasun bera.

        Eta halaz, Erregela Saindu hunen azpian jartzeko aski bihotz izatu dutenek, ikusten balin badute ere, noiz-edo-noiz, nagusiaren borthiztasuna, hutsen korreitzeaz dohanean, ordean ikusiko dute errexki Aitaren amodioa.

        Eta Aitaren mintzo ezti eta gozoaz hazkartuak eta sustatuak, maitatuko dute geroago eta gehiago Erregela Saindu hunen azpian bizitzea.

 

* * *

 

                72ren Kapitulua
                Nolako kharra behar duen fraideak bere bihotzean.

        Bi khar suerte izaten ahal dire gizonaren bihotzean.

        Norbeit ekharria izaten ahal da bertzen hutsen agertzerat, eta bertzen korreiarazterat, ez Jainkoaren amodioz, eta lagun hekien ona bilhatzen duelakotz; ordean bekhaizgoz edo jelosiaz, edo hotztasun pixka baten gatik.

        Eta hori khar gaixtoaren izatea da.

        Ordean bada oraino bertzelako khar bat. Huna:

        Norbeiti egiazki gaitzi bazaizko bertzen hutsak, Jainko Jauna damustatzen edo laidostatzen dutelakotz, edo arimak ifernuko bidean ezartzen dituztelakotz.

        Eta hori da khar onaren izatea.

        Lehen khar hura duena, Jainkoaren ganik urrunduz doha, eta heltzen ahal da ifernuko bideraino.

        Bigarren kharra duena zeruko bidearen erdian da.

        Fraiden bihotzak sustatuak izan bitez bigarren khar hortaz. Eta hortakotz, izan bezate elkharrentzat ahal bezenbat ikustate; jasan detzatela, khexatu gabe eta pazientziarekin, batzuk bertzen itzalak eta hutsak; egin dezatela batzuk bertzen nahia.

        Fraidek bilha dezatela bertzen ona, eta ez berena.

        Eta hortakotz, izan bezate elkharrentzat amodio bat garbia eta saindua; maita dezatela oraino beren Abadea, orrhoituz Jainkoaren ganik duela bere bothere guzia.

        Eta azkenean, izan bitez Jainkoaren beldur, eta ez dezatela nihor, ez deusere maita Jesus Jauna baino gehiago, Jaun on harrek gida gaitzan guziak, bere odolaren gostuz, merezitu darokun bizitze eternalerat.

 

* * *

 

        Erregela hau iskribatu ondoan, San Benoatek erraten diote bere fraidei, azken kapitulu batean:

        «Haurride onak, bizi gaiten Erregela hunek dion bezala; erakuts ahal dezagun, badugula, ez bada ere saindutasuna, bederen saindutasunaren zerbeit hastapen.

        »Eta gero, saindutasun egiazkora heldu nahi direnek, irakurt betzate Elizako Aiten liburuak, eta gure Aita San Bazilioren Erregela. Han ikusiko dute zer behar duten egin, saindu bilhakatzeko.

        »Guk, lazakerian eta nagikerian bizi garenek, ez dugu bertzerik merezi, baizik ere ahalkea.

        »Zuek beraz, nor-nahi izan zaitezten, mundua utzi duzuenak zeruaren irabaztea gatik, emazue kontu, Jesus Jaunaren laguntzarekin iskribatu dudan Erregela huni.

        »Eta Jainkoaren graziarekin batean, joanen zarete Erregela hunek erraten duen baino urrunago ere, berthute goragoko batzuk ere pratikatuko ditutzue. Hala-biz».

        Huntan akhabatzen da San Benoaten Erregela Saindua.

 

aurrekoa hurrengoa