www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hemezortzigarren Kapitulua

Santa Escolazticaren azken aldikotz ikustea
eta Sainda haren heriotzea

 

        San Maorek egiten zituelarik aiphatu ditugun mirakuiluak, eta horrela ezagutarazten hari zuelarik, Frantziako hirietan eta herrietan gaindi, bere Aita Abade Sainduaren izena, San Benoat bera hari zen heriotze on baten egiterat ahalik hobekiena preparatzen.

        Eta nola Jainko Jauna bera baita, ematen darozkiguna merezimenduen irabazteko bideak eta graziak, Jainko Jaunak galdetzen ziozkan, batzu bertzen ondotik, haren bihotzak egin zetzazken sakrifizio guziak.

        Jadanik heldua zelarik beraz, hil behar zen urthera, otsailaren seian athera zen komentutik, fraide lagun batzuekin, eta jautsi zen mendi mazelan zuten etxe ttikira. Hura zelakotz Santa Escolazticarekin mintzatzeko hitzartua zuten eguna.

        Ez dugu zeren erran, Santa Escolazticak etzuela huts egin, harat joaitea, eta han izatea Anaia baino lehen.

        Bertzalde, hala San Benoatek, nola haren arreba sainduak, biek bazakiten etzutela gehiago elkhar ikusiko mundu huntan.

        Hala-hala, egun hartan guzian, etzuten bertze solhasik izatu, baizik ere zeruaz eta sainduek zeruan duketen zorionaz.

        Arratsalde aphalean, ordukotz egina zutelarik halako orduetan egiten ohi zuten othuruntza ttikia, San Benoat xutitu zen, bazohala komenturat.

        Eta nola Santa Escolaztica eta haren lagunak aintzina ere jarririk baitzauden, gure Aita loriosa hari zen bere gogoarekin, zergatik etziren hek ere abiatzen, arrebak erran zionean, zerutiar izpiritu baten mintzo ezti eta maitearekin:

        «Beira, nere Anaia ona, etzaitzu, othoi, gaitzitu behar, zuk nahi etzinuken galde bat egiten badautzut. Badakizu ez dautzudala bertzerik eginen. Othoi beraz, sinhets nazazu:

        »Nahi nuke baitezpada, gau hau guzia, egoten bagine elkharrekin. Behar gare mintzatu, bihar goiz-arteraino, zeruko atseginez eta zorionaz».

        Ustegabeko galde horrek harritu zuen Benoat Saindua. Ezen ikusten zuen, gabaz komentutik kanpo egotea, eta hori, arrebari atsegin egitea gatik, Erregelaren haustea zela; eta, ordu berean, irakaspen txar baten ematea fraide guziei. Ihardetsi zion, beraz, bizi-bizia:

        «Zer tutzu solhas horiek? Zer iragan zaitzu burutik, holako galde baten niri egiteko? Zergatik galdegin, onhets ez dezakedana?».

        Escolazticak bazuen aski entzunik. Bazakien arras ongi, haren anaiari gauza baten galdetzea behin edo hamarretan, batera zohala; etzela hura gizona, egiteko bertze baten atseginaren gatik, kontzientziak onhartzen etzion gauza.

        Eta bizkitartean, nahi zuken, oraino ere, mintzarazi Jainko Jaunaz, zeruaz eta zeruko gauzez. Zeren eta, ordu arteraino erran ziozkanek ez baitzioten bertzerik egin, baizik ere, hazi eta hazkartu Jainkoaren amodioa, eta su handiago batez sutan ezarri bihotz guzia.

        Sainduak bere eza erran zioneko beraz, pausatu bere bi eskuak mahainaren gainean, eta gorde zuen begitartea hekien barnean, hobeki othoitz egiteko.

        Harrek burua aphaltzean, zerua dena izarrez bethea zen, eta etzen nihon hedoiik xumerena ere ageri. Eta halarik ere, othoitz labur bat egin-eta, burua altxatu zuenean, edo hobeki errateko, harrek burua altxatzearekin batean, jadaneko denbora belztua zen, ximixta ikharagarri batzuk joan nahi zuten begietako argia, ihurtzuriak hari ziren karraskarik handienean, eta uria ere hari zen jauts ahala-jauts.

        San Gregoriok dio, emakume saindu harrek mahainaren gainera egin zituen nigarrak zirela hedoi eta uri bilhakatu.

        Jainkoaren Zerbitzari handiak ikusi zuen halako ihurtzuri eta ximixtekin, eta halako uri ikharagarriarekin, etzitekela etxe hartarik athera. Bainan eman zion aditzerat arrebari, etziola atseginik egin, hitz hauk erraten ziozkalarik:

        «Jainko Jaunak barkha dezautzula zure lana! Bainan errazu, zer haritu zaizkit?».

        Eta Santa Escolazticak ihardetsi zion, irri ezti bat egiten ziolarik:

        «Ni, zer haritu naizen? Huna: othoiztu zaitudanean, eman zinezadan gauza bat, atseginik handiena egin behar zarotana, badakizu nola hartu nauzun. Orduan hersatu edo adrezatu naiz Jesus Jaunari, eta horra, nola Jesus Jaunak ihardetsi duen nere galdeari.

        »Orai beraz, athera zaite, ahal baduzu! Utz nazazu ni hemen, eta zu, zohazi zure komenturat».

        Nahi-eta-ez, San Benoatek ezagutu zuen Jesus Jaunak maite zuela handizki haren arreba saindua, hain laster onhetsi zuenaz geroz haren othoitza. Eta egin zuen bere baithan, Jainkoaren nahia zela gau hura han berean iragan zezan.

        Santa Escolazticak erran zion hargatik bertze behin: «Hain ona zarenaz geroz, komentutik kanpo egoterainokoan gau bat osoa neregatik, egiazki eskerrak darozkitzut».

        Sainduak aithortu zion, etzagola haren gatik, edo hari atsegin egin beharrez, bainan bakharrik Jainkoaren nahia hala zelakotz. Eta hasi ziren, berriz ere, zeruaz eta zeruko gauzez mintzatzen. Eta oraino ere, hala-hala mintzo ziren, ohartu zirenean gaba iragana zela, eta jadaneko argia hasia.

        Orduan jeiki ziren mahainetik, eta joan ziren beren komentuetarat, ziotelarik, berriz ere elkhar ikusiko zutela, denbora handirik gabe, ez lurrean, bainan zeruan, eta etzirela gehiago elkharretarik urrunduko.

        San Gregoriok kondatu daroku ixtorio hau guzia. Harrek errana dugu oraino, anai-arreben arteko gora-behera hau, eta nola, Jainko Jaunak erakusterat eman zuen arrebaren alde zela.

        Eta ixtorioa kondatu ondoan, erraten daroku, ez dugula sobera miretsi behar arrebak irabazi balin bazuen ere hauzia, harrek zuela, alabainan, gehienik maite Jainkoa; eta hortakotz harrek zuela bothererik handiena Jainkoaren aintzinean.

        Escolazticaren arima zen, lehenik joan beharra zena zerurat. Eta hori gerthatu zitzaion, bere anaia sainduarekin gaba iragan zuenetik, hirur egunen buruko.

        Hargatik etzen eri, San Benoaten ikusten izatu zenean. Bainan Jesus Jaunaren amodioaz errea zagon aspaldion. Amodio haren suak hautsi ziozkan beraz, lurrari estekatua zadukaten lokharriak. Eta arin eta eder, hegaldakatu zen zeruko loriarat.

        Birjina sainda hura azken hatsetan zelarik, San Benoat leiho ondoan zen, othoitzean hari, ikusi zuenean betbetan uso eder bat zerurat zohana airez-aire.

        Eta mintzo batek erran zion Escolazticaren arima zela, zerurat zohana, uso haren itxuran.

        Berri horrek halako bozkarioa eman zion gure Aita benedikatuari, non, berehala hasi baitzen Jainkoaren laudorioen kantatzen eta Jainkoari eskerren ematen.

        Gero, igorri zituen fraide batzu gorphutz saindu haren bilha, nahi zuelakotz ehortzi beretzat egina zuen hobian berean.

        Bitartean liburu-egilek diote, gorphutz hura etzela eremana izatu Casingo komenturat, hirur egunen buruan baizik; San Benoatek utzi zuelakotz bere komentuan, serorei atsegin egitea gatik eta hekien kontsolatzea gatik.

        Hirur egun hekien ondoan, ereman ziotenean bere arreba maitearen gorphutza, haren hilik ikusteak hautsi zion, nahi-eta-ez, bihotza; eta nigarra jauzi zitzaion. Etzuen ere gorde nahi izatu haren galtzeak ematen zion bihotz-mina.

        Hargatik, gogoz ematen zelarik Jesus onaren gurutzearen oinetan, egin zuen azken sakrifizio hura ere. Eta gero, ehortzi zuten zohakon ohore guziarekin, San Benoatek beretzat egina zuen hobian.

        San Benoatek ezarraraziz bere hobian gorphutz saindu hura, nahi zuen harenaren aldean izan zadiela, azken juiamenduko eguneraino; sortzeak eta graziak elkharrekin ezarri eta elkharri josi zituenak hain hertsiki, etzitezen berexiak izan elkharretarik, ez-eta herioaz beraz ere.

 

* * *

 

        San Benoatek egin zuena bere arreba sainduaren gorphutza ikusi zuenean, horra, guk ere, egiteko ginukena, ahide edo adixkide maite zenbeit hiltzen zaikunean.

        Orrhoit gaiten beraz, halako orduetan, etzaikula galdegina, hotz-hotza eta sentimendurik gabe izatea. Ez, etzaio gaitzi Jainkoari ikustea gure begiak bustitzen direla nigarrez.

        Berthutearen izatea ez da bihotzik gabe izatea.

        Jainkoak galdetzen darokuna da, har detzagun haren eskutik eta haren ohoretan, horrelako gurutzeak. Eta horra, zertan erakusterat emanen diogun maite dugula.

        Eta beraz, atsekabe handi zerbeit dugunean, edo galtze handi zerbeiten egitea gerthatu zaikunean, ez detzagun begien aintzinean iduk, bethi eta bethi, atsekabe hek eta galtze hek. Ezen hori liteke gure bihotzaren geroago eta gehiago belzteko eta eriarazteko biderik hoberena.

        Guk egin behar duguna hau da: orrhoitzea Jesus Jaunak, gure salbatzea gatik, hartu dituen atsekabez; othoitz gehiagoren egitea, edo bederen gure othoitzen egitea, bertze denboretan baino hobeki; eta gero oraino, komunione on batzuen egitea.

        Gohazen bide hortarik, eta eremain tugu gure gurutzeak, uste baino errexkiago.

 

aurrekoa hurrengoa