www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hogoita batgarren Kapitulua

San Benoatek mundu guziari egin diozkan ongiak

 

        Orai errana dugu San Benoatez ginakiena. Ikusi dugu zer bothere handiak eman ziozkan Jainkoak, oraino lurraren gainean zabilalarik; ikusi dugu halaber, nolako botherea duen oraiko egunean ere, Jainkoaren aintzinean; eta hargatik, ez gare gelditzen ahal, bertze zenbeit lerro iskribatu gabe.

        Edozeinek ikus eta ezagut dezaken gauza bat da, gure denborak hitsak direla; eta, bederen lur lanetan hari den jendeak baduela zer egin, bere ezin-biziarekin.

        Eta bizkitartean, oraiko denborak baino hitsagoak eta beltzagoak ere ziren, lehenbiziko mendetako giristinoen egunak. Ez dugu, beraz, eman behar gure gogoari San Benoaten denboran, egiteko guziak orai bezalatsu zohazila.

        Denbora hetan, jende-alde handi batzu atheratzen ziren, noizetik-noizera, Rusiako eta Alemaniako eskualdetarik, edo orobat Afrikako zokhoetarik, eta sartzen ziren, beren azienda guziekin, Frantziako, Espainiako eta Italiako lur erabilietan, orgetan zakharzkatelarik beren haurrak eta emazteak.

        Hekien lehen lana, herri edo hiri baterat heltzen zirenean, hau zen: hekiei jazarri nahi zen jende guziaren hilaraztea. Eta, aintzina kurritu gogo balin bazuten, erretzea eta funditzea hekientzat on etzen guzia.

        Horrela ethorri ziren orai Frantzia deitzen dugun herri huntarat frantsesak, bretoinak, normanak eta burgonak.

        Espainiako lurretan sarthu ziren vandalak, agotak, alemanak eta arabesak; eta Italiako lurretan, vandalak, abarak, lonbartak, turkoak eta bertzerik asko.

        Jende hek guziak basa hutsak ziren. Eta hortakotz, etzuten bilhatzen beren ona baizik. Bertzalde, guziak pagano ziren edo heretiko. Horrek erran nahi baitu, bazutela gure Erlisione Sainduarentzat higuintzarik handiena.

        Hala-hala, iragaiten ziren tokietan hiltzen zituzten atxeman zetzazketen apez eta fraide guziak; erretzen zituzten elizak eta komentuak; ebasten zituzten atxeman zetzazketen aziendak, abereak eta jatekoak. Eta, gorago erran dugun bezala, funditzen zuten eta ezartzen nihorentzat on etzen bezala, berekin ereman etzezaketena.

        Hargatik jende-aldeak ethorri zirelakotz luzez, batzu bertzen ondotik, azkenekotz arrotzak nagusitu ziren Frantziako, Espainiako eta Italiako lur guziez. Eta herri horietako jende zaharra galdu zen edo urthu, emeki-emeki, arrotz hekien artean.

        Ordean urrunegi noha, erratean Eropako jende zahar guzia galdu eta urthu zela arrotz hekien artean.

        Ezen eskualdunak ere Eropan ziren. Bainan eskualdunak etziren galdu ez urthu. Egia da, ezin atxiki ahal izatu zituztela jende-alde basa hek guziak, beren herrietarik kanpo. Ordean sarthu zaizkotenak, etzituzten lakhetzerat utzi.

        Ez! denak kasatu zituzten emeki-emeki.

        Horra zergatik eskualduna, eskualdun gelditu den, eta nola duen bere odola garbi, jende basa hekien odoletik.

        Zerbeit dakiten guziek diotena da, eskualduna dela, Eropako jende guzien artean, lehen-lehena.

        Aiphatu ditugun jende arrotz eta basa hekien lanik maitena, artzaingoa zen, eta gero gerla, eskas zutenaren ebasteko batzuei eta bertzei.

        Zer izanen zen beraz gure Erlisione Sainduaz, eta Eropako jendearen goiti-beheitiaz, Jainko Jauna ez balitzaiote urrikaldu?

        Nork daki?

        Ordean bazter guziak fundituak zirelarik, eta lurrik gizenenak berak, oihan bilhakatzen hari zirelarik, Jainkoak ematen ziozkan bere benedizione guziak San Benoati. Eta manatzen zion, zohala jende basa hekiei irakastera zer behar zuten egin mundu huntako biziaren irabazteko eta zeruko loriarat heltzeko.

        San Benoat etzen lan hortan hasi, bera saindu handi bilhakatu zenean baizik.

        Bainan orduan, hain ongi hasi zen, non gaixtaginik handienak ikharetan baitzauden, haren aintzinera zireneko.

        Erran nahi baita, San Benoatek gogoetarazten zituela jenderik oiesenak, bere mirakuiluez, eta zaraman bizitze sainduaz.

        Eta gero, irakatsi ondoan, ez ginela lur huntarat ethorriak, baizik ere zeruko loriaren irabazteko, adiarazten zioten zer eternitate ikharagarria dagon gaixtaginarentzat, zerukotzat on izanen ez den arima dohakabearentzat.

        San Benoatek ez balu ere bertze lanik egin, baizik ere orai aiphatzen dugun lan hau, bazuken aski eginik, gora izateko Jainkoaren lorian.

        Bainan berak egin duen ongia gauza guttia da, bere Erregela Sainduaren bidez egin duenaren aldean. Nork erranen daroku, zer ongiak-eta-ongiak egin dituen bere fraiden bidez, edo batera dohana, haren Erregelari jarraiki behar zuten gizonen bidez!

        Gure Aita loriosak egin zuen bere Erregela guziz aiphatua, hainbertze ongi egin behar zuen Erregela hura, Jainkoaren manuz, eta haren argiekin batean.

        Horra nolaz lurraren gainera agertu diren gizonik jakintsuenek eta aiphatuenek, Aita-Sainduek eta Konzilioek miretsi, miretsarazi eta gomendatu duten.

        Egia da hargatik, ez direla bakharrak Erregela horren itzalak berak ere lotsarazten dituenak, beren gogoak ematen lioketelarik, behin baino gehiagotan, ongi baino hobeki egin lezaketela Erregela horren azpian jartzea.

        Eta zuk, irakurtzailea, ez dezazun eman, zuk ere, zure gogoari, hertsiegia dela edo xutegia komentutik zerura dohan bidea, eta ez dezazun utz, horrela, lurrerat erortzerat Jainkoak ematen ahal darotzun graziarik baliosena, ikusazu zergatik Jesus Jaunak ereman duen, lurrean egotu den denbora guzian, komentuetan sartzen denak baizik ereman ez dezaken bizitzea.

        Ezen, badakigu, Jesus Jauna sorthu dela heia batean, eta bizi izatu dela lanetik, eta oraino hain pobre, non erraten ahal baitzuen, etzuela bererik, ez-eta harri bat ere, bere buruaren azpian ezartzeko.

        Badakigu halaber, Nagusi Jainko hark ereman duela bere bizi guzia, atseginik batere gabe eta bethiereko martirio batean.

        Badakigu oraino, bizi izatu dela hastetik eta akhabantzaraino, bere bizi guzia, bethiereko obedientzia batean; hogoita hamar urthez, obeditzen ziotelarik Maria bere Amari eta San Josepi, eta bere biziko azken egunetan, obeditzen zuelarik Judasi eta burregoei berei.

        Berriz ere galdetzen dut, zergatik egin du Jesusek horrela?

        Guri irakasteko, zer egin dezaken gizonak, Jainkoaren graziarekin batean.

        Eta non dire kontseilu horiek, manutzat hartuak eta ponturen-pontu atxikiak? Non da jendea bizi pobrezia osoan, garbitasun osoan eta obedientzia bethierekoan; hitz batez, Ebanjelioko kontseiluen arabera?

        Komentuetan. Eta han bakharrik.

        Horrek erran nahi baitu, komentuetako bizia Jesus Jaunaren nahitik dela, eta komentura dohanak Jesus Jaunari atsegin egiten diola; non-eta ez luken munduan egoteko, burasoen sokhorritzea gatik.

        Eta hortakotz, dohala komenturat, gogoz sendo edo hazkar den giristinoa. Ezen arima kharsu batek zer irabaziak ez ditu eginen, obedientzia sainduari esker! Eta gero, zenbatez ez dire haren zeruko loria eta zoriona, munduan egon balitz baino, handiagoak izanen, menderen-mende, eternitate guzian!

        Dohala oraino, komenturat, eta batere beldurrik gabe, halere, munduan eror-eta-xuti dabilan giristino flakoa. Ezen komentuko bizitzeak hazkarraraziko du hura ere. Eta harrek ere eginen du errexki bere salbamendua, komentuko pareten gerizan.

        Zeren-eta San Benoaten Erregela (eta bertze komentuetako Erregela ere bai), arima kharsuei dohakoten bezalakoa baita, eta ordu berean, eri eta ahul edo flako direnen indarrek galdetzen duten bezalakoa; eta-ez, batere borthitzegia.

        Eta huna, zertarik ezagut dezaken batbederak, egiaz mintzo naizela, hemen erran dudan guzia egia dela, eta gure komentuetako bizitzea ez dela borthitzegia nihorentzat:

        Izatu dire ehun enperadore, errege eta erregina, beren jauregi eta jargia edo tronu ederrak utzi-eta, gure komentuetan fraide edo serora bilhakatu direnak.

        Denbora batez, bazen munduan gure Ordenako berrogoi mila komentu baino gehiago. Eta, oraino, ez duelarik berrehun urthe, baziren hogoita hamazazpi mila.

        Hogoita bortz fraide athera dire gure komentu horietarik, Aita-Saindu izateko; berrehun, kardinale izateko, eta sei mila baino gehiago, apezpiku edo arxapezpiku izateko.

        Bertzalde, gure komentu horietan hil direnetarik Elizak ezagutzen eta ekhartzen ditu saindutzat, berrogoita hamabortz mila eta zazpi ehun fraide eta serora. (Aita Texier jesuistak dio hau guzia).

        Eta erran dezakeguna oraino, tronpatzen garelako beldur handi bat gabe, hau da:

        Gure komentu horietan, hamalau ehun urthez hil diren bertze hainbertze ehun mila fraide eta serorek ere badutela, egungo egunean, Jainko Jaunaren ikusteko zoriona; edo, bederen, zorion hartarat heltzeko bidean direla.

        Orai bada, irakurtzailea, eman dezagun hala ez dena, bainan eman dezagun, fraide eta serora hek ereman dutela beren bizia, komentuan egotu diren denbora guzian, atseginik batere gabe eta bethiereko atsekabetan. Ordean, hara non diren orai dohatsu, eta dohatsu sekulakotz.

        Ba othe dute urrikirik?

        Eta zuk, iduritzen bazaitzu Jainkoak bere ganat deitzen zaituela, edo nekhe izanen dela zuretzat munduan salbatzea, zergatik ez duzu eginen egin-ahal bat ikusteko, ian horrelako bizia zure indarrez goragokoa den, bai-ala-ez?

 

* * *

 

        Baditeke, norbeitek eginen duela bere baithan azken lerro hauk irakurtu-eta, komentuan ere, fraideak azken hitza bere duela.

        Ordean, fraideak maite izan dezala fraidegoa, zer da hortan behar-ez-denik?

        Eta nori gaitzitzen ahal zaio, nik nere Ordrearen maite izatea!

        Ez, hori etzaio gaitzituko eskualdun irakurtzaileari.

        Eta bertzalde, lerro hauk irakurtu-eta, norbeitek utz dezala mundua, eta haina-harrek beretzat duke irabazi guzia.

        Huna beraz, gure Erregelaren kapitulu premiatsuenetarik zenbeit; eta lehenik, San Benoatek bere Erregelaren hastean ezarri duen aintzin-solhasa.

 

aurrekoa hurrengoa