www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hamalaugarren Kapitulua

San Placideren eta haren lagunen heriotzea

 

        Aiphatu ditugun mirakuilu horiek erakusten daukutena hau da: Jainko Jaunaren benedizioneak gure Aita loriosaren gainerat jautsiak zirela.

        Mirakuilu horiek adiarazten darokute oraino, sutan den lezeko erregeak etzuela indarrik aski San Benoati kalterik egiteko.

        Bitartean, etsai errabiatu harrek etzuen oraino etsia hartua. Eta ikusi nahi izatu zuen, oraino bertze behin, ian ez othe zuen, bada, nolazpeit ukhituko eta eriaraziko haren bihotza.

        Erran dugu goraxago, nolako berri onak izatu zituen San Benoatek Ciciliako islatik. Bai, jakin zuen egiteko guziak ongi zohazkola Placide haren haur maiteari. Eta ez dugu zeren erran, eskerrak eman ziozkala Jainkoari.

        Berantxago, jakin zuen oraino, hogoita hamar fraide-gaiek egin zituztela botuak, eta hari zirela denak, zein kharsukiago, beren saindutasuneko lanean.

        Eta berri horrek are atsegin handiagoa egin zion Abade Sainduari.

        Bainan hurbildua zen ordukotz, bertzelako berri bat ere ekharri behar zioten eguna.

        Bortz ehun eta berrogoita batean ethorri zitzaion, beraz, San Benoati berria, untzi-kapitain batek hil zituela Placide Saindua eta haren lagunak, eta komentua ere erre zuela.

        Eta huna gauzak nola iragan ziren:

        Gau batez, San Placide eta haren lagunak beren gabazko ofizioaren kantatzen hari zirelarik, pagano armada ikharagarri bat jautsi zen leihorrera, San Placiden komentuari hurbil.

        Manuca deitzen ohi zuten pagano hek beren aintzindaria.

        Hura zen gizon bat guziz oiesa eta itsasoz-itsaso zabilana, ehunbat untzitara gizonekin, non zer atzemanen zuen.

        Egia da nekhaitzak edo denbora gaixtoak bortxatu zuela, aldi hartan, Ciciliako isla hartarat joaiterat; ordean, ikusi zituenean elizako argiak, eta aditu zituenean fraide hekien kantuak, igan zen berehala komentura bere gizon guziekin.

        Etzuten ere denbora handirik eman, ezin hautsiz komentuko atheak.

        Ez! hautsi zituzten laster, haizkora ukhaldika.

        Hainbertzenarekin, Gordianok, Placide Sainduaren lagun joan ziren bi fraidetarik batek, kanpoa hartu zuen. Eta nola bertzeak, Donado deitzen zutenak, galdetu baitzioten zertako behar zituzten hautsi athe hek, hura han berean hil zuten.

        Hortarik ezagutu zuten bertze fraidek galduak zirela.

        Eta, ez balute ere beren fraide laguna hila ikusi, ezagutzeko izanen zuten galduak zirela, ohoin hekien oihu eta izkirituetarik.

        Etzen ere ordu ihesari emateko, ezen elizako atheak etsaien eskuetan zituzten, ongi ohartu orduko zer gal-ordean ziren.

        Eman ziren beraz Jainkoari buruz, hari beren arimen gomendatzeko, uste baitzuten beren azken orenerat helduak zirela.

        Hargatik etziren oraino, orduan berean hil beharrak. Zeren-eta Jainkoak nahi baitzuen San Placidek eta haren lagunek izan zetzaten martir egiazkoen ohoreak; eta ez baitzituzten izanen, ohoin batzuz doidoia hilak izatu balire.

        Orduan berean hil-orde beraz, ezarri zituzten guziak barne berex batean.

        San Placidek ikusi zuenean berak zirela, egin zuen bere aintzindaritasunak manatzen ziona: eman zen bere lagun guziekin belhauniko, eta othoiztu zuen Jesus Jauna, guzien izenean, etzadiela urrunt hekien ganik.

        Erran bide zioten ere bere lagun hekiei, pagano batzuen eskuetan zirenaz geroz, gerthatzen ahal zitzaiotela zer-nahi. Menturaz oinhazerik ikharagarrienen erdian hil beharko zutela, bainan etzutela zeren izit, Jainkoak emanen ziotela behar zuten indarra, eta zeruan ere bai, are handiagoko saria.

        Solhas horrek, eta guzien gainetik beren Nagusi maiteari ikusten zioten bozkario sainduak, sutan ezarri zituen fraide hek guziak.

        Hala-hala, beldurrik ez ikhararik gabe ikusi zuten egunaren argia, nahiz erraten zuketen batzuk bertzei hura zela hekien azken eguna.

        Beira zaudelarik, beraz, zer ikusi behar zuten, pagano hek ethorri zitzaizkoten. Ez hargatik, oraino aldi hartan gaizki zerbeiten egitera. Ordean, nahi zituztelakotz ezarri saindu hekiekin, bertze hirur kanpoko, fraide etzirenak.

        Kanpoko hek ziren San Placideren hirur haurride: arreba bat eta bi anaia.

        Bazuen jadanik zenbeit egun komentuan zirela, eta aintzina ere han zauden, bethi abian eta nihoiz ez joaiten. Xoratuak eta lorian zaudelakotz, beira, hango gauza guzien ordre onari, fraide hekien umilitateari eta bildura sainduari; eta, bereziki, beren anaia maiteak erraten ziozkaten solhas on eta jainkozkoei.

        Eta horra nola, atzemanak izatu ziren pagano oies eta gogor hetaz.

        Ez dakigu, ian erran othe zuten komentuko Aintzindariaren haurrideak zirela.

        Bainan erran bazuten eta ez bazuten, deithuak izatu ziren juiearen aintzinera, bertze fraidekin batean.

        Manuca erraten zioten gizon hura, etzen bakharrik ohoin-nagusi bat, diru edo onthasunketa zabilana. Gizon hark bazakharren oraino, bere bihotzean higuintzarik handiena giristinoentzat.

        Etzuken, alabainan, entzun nahi nihoren ganik, ohoinen tokia bertze munduan, ifernuan izain dela.

        Erran zioten beraz martirei, bere aintzinera ethorri zitzaizkonean:

        «Ikusten duzuen bezala, zuen bizia nere eskuetan da; erradazuet beraz: zer zarete zuek?».

        Eta bertze guziak ixilik zaudelarik, San Placidek ihardetsi zion:

        «Gu! giristinoak! Eta nahi balin baduzu oraino bertze zerbeit xehetasun: Huna, hauk biak nere anaiak dire, Etikio eta Bitoriano. Eta huna hau, nere arreba, Andre Flabia. Ni aldiz, bekhatorea, Placide deitzen naute. Eta hauk guziak, nere haurride lagunak dire, komentu huntan nerekin bizi direnak».

        Orduan erran zioten Manucak:

        «Giristino zaretenaz geroz, behar duzue arbuiatu zuen erlisionea. Eta utziko darozkitzuet bizia eta zuen onthasunak, eta nahi duzuena eginen duzue. Ordean ezpaduzue egin nahi erraten darotzuetana, beharko duzue jasan zer-nahi tormenta».

        Aldi hartan ere, San Placidek ihardetsi zion, erraten ziolarik:

        «Gure onthasunez eta gutaz eginen duzu nahi duzuna. Ordean, guk ez dugu orai ez gero, arbuiatuko gu ezdeusetarik egin gaituen Jainkoa».

        «Hori, gero ikusiko», ihardetsi zion ohoin-nagusiak. Eta ematen zelarik han ziren bertze fraide hekiei beira, erran zioten, mintzo zorrotz eta idor batekin:

        «Entzun dugu zuen nagusiak erran darokuna. Ordean zuek, zer diozue? Zer duzue nahiago? zuen erlisionearen arbuiatzea ala hiltzea, oinhazerik ikharagarrienen erdian? Mintza zaitezte».

        Bai! saindu hek ere mintzatu ziren, eta ihardetsi zioten:

        «Zuk, baitiozu entzun duzula Placide gure Aitak erran darotzuna, jakinazu beraz, gu guzien izenean mintzatu zaitzula. Komentuan garen guziek gogo bera dugu, xede bera eta bizitze bera.

        »Giristino gare eta, bertzalde, Benoat Sainduaren Ordenako fraide.

        »Eta orai, egizu gutaz nahi duzun guzia».

        Solhas hori etzen Manucaren eztiarazteko gai zen solhas bat.

        Ez! solhas hori entzun-eta, Manucak eman zuen berehala manua, fundi eta xehaka zetzatela guziak, azote eta zigor edo zaharo ukhaldika.

        Gero, aski joak eta ahulduak zitezkela iduritu zitzaionean, berriz ere galdetu zioten, ian etzuten bada egin nahi hark erraten ziotena.

        Eta denek ihardetsi zioten:

        «Giristino gare eta giristino izanen, azken hatseraino. Egizu gutaz nahi duzuna».

        Ohoin-nagusiak, etzakielakotz bertzerik zer egin, hasarazi zituen berriz ere burregoak, azote eta zigor ukhaldika. Eta hariarazi zituen, hekien gorphutzak larrutu arteraino.

        Ordean larrutu bazituen ere, etzituen oraino garhaituak.

        Ez-ez! etziren garhaituak.

        Beren tormenta hekien erdian, Jainkoa ganat altxatuak zaduzkaten beren izpirituak eta bihotzak. Eta Jainko Jaunak ematen zioten behar zuten indarra.

        Manuca ere ohartu zen noizbeit, etzela deusik hari.

        Orduan estekarazi ziozkaten zangoak eta besoak, eta hetsi zituen komentuko sala-nagusian, erraten ziotelarik egin zezatela kontu ongi zer hari ziren; bertzelakoak zitezkela hekien tormentak biharamunean, non-eta etziren gogoz ganbiatzen.

        Dixidu edo mehatxu horiek etzituzten durduzarazi martiren bihotzak. Ez! etziren oinhazen beldur. Izatekotz-ere, bazuten beren bihotzetan oraino gehiagoren pairatzeko gutizia saindu bat.

        Hargatik Jainkoari eskerrak eman ondoan ordu arte eman ziozkaten graziez, galdetu ziozkaten biharamuneko behar zituztenak.

        San Placide ere etzagon ixilik. Ordean, erraten zioten nolako atsegina egiten zioten Jesus Jaunari haren gatik pairatuz eta ixuriz beren odola; eta gero, berek zer saria, zer zoriona izain zuten zeruan, eternitate guzian.

        Hala-hala, biharamunean, gizon gaixtagin harrek galdetu ziotenean zer egin gogo zuten, ihardetsi zioten guziek, goraki, giristino zirela, eta etzutela bertzerik deusere errateko.

        Manucak ere etzioten bertze galderik egin.

        Ordean manatu zioten bere gizonei, ezar zetzatela dilindan zangoetarik, eta gero, jo zetzatela berriz ere, lehen egunean bezala; xehaka zetzatela beraz eta fundiaraz.

        Eta aski jo zituztenean, pizturik sua hekien azpian, egiten zioten khe tzar okhaztagarri edo nakhaizgarri bat, gauzarik zikhinenak su hartarat arthikiz.

        Bainan martir saindu hek pairu bera zuten, hala khe hartan zirelarik, nola azote ukhaldika fundituak zirelarik. Denbora guzian, hau zen hekien othoitza:

        «Jaun ona, lagunt gaitzatzu zeronek, egin ahal dezagun hasi dugun lana, egin diteken hobekiena».

        Entzuten zuten ere noizik-behinka, eta harrabotsa etzenean handiegi, hekien Nagusi Sainduak Jesus Jaunari egiten zion othoitz hau:

        «Jesus Jauna, iguzu guziei behar dugun indarra, guziek iraun ahal dezagun bururaino guduka saindu huntan».

        Eta nola luzez iduki edo atxiki baitzituzten khe tzar hartan, guzien mintzoak flakatu ziren emeki-emeki. Eta azkenekotz, etzuen nihork ematen bizi zelako seinalerik.

        Ohoin hek ere egin zuten beren baithan, hilak edo ithoak zirela, eta, martirak hala-hala utzirik, joan ziren handik.

        Ordean etzuten oraino akhabo hekiekilako lana.

        Eta biharamunean, etziren gutti harritu ikusteaz beren fraideak bizi-biziak zituztela; eta, gehiago dena, osoki sendo eta hazkar, deusik pairarazi ez baliote bezala, zauririk ttikiena ere izatu ez balute bezala.

        Orduan ohoin-nagusiak manatu zioten bere gizonei, ezar zetzatela preso, eta presondegian utz zetzatela jatekorik gabe, emanez egun guziz, jatekoaren ordain, jo aldi bat ona.

        Hargatik, hain gaizki ekharriak zirelarik, izatu zuten gau batez ustegabeko atsegina. Ohoinei espakatu zitzaioten fraide hura ethorri zitzaioten ikusterat.

        Gordianok bazakien bada ongi, ohoinek atzematen bazuten harenak egin zuela. Ordean joan zen aintzina; eta heldu zen, sainduak zauzkaten barnera, hekien zaintzaileak atzarrarazi gabe.

        Lagun eta haurride haren ikusteak atsegin handia egin zioten martirei. Bainan hekiena ez-bezalakoa zen Gordianoren atsegina. Eta laster joan zitzaizkon gabak dituen oren guziak, batzuk eta bertzek ematen ziozkaten berri xehe maitei beha.

        Azkenean ere, San Placidek erran zion, Jainkoaren nahia zenaz geroz bizirik egon zadin, joan behar zuela. Erran zezola beraz Benoat, hekien Aita on eta sainduari, hiltzen bazituzten, hek, han ziren guziak, hil eta ondoan ere, bethe-betheak egoin zirela haren amodioaz, eternitate guzian, eta othoitz eginen zutela Jainko Jaunaren benedizioneak jauts zitezen Casingo komentuaren gainerat.

        Orduan Gordianok erran zioten guziei:

        «Etzaitanaz geroz emana zuekin egotea eta zuekin hiltzea, bai! banoha. Eta zuek, orrhoit zaitezte bururaino Jainko Jaunaz eta haren amodioaz; orrhoit zaitezte haren ganat zohaztela. Eta gero, ez nazazuela ahantz Jainkoaren aintzinean».

        Horren gainean, San Placidek ihardetsi zion:

        «Egin ginion haste-hastetik Jainko Jaunari gure biziaren sakrifizioa. Orduz geroz, jasan dugu tormenta handirik, bainan jasan tugu guziak gogo onez, orrhoituz, geroago eta aberatsago eta ederrago bilhakarazten hari gintuztela zerukotz. Eta orai, gure bihotzak sutan daude, noiz emana izanen zaukun Jainkoaren ikustea eta harekin izatea behin-bethikotz».

        Solhas hori entzun-eta, Gordiano belhaunikatu zen San Placideren benedizionearen hartzeko, eta atheratu zen komentutik ohoinak ohartu gabe.

        Bazuelarik jadaneko zazpi egun preso zaudela, deusere jan gabe, eta, aldiz, azote ukhaldika joak egun guziz, Manucak ekharrarazi zuen bere aintzinera San Placideren arreba, Andre Flabia, eta entsaiatu zen, agintzarik ederrenen bidez, hari bere erlisione sainduaren arnegarazterat.

        Eta nola Flabia Sainduak irri egiten baitzioten haren agintza hekiei, orduan gaixtagin harrek eman zuen manua egin zetzotela andre gazte batek izan detzazken laidorik handienak.

        Bai, berak nagusi izatera, eginen zioten zer-nahi laido.

        Ordean, Jesus Jaunak berak zaindu zuen, asko mirakuiluren bidez, bere espos maitea. Eta halaz, haren garbitasun sainduak etzuen izatu notharik ttikiena ere.

        Hala-hala, berriz ere fundiarazi zuen azote ukhaldika, eta gero, igorri zuen bere lagunetarat.

        Manucari etzitzaion eder garhaitua izatea. Eta hortakotz etzezaken har etsia. Ekharrarazi zuen beraz oraino aldi bat martir hekien guzien nagusia, San Placide, eta agindu ziozkan nahi zituen guziak, nahi balin bazuen adoratu Molok haren jainkoa.

        Bainan martir saindu harrek, egin-orde galdetua zitzaiona, erran zion ez dela zeruan ez lurrean Jainko bakhar bat baizik; harrek, eta haren lagunek ere, hura zuketela adoratu behar, eta ez debrua, egiten zuten bezala.

        Hitz horiek errabia egiazko batean ezarri zuten ohoin-nagusi hura. Eta manatu zioten bere gizonei hauts zetzotela harri batez hortzak eta aho-matraila, eta khen mihia errotik.

        Bai! Horiek guziak egin ziozkaten San Placideri: hautsi ziozkaten hortzak eta aho-matraila, khendu zioten ere mihia; eta orduan Manucak eta haren lagunek ikusi zuten bertze mirakuilu handiago bat: San Benoaten haur eta ikasle maite hura mintzo zela mihia izatu balu bezala.

        Eta halarik ere, Manuca etzen konbertitu! Zein den ikharagarri Jainkoaren graziez ez baliatzea ordu deino!

        Jainkoaren graziez baliatu-orde, gizon dohakabe harrek nahi izatu zioten egin bertze gaixtakeria handi bat gure saindu maitei; nahi izatu ziozkaten hautsi eta lehertu zango-hezurrak, harri peza ikharagarri batzuen azpian.

        Bainan etzioten, ez-eta minik ere egin, aldi hartan.

        Eta orduan, etzakielakotz bertzerik zer egin, eremanarazi guziak itsas hegira, eta han pikarazi zioten burua guziei.

        Eta halaz joan ziren zerurat, San Benoaten Ordenako lehen martirak.

        Hekien zerurat igortzailea, Manuca, hura ere joan zen, bere lagunekin komentuari su emanik, saindu hek hilarazi-eta biharamunean berean. Eta etzuen, egundaino geroz, nihork jakin hekien berririk.

        Zeren eta denbora belztu eta gaiztu baitzen hek ongi abiatu zireneko, eta itsasoak iretsi baitzituen denak.

        Gordiano ere ohartu zen ohoin hek joan zirela, eta gordea zagon tokitik atherarik, eman zen berehala bideari, jakiteko haren lagunak zer bilhakatu ziren.

        Urrunetik ere ikusi zuen haren komentu ederra erre zutela, bainan eliza xutik zela.

        Eta gero, eliza eta komentu inguruak alferretan kurritu ondoan, itsas bazterrera joan-eta, han aurkhitu zituen saindu hekien gorphutzak.

        Gorphutz hekien aintzinean luzez egotu zen nigarrez, zeren etzitzaion emana izatu, hari ere, bere odolaren ixurtzea Jesus Jaunaren gatik.

        Hargatik aski nigar egin zutenean haren begiek, ikusi zuen etzela hura martir hil Jainkoak etzuelakotz nahi. Eman zen beraz Jainko Jaunari buruz, eta erran zion bere bihotzaren zolatik: «Egina izan bekit, Jauna, zure borondatearen arabera».

        Eta nola bazter guzietarik ethorri baitzitzaizkon giristinoak, hekien laguntzarekin batean, egin zuen lehen hobi bat San Placiderentzat eta haren haurridentzat, eta gero oraino, bertze bat handiagoa bertze fraide guzientzat.

        Eta azkenean, gaztigatu zion Aita San Benoati zer gerthatu zitzaioten haren haur maitei, eta nola izatu zuten zoriona guziek, salbu harrek, beren odolaren Jesus maitearengatik ixurtzeko.

        Berri handi hori heldu zenean Casingo komentura, San Benoatek bil-arazi zituen fraide guziak elkharretara, eta erran zioten:

        «Aita baten bihotza bozkariotan ematen ohi da, jakiten duenean, etsaiarekin guduan hari zitzaion haurra garrhaitiar dela. Eta berri hori, berri handi bat izaten ohi da etxeko bertze jende guzientzat ere.

        »Badakikezue beraz, Jainkoak bere ganat hartu duela, martiren soineko ederrez jauntzi ondoan, Placide gure haurride guziz on eta guziz maitea.

        »Nere eskuetan ezarria izatu zitzaidan pontutik banakien hilkor zela. Eta aspaldi du, Jainko Jaunari eskainia niola bitima garbi eta balios hura. Nere bihotzak etzion emaitza handiagorik egiten ahal.

        »Orai bada, Jainko Jaunak onhetsi balin badarot bitima balios hura, nere bihotzeko fruitu eder hura, zer errateko nahi duzue izan dezadan?

        »Ez! ez dut deusik errateko! Ordean bai, eskerrak Jainkoari emateko.

        »Ez dezazuela beraz erran galtze handi bat egin dudala, bainan bai, lehenagorik ere, bozkariotan izateko dudala, zeren nere haur eta ikasle maiteak baduen Jesus onaren aldean eta haren besoetan eternitate guzia iraunen dion bizia.

        »Oi, Placide, nere haur maitea, ez, oraiko aldi huntan, nere begiek ez dute nigarrik eginen!

        »Munduan zineino, egiten ahal zinuen bekhatu, eta galtzen ahal zinuen Jainko Jauna. Bainan orai, horra non zaren Jainkoaren galtzarrean, bethi-bethikotzat.

        »Eta huna zerk darotan bethetzen bihotza atseginez eta kontsolazionez, ikusteaz nerekin ikasi ondoan Jesus Jaunaren maitatzen, zuk ere bertzei irakatsi diozutela gauza bera, eta ederki lagundua joan zarela zure lan eta pairamen guzien sariaren bilha».

        San Benoat ixildu zenean, fraide guziek eman ziozkaten eskerrak Jainko Jaunari, gure Ordre Sainduak izatu zuen ohorearen gatik, eta bertzalde oraino, bazakitelakotz, martir hekien odola izanen zela bertze hainitz eta hainitz fraideren hazia.

 

aurrekoa hurrengoa