www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hogoigarren Kapitulua

San Benoaten eta Santa Escolazticaren gorphutzak
nola ekharriak izatu ziren Frantziarat

 

        Ikusi dugu goragoko kapitulu batean, nola Jainko Jaunak ezagutarazi zion San Benoati, pagano batzuk funditu behar zutela haren komentu ederra; eta nola ardietsi zuen, fraide guziak bizirik espaka zitezen.

        Ez dugu zeren erran, solhas horiek altxatuak izatu zirela fraidez; eta handik goiti bethi ikharetan zaudela, iduritzen balin bazitzaioten, bazutela zerbeit lanjer.

        Hargatik gau batez, lo zauden ederki guziak, nahiz bazakiten Lonbartak deitzen zituzten pagano batzu helduak zirela Erromaraino, gaizki eta gaixtakeria handiak egiten zituztelarik bazterretan.

        Lo zauden beraz, noiz-eta-ere ohartu baitziren, han zituztela pagano hek, eta athen hausten hari zitzaizkotela haizkora ukhaldika.

        Ordean etzuten denborarik galdu, atzarriz geroz.

        Eta nahiz paganoek egin zituzten beren egin-ahalak, athen laster hausteko, hala ere eman zuten sobra denbora. Ezen fraide guziak espakatu zitzaizkoten, berek zakiten athe gordeari esker.

        Eta orduan, paganoek egin zuten Jainkoak San Benoati adiarazi zionaren arabera.

        Erran nahi baita, hartu eta khendu zutela lehenik hekientzat on zen guzia; eta gero, su eman ziotela komentuari.

        San Benoaten hiltzeak etzuen oraino berrogoi urthe baizik, komentua erre zutenean. Eta hala-hala egon beharra zen berrehun urtheren ingurua.

        Hargatik diodanean, hala-hala egon beharra zela, ez naiz osoki xuxen mintzo; ezen suak xutik utzi zituen paretak erori ziren denborarekin batean. Eta azkenekotz, komentu guzia lurrean zen zabal-zabala.

        Ordean etzuen nahi Jainko Jaunak, komentu haren egilea ohorerik gabe egon zadiela, hura berriz egin arteraino. Ez! etzen hori, Jainkoaren nahia.

        Bazuelarik beraz, ehun eta berrogoita hamar urthe, komentua errea zela; eta ordukotz, basa ihizien gordagia eta ihes-leku bilhakatuak zirelarik, lehenagoko fraiden baratzea, etxea, eta eliza ere bai, Jainkoak adiarazi zion San Momoleri, behar zituela bere komenturat bildu San Benoaten eta Santa Escolazticaren gorphutz saindu eta baliosak.

        San Momole zen Frantzia Floriko komentuko Abadea.

        San Momolek hautatu zuen, lan hortako, Aigulfe erraten zioten fraide saindu bat. Eta kondaturik hari, zer manu eman zion Jainkoak, bidali zuen Italiarat, bertze lagun batzuekin.

        Noizbeit heldu ziren Erromara. Eta Erroman barna, heldu ziren azkenekotz Casingo mendira.

        Mendi hartan, atxeman zuten errexki non zen komentua. Bainan nola ez baitzen harririk eta harririk baizik, etzezaketen nihola ere ezagut non ziteken eliza eta hek bilhatzen zuten hobia.

        Eman ziren beraz Jainkoari buruz, galdetzen ziotelarik, ordu arteraino hain ongi gidatu zituen ondoan, etzetzala utz laguntzarik gabe, beren behar-ordurik handienean.

        Eta Jainkoaren ganik grazia haren ardiesteko, eman ziren othoitzean eta barurean.

        Bazuelarik jadaneko hirur egun hala-hala zaudela, agertu zitzaioten gizon adinetako bat, hainitz itxura saindua zuena. Eta harrek erran zioten:

        «Heldu den gauean, zaudezte atzarriak. Eta emazue ongi kontu, Jainko Jaunak eman nahi darotzuen seinaleari».

        Eta huna nola, Jainko maiteak ezagutarazi zioten non zen hek bilhatzen zuten hobi saindua.

        Gauerdi gainean, ikusi zuten, zerutik lurrera jausten, argi bat hainitz distiranta. Eta gero, harri meta baten gainera zenean, argi hartarik athera ziren bertze hainitz argi. Eta guziak eman ziren harri meta haren inguruan, lanpa batzu izatu balire bezala.

        San Aigulfek eta haren lagunek bazakiten beraz, jakin nahi zuten guzia. Eta berriz ere othoitz egin zuten Jainkoari eskerren emateko.

        Argitu zuenean, hasi ziren harrien eta bertze puska tzar guzien baztertzen; eta aski lan egin zutenean, agertu zitzaioten oso-osoa, San Benoaten hobia.

        Ez dugu zeren erran, ikhara saindu batek hartu zituela, hobi maite haren idekitzen hasi zirenean; ez-eta-ere, hekien ikhara handitu zela oraino, ikusi zituztenean han ziren bi Saindu loriosen hezurrak.

        Hala-hala, egotu ziren luzez, belhauniko hekien aintzinean, eta hekien ukhitzerat menturatu ere gabe.

        Bainan azkenean, emanez ongi beren gogoari, hezur saindu hekien bilha igorriak izatu zirela, bildu zituzten guziak oihal garbi baterat. Eta beren karga baliosa otharre edo zare batean ezarririk, eman ziren bidean, Frantziarat buruz.

        Italiarakoan etzuten nihon aurkhitu trabarik ez gibeltzapenik ttikiena, nahiz nahaskeria franko bazen bazterretan. Etxerakoan etzitezken gaizkiago ibil, berekin zaramazkaten Erlaki Sainduen gatik.

        Heldu ziren beraz, ordu-onean, Frantzia Sanz-eko hiriraino.

        Hiri hartako fraidek eta jendek bazakiten nola mandatariak joanak ziren bi gorphutz saindu hekien bilha, eta jadanik ezagutarazia zuten, Santa Escolazticaren gorphutzaren nahia.

        Horra, zergatik hiri hartako asko fraide eta jende jarraiki ziren Erlaki Saindu hekiei; egiten zutelarik beren baithan, San Momolek etzituela beretzat iduki nahiko bien gorphutzak.

        Bizkitartean Floriko komentuan jakin zuten, noizko heltzen zitzaizkoten beren Saindu maiten Erlakiak. Eta berri hori husu banatu zen komentutik kanpo ere.

        Eta nola, Floriko komentuaren inguruan, jendeak baitzuen amodio egiazkoa San Benoatentzat eta haren Arreba Sainduarentzat, jendeketa handia bildu zen komentura, Erlaki Saindu hek heldu behar ziren egun hartako.

        Jende hek guziak, eta hek bezala fraideak ere bai, egotu ziren beira luzez, begiak landatuak bidearen gainera.

        Eta azkenekotz, ikusi zuten proasione eder bat ethortzen zitzaiotela.

        Proasione haren ikusteak airean ezarri zuen komentu guzia. Gero jarririk bi lerrotan, San Momole bere fraidekin aintzinean, eta kanpoko jendea gibeletik, athera ziren denak Erlaki Sainduen bidera.

        Eta bi proasioneak elkharretaratu zirenean, eman ziren guziak belhauniko, Erlaki Saindu hekiei emateko zohakoten ohorea.

        Jainko Jaunak ere aditzerat eman zioten, haren nahia zela ohora zetzaten, bere egin-ahal guzian, San Benoat eta Santa Escolaztica. Ezen han berean bi mirakuilu handi egin ziren.

        Bazituzten han, jendek harat ekharriak, bi hil. Lehena, gizon bat, eta bertzea, neskatxa gazte bat.

        San Momolek hartu zituen beraz hezurrik handienak, eta ezarri zituen gizon hil haren gainean. Eta ordu berean, jendeak egin zuen bozkariozko oihu bat; hila piztu zitzaiotelakotz.

        Bai eta neskatxa hura ere piztu zen, ezarri ziozkatenean gainean, han ziren bertze hezurrak. Eta orduan berriz ere hasi ziren jendearen bozkariozko oihuak. Jendeak zoratua iduri zuen. Etzakiten non ziren, atseginaren atseginez. Eta egotu ziren luzez hil piztu hekiei beira, baten eta bertzearen mintzarazten.

        Hala-hala, San Momolek eskerrak eman ziozkan Jainko Jaunari, guzien izenean; eman zioten ere Sanz-eko fraidei, Santa Escolazticaren gorphutza; eta gero, joan zen komenturat, San Benoaten Erlakiekin, jende guzia, aintzina ere xoratua zagolarik, eta denek Jainkoaren laudorioak kantatzen zituztelarik.

 

* * *

 

        Hemen behar ginituzke kondatu San Benoaten Erlakiek egin dituzten bertze mirakuiluak. Bainan hori, lan handiegia ginuke.

        Ezen edozeinek dakiena hau da: beila batera, jendearen bilarazteko, behar direla baitezpada mirakuiluak, edo bederen ardietsi grazia handiak. Eta zenbatenaz ere mirakuilu gehiago izanen baita, eta hainbertzenaz ere, jende gehiago izanen dela.

        Orai bada, adiarazteko, zenbat eta nolako mirakuiluak eginak izatu diren, San Benoati esker, Floriko komentuan, aski dugu erratea, hango fraidek egin behar izatu dutela Frantzian den Eliza handienetarik bat. Halakoa zelakotz, egun batzuez, hara biltzen ohi zen jende ostea.

        Egin izatu diren mirakuilu guzien kondatzea, ez, ez dezakegu beraz egin! Eta hortakotz, zenbeit bakhar aiphatu, eta utziko tugu bertzeak.

        Etzuelarik oraino hainitz denbora San Benoat hila zela, bazen Italian emakume dohakabe bat, burutik joana osoki. Emakume haren gaitza zen, bethi bidez-bide ibiltzea.

        Bazabilan beraz kurri, mendietan eta haranetan barna, konturik egin gabe, ian larrean, oihanean ala lur ibilian zen.

        Eta hola zabilan gabaz eta egunaz, non etzen unhatua, xutik ezin egon ahal izaterainokoan. Eta orduan, etziten zen, edozein tokitan.

        Behin bada, orai erran dugun heinean zelarik, unhatua ezin gehiago, sarthu zen, berak etzakielarik nola, gure Aita loriosak bere penitentziak hasi zituen harpe hartan berean, eta han loharkatu zen.

        Bainan gero, atzarri zenean etzen gehiago erro, bainan bai sendo, egundaino fritsik izatu ez balu bezala. Eta haren burua etzen gehiago nahasi.

 

* * *

 

        Huna orai, Frantzian berean, egin izatu diren mirakuilu batzu:

        Gau batez, Floriko komentuan, lehen-aldikotz zutelarik oraino San Benoaten Erlakien besta, fraideak atheraiak ziren elizatik, ofizio guziak kantatu ondoan. Eta etzen bertzerik nihor-ere elizan, baizik ere, Erlaki Saindu hekien zaintzailea.

        Fraide hura bada, Erlaki hekien aintzinean zagon, ahuspez emana eta othoitzik kharsuenetan, noiz-eta-ere ohartu baitzen, bazuela aldean norbeit.

        Beira jarri, eta ikusi zuen begitarterik eztiena zuen gizon adinetako bat. Eta, nahi-eta-ez, izitua zagolarik, gizon harrek erran ziozkan hitz hauk:

        «Ez duzu zeren beldurrik izan, ni naiz Benoat, Etxe Saindu huntako Nagusia eta hunen Geriza.

        »Emozute zure lagunei egun ona, nere izenean.

        »Atzo eta herenegun, Bretaniako komentuan nintzen, Aimeri zuen haurride ona agonian zelakotz. Lagundu dut haren arima zerurat, hala nola lagundu baititut komentu huntan hil direnak, nere hezurrak hunat ekharriz geroz.

        »Bainan egun, zuekin naiz, egun guzia. Eta zuekin naizela ikusiko duzue, meza nagusia erratean».

        Egun hartan beraz, fraideak beira zauden, zer ikusi behar othe zuten. Eta meza nagusiaren orena etzitzaioten ethorri nahi baino lehen.

        Fraideak bezala, bazen bertzerik ere, meza berantetsia zagonik. Ezen eliza guzia jendez bethea zen. Eta jendek bazuten asko galde egiteko Jainko Jaunari, San Benoaten arartekotasunaz.

        Azkenekotz hasi zen meza hura. Eta Ebanjelioa kantatu zenean, hirur-hogoi eri sendatu ziren betbetan.

        Erratea baino errexago da asmatzea, mirakuilu handi harrek nolako bozkarioan ezarri zuen eliza guzia, eta zer sinhestea hartu zuen jendeak gure Aita loriosa baithan.

 

* * *

 

        Huna oraino, bertze mirakuilu bat, lehen hori iduritsua:

        Bazuelarik jadaneko, hirur ehun urtheren heina, San Benoaten Erlakiak Floriko komentuan zirela, Cluniko komentuko Abadeak, San Odonek, hainitz ohore emanarazten zion San Benoati berari, eta benediktanoen Ordena guziari.

        Halakoa zelakotz harrek zaraman bizitzea.

        San Odonek bazuen ere mirakuilurik handienen egiteko botherea. Eta egiten zituen mirakuilu hekien bidez, konbertiarazten zuen bekhatoros hainitz, eta giristino ephelak ere bai, ernarazten zituen.

        Egin zuen ere lan bat, bertze guziak baino oraino baliosagoa.

        Haren denboran, gure Ordenako asko komentu lazatuak ziren. Eta gure Erregela Saindua etzen beiratua erdizka baizik. Horrek erran nahi baitu, orduko fraide hek ematen ziotela Jainkoari atsegin bezen atsekabe.

        Ordean San Odonen mintzoak ernarazi zituen halako lo tristean zauden komentuak. Floriko komentua ere lazakeria hartan baitzen, hark ere utzi zuen ordu arteraino zaraman bizitze errexa; eta eman zen, hura ere, Erregela Sainduaren araberako biziaz bizitzen.

        Khar saindu batez sustatuak zirelarik beraz fraide guziak, San Benoat agertu zitzaion hetarik bati. Eta erran zion, bazituela egunak eta egunak, bere komentu hartarik kanpo baitzagon, Erregela Saindua etzelakotz beiratua; bainan berriz ere, ethortzen zitzaiotela, ikusten zuelakotz atseginekin, egin gogo zituztela beren egin-ahalak sainduki bizitzeko. Eta ezagutaraziko ziotela hekiekin zela, bere besta egunean.

        Fraideak kondatu zioten bere lagunei zer erran zion gure Aita loriosak. Komentutik kanpo ere hedatu zen berri hori.

        Hala-hala, San Benoaten besta egunean, Martxoaren hogoita batean, bildu zen Floriko elizara, eliza handi harrek atxik ahal baino hainitz jende gehiago.

        Jende hek guziak othoitzean haritu ziren, meza hasi arte, galdetzen ziotelarik Jainko Jaunari, ezagutaraz zezala bazter guziei, zein zen handia San Benoaten botherea.

        Bai! Jainko Jaunaren nahia zen ezagutaraztea egun hartan, zer laguntza handia ematen ahal darokun San Benoatek gure behar-ordu guzietan.

        Meza hasi-eta, heldu zirenean Gloria in excelsis-era, elizako atheak eman ziren zabal-zabala, beren baitharik; hilak zauden argiak ere piztu ziren; eta ordu berean, ezagutu zuten sendatuak zirela, meza hartarat ethorriak ziren nihonereko itsu, maingu eta bertze eri guziek.

 

* * *

 

        Bertze behin, buraso batzu ethorri zitzaizkoten Floriko fraidei, beren haur maite baten gorphutza besoetan; haur hura urerat erori-eta, itho zitzaiotela; ordean barneko mintzo batek erraten ziotela, San Benoat aski botheretsu zela haren pitzarazteko.

        Jende hekien fedea ikusirik, Aita Abadeak eremanarazi zituen San Benoaten Erlakien aintzinera. Han, lehen-lehenik, Aita Abadeak othoitz egin zuen bere fraide guziekin; gero ezarri zuten haurra Erlakien gainean, eta piztu zen ordu berean.

        Bertze aldi batez, baziren bi gizon eri, biak paralesian eroriak, eta alferretan ibiliak ordu arte, ezagutzen zituzten miriku eta azti guzietan.

        Norbeit mintzatu zitzaioten hekiei ere, San Benoaten Erlakiek egiten zituzten mirakuiluez. Eta nahiz bide luzea zuten egiteko Floriko komentura joaiteko, hala ere joan ziren.

        Komentuko aintzindariek ezagutu zuten laster, bi gizon hekien arimak, gorphutzak baino ere eriago zirela. Eta hartakotz prestarazi zituzten kobesio on baten egiterat, erretreta labur baten bidez.

        Orduan egin zuten othoitz San Benoati, hekien osasunarentzat. Eta osoki sendatuak joan ziren etxerat, Jainkoari eskerrak ematen ziozkatelarik.

 

* * *

 

        Oraiko egunetan ere, egiten dire mirakuiluak San Benoaten arartekotasunaz baliatu nahi direnen onetan.

        Hargatik nahi balin badugu hel dakigun bethi eta behar-ordu guzietan, gure bizia izan bedi garbia eta saindua.

        Bizi gaiten, berak bere Erregela Sainduan erraten darokun bezala, orrhoituz Jainkoaren begia gure gainera dagola gau eta egun; eta emanen darokula bertze munduan bethiereko zoriona edo bethiereko gaztigua, gure egintzen arabera.

 

aurrekoa hurrengoa