www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Benoaten bizitzea
Bazilio Joanategi
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Benoaten bizitzea, Bazil Joannateguy (Inazio Mujika Iraolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Hogoita bigarren Kapitulua

San Benoaten aintzin-solhasa bere Erregelaren hastean

 

        Adi zatzu, nere Semea, eta har ongi zure gogoan, nagusien Nagusiak eman nahi darozkitzun manuak. Har zatzu amodioz, zure Aita onak eman nahi darozkitzun irakaspenak; obedientziari darraion lanak ereman zaitzan, zure nahitara eta lazakerian bizitzeak urruntarazi zaituzten Jainkoaren ganat.

        Zu beraz, zure borondateari ukho egitera zohazina, eta soldadu sarthu nahi zarena Jesusen armada lorios eta botheretsuan, Jesus Jaunari bakharrik obeditzea gatik, bai, zu, nor-nahi izan zaitezela, zuri nago.

        Eta hasteko, behar diozu galdegin Jainkoari, othoitzik kharsuenez, lagunt zaitzan, bere graziaz harrarazten darotzun xede sainduaren bethetzen. Ez dezan egun batez urrikirik izan, zeren hartu zaituen bere soldadutzat, edo bere haurrik maitenen kontuan.

        Ezen behar ditugu haren manuak egin, bethi eta denbora guzietan; ez dadin bortxatua izan gurekin egitera, ez doidoia aitak bere seme eskergabearekin egiten duena, erran nahi baitut, gure ezartzera etxetik kanpo, eskuak hutsik; bainan oraino, nagusiak bere zerbitzari gaixtoarekin egiten ohi duena, gure kondenatzera bethiereko suaz sutan diren lezetarat, zeruko lorian nahiago gintuelarik.

        Sinhets dezagun beraz, jeiki behar garela.

        Eskritura Sainduak erraten daroku gure ernarazteko; edo, hobeki mintza nadin, Jainkoak berak erraten daroku Liburu Sainduetan: «Huna orai, lotarik ernatzeko eta jeikitzeko ordua. Hora est jam nos de somno surgere».

        Begiak ongi zabalik beraz, eta beharriak erne, gauden beira, eta eman dezagun kontu Jainkoaren mintzoari, entzun dezagun nola hari zaikun oihuka, diolarik:

        «Gaur entzuten balin baduzue Jaunaren mintzoa, beautzue, ez dezazuen ezaxolatuarena egin, mintzo hari jazartzeko edo kontra egiteko. Hodie si vocem ejus audieritis, nolite obdurare corda vestra».

        Jainkoak erraten daroku oraino, bertze toki batean:

        «Egizue zuen piaia edo bidea, biziaren argia erre gabe: hil ondoko gabak etzaitzaten atxeman zuen etxera heldu baino lehen. Currite dum lumen vitæ habetis, ne tenebræ mortis vos comprehendant».

        Jainko Jaunak egiten du oraino gehiago gure biltzea gatik bere ganat. Langileketa liteken etxeko jaun baten pare, Jainko Jauna oihuka hari zaiku, erraten darokularik: «Nork nahi du egiazko bizia? Nork nahi du mundu huntako eta bertzeko zoriona? Quis est homo, qui vult vitam, et cupit videre dies bonos?».

        Eta zuk, irakurtzailea, zuk nahi balin badiozu ihardetsi, zuk nahi duzula, berriz ere erraten darotzu: «Nahi baduzu bizia, ez dezala zure mihiak erran gauza gaixtorik, eta zure ezpainek ere ez bezate erran gezurrik. Utzazu gaizkia bazterrerat eta egizu ongia; bilha zazu bakea, eta egizu bakean bizitzeko behar den guzia. Diverte a malo et fac bonum, inquire pacem et sequere eam».

        «Eta hori egiten baduzu, nere begia beira egonen zaitzu amodiorekin. Kasu eginen dut ongi zure othoitzari; niri buruz eman zareneko, eta zuk ez dukezularik oraino deusik galdetu, nik erranen dautzut: Huna non naizen. Zer nahi zinuen?».

        Haurride maiteak, zer nahi duzue solhas eta gonbidu horiek baino eztiagorik eta maiteagorik? Jainko Jauna hain da ona, non berak irakatsi nahi baitaroku bizitze eternalerako bidea.

        Tinka dezagun beraz gure gerrikoa. Eta bertze hitzez mintzatzera, ikus dezagun, fedeak zer darokun irakasten, zer darokun galdetzen. Eta gohazen gure aintzinean den bideari gora, merezi dezagun bere erresuman ikustea, gu bere ganat deithu gaituen Jainkoa.

        Bainan erresuma hartarat heltzeko, ez da aski joaitea nolazpeit, joan behar gare lasterka.

        Bertzalde, ez gare hartuak izaten ahal erresuma hartan, non ez garen osoki saindu eta notharik batere gabe.

        Ezen zeruko lorian sarthuko da bakharrik, ifernuko etsaiaren tentazionei eta amarru tzarrei jazarri ditekena, Jainkoaren beldurrean eta umilitatezko sentimendu egiazkoetan bizi ditekena.

        Horra zer galdetzen darokun Jainkoak, eta zer behar dugun egin.

        Jainko on harrek, bizirik balin bagauzka, ez du bertze xederik, baizik ere guri ephe labur baten uztea, nigar egin ahal dezagun gure bekhatuez.

        Eta nola erran baitugu gorago, zeruko loria emanen darokula, ikusten badu, guri kontuak hartuko darozkigun egunean, bizi izatu garela haren nahiaren arabera, eman gaiten, lehen-bai-lehen, galdetua zaikun lanari, eta eskainia zaikun uztarri sainduaren azpian.

        Eta aurkhitzen badugu gure bidean zerbeit traba handi, galdegin dezagun Jainko Jaunari, lagunt gaitzan bere grazia sainduaz, traba hekien guzien hausten.

        Azkenean, nahi dugunaz geroz, ez dadin izan guretzat ifernurik, aitzitik bai, zeruko loria, balia gaiten, ordu deino eta gorphutz hilkor huntan gareno, mundu huntako biziaz, bertze mundukorat preparatzeko. Egin dezagun, orai beretik, geroan baliatuko zaikuna.

        Behar dugu beraz erran, nola behar den Jainkoa zerbitzatu.

        Irakaspen berri horietan ez da izanen gure ustez, deusere borthitzegirik ez pisuegirik.

        Hargatik, nola behar bainituen leheneko aztura edo kostuma txarrak galarazi, eta haurriden artean ere bakea iduki, horrek eginen du, idurituko baitzautzu menturaz, Erregela hunek baduela han-hemenka garraztasun pixka bat.

        Bainan etzaitezela izit hortakotz, eta etzaitezela athera zeruko bidetik. Bide hori hertsia izaten ohi da bethi, hastean.

        Gero hargatik, jarraiki denean zenbeit denboraz Erregelari, fedea eta indarrak handitzen dire.

        Orduan halakoa izanen da zure barneko zoriona, non ohartuko baitzare lasterka zohazila; edo hobeki erratera, Jainkoaren amodioak airean zaramatzala.

        Eta etzare ekharria izanen gehiago, zure Nagusi Jainkoaren eskolatik atheratzerat. Aitzitik, iraunen duzu bururaino, behin hartu urratsean, eta jasanen ditutzu pazientziarekin, eta zuretzat pairatu duen Jesus Jaunaren amodioz, komentuko bizitzeari darraizkon atsekabeak; eta merezituko duzu haren erresuman hartua izatea eta haren loriaz gozatzea.

 

aurrekoa hurrengoa