www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal dialogoak
Agustin Paskual Iturriaga
1842

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jolasak, Agustin Iturriaga (Patxi Altunaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN JOLASA

 

ANTONIO: Azkeneko jolasari jarraitzeaz egidazu atsegin.

BASILIO: Atsegin andi batekin jarraituko diot, nekatzen ez zaitudala ikusten dedan ezkeroz.

        Lurrak ditu bere barrenean asko ezade mota.

        Landare bakoitzak nai du berea; baña beti landare mota bat aldatzen bada lur batean, geroago eta txatarragoa etorriko da.

ANTONIO: Ori gauza ikusia da zergaitik geroago ta ezade gutxiago geldituko da.

BASILIO: Argatikan eman bear zaio lurrari lur berria edo gorotza; bestela aldatu bear dira orain landare mota bat eta gero beste bat.

        Badira landareak alkarrekin ongi datozenak, eta badira elkarri kalte egiten diotenak.

        Ezade diferenteak bear badituzte, egon ditezke lur berean bi landare mota; baña ezade bera bear badute biak, ez.

        Ez du abere batek zatirik gorotza egiteko ona ez danik.

        Beatzala, ezurra, adarra, illea, guztia da ona txit gorotza egiteko.

        Karea ugari dan tokietan, nekazari onak bear du bota karobi zulora arrapatzen duen guztia.

        Kare pixka batekin nastuaz, guztia biurtuko da gorotz.

        Ara bota bear dira zapata zar, abero ill eta zatarreria guztia.

        Badire tuparriak kare asko daukatenak, eta buztin lurrarentzat txit onak diranak.

        Karea daukaten edo ez, ozpiñean zatitxo bar sartu eta ezagutzen da.

        Irakiten edo maskulloak botatzen asten bada, karea duen señalea da.

        Autsa da ongarririk onenetatik bat; baña auts asko egiteko erragin asko bear da.

        Lur zelaiak dira onak landutzeko; zeren berenez txarrak izan arren, nekazari onak ondutzen ditu: bada ematen zaioten guztia bertan gelditzen da.

        Lur aldapetan ifiñi bear dira arbolak.

        Lur gutxi ondo landuak geiago ematen du asko gaizki landuak baño.

        Lurrak ongi landua egoteko auts egiña bear du egon.

        Ale mot asko erein bear dira urte berean, biltze baten faltan bestea arrapa dedin.

        Argatik esaten da bat duenak batere ez duela.

 

aurrekoa hurrengoa