www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

IKUSI GABE IKASLE: ALBERT LEON

 

        Hartze ona dutelakoez, bereziki burraso batzuek beren haurrez, erranen dautzuete: ikusi guziak ikasten dituztela.

        Egiaz baino ardurago entzuten dena baita, hori ere, bertze asko bezala, espantuz, aho beroz.

        Bizkitartean balitz ere orotaz beti egia, ikusi guzien ikastea bezen handi da, ba eta handiago, ederrago, deus ez ikusten eta ilunpeka ikastea bertze askok bi begien laguntzarekin bezenbat eta gehiago.

        Erran nahi baita: jakintsun bixtadunak baino merezimendu gehiago duela itsuak. Bainan ote da itsu jakintsunik? Segurki-ta halere, nehork uste baino gehiago.

        Badire itsu lengileak, asko lan gaixtotan edozoin bezen trebe, esku-itzuliak behin hartuz geroz; badire gizon ikasiak, esku-lanetan baino are ikasiagoak buru-lanetan; ba eta buru eta esku, biak behar direnetan.

        Hala nola soinulari, edozoin musika, xirribika, orgina ala zer nahiren joile, nehori zorrik etzutenak izan dire, ba eta badire oraino ere.

        Halaber jakitate mota guzietako itsu, —erran gabe doana, itsu ez izanez, jakitatean lasterrago eta urrunago zoazkenak— badire, asko begiduni aitzindu baitzazkote ernearen ernez, jarraikiaren jarraikiz.

        Urrunago joan gabe, bada hemen, Baionan lycée deitu eskoletxeko buruzagi hoberenetarik bat, sei urtetan itsutua, doi-doia baita orroit haurrean kolore xuria, horia eta ferdea ikusirik.

        Bordalesa da sortzez, burraso juduetarik; bera katolikoa, gure erlisionerat gonbertitua, ez bakarrik izenez, bainan izaitez, urrats eta sendimendu on guziez.

        Hala nola mahain sainduko bidea badaki, zuen artean asko gizon elizatiarrek bezen ongi; garaitikoak oro araberan.

        Ezkondua da, bizpahiru haurren aita, hein bat artarekin altxatzen baititu.

        Nola den erraiteko baizik ez da; horrengatik itsu jakintsu dela jaun hori aipatzeko litake bardin, ez gonbertitua izanikan ere.

        Da bakarrik atsegin, hala dela jakitea, eta bertze lan guziekin erlisionearen ikasteak eta oro aitzinean eremanik dagola, deusek lokar arazi, ez eta lotsatu gabe.

        Hau erran beharrez dugu hemen solas hau hasi: jaun hori, holetan haur hotza zelarik, sei urtetan itsutua, gazterik halere, deus ukan ez balu bezala, lotu zela eskolarik handienetarat heltzeko lanari.

        Frantses eta latin eta greka, eta bertze nik dakita ohiko eta oraiko mintzai, hil eta bizi, zonbat lerrotan aldizka zerematzala edo guziak, beti, eskolatu zen gazterik handizki.

        Bachelier eta licencié, agrégé eta grado guziak iganik, horra non den, ja urteak dituela, bera eskolatu ondoan, bertzen eskolatzaile.

        Itsuek ez dutela argirik gidatzen, huna hau itsu eta bizkitartean bertzen argitzale.

        Gorputzeko begiak baititu eskas, eta ez izpiritukoak; hek ilun bezen argi baititu hauk, eta xorrotx.

        Zoin duen hartze ona, zer nahiren ikasteko, eta zer gosea, deusek ez dezake hobeki erakuts, baizik ere jaun horrek, bertze lan guzien artetik eskuara baiterama errotik ikasterat.

        Ja Eskualdun anitzek ez dazkigun xehetasun asko badauzka, liburuetarik bilduak, edo berak bere baitarik hatzemanak: eskual-mintzaian hau hola, hura hala, hau hemen xuxen, hura makur; nor non mintzo gutartean hobekienik, nor zertan huts-egile...

        Ohartzalea da biziki, eta behin buruan hartuz geroz, atxikitzalea. Beharrik! Ezen urrikaltzeko litake, ahanzkor balitz, bere itsuaren gainera.

        Eleketa ez da oraino sobera trebe. Zuk ele eman eta, ihardesten dautzu irriño batekin: «Mintzatzeko ez dizut oraino hanbat usaia. —Ikasiko duzu, Jauna. —Nahi nuke».

        Itsasoaren ongi ezagutzeko ezta baitezpada igerika jakin behar. Halaber mintzai baten aldean bertze bat badakikezu, solas egiteko usaiarik ez ukanikan ere.

        Mintzatzen ez du egundaino nehork ikasi, mintzatuz baizik.

        Mintzatzea bat da; irakurtzea, bertze bat.

        Dena den, gure gizona daukagu ez lezakela nor nahik errexki sal eskuaraz, bera ohartu gabe. Guk bezala solas egiteko guti duela eskas, ageri da.

        Anartean loriatzen da gure eskuara huntaz adixkidekin eleketa.

        Eleketa laketago liburutan baino, eta errexkiago ari. Berak ez ikusten, eta andereak ezin lagun, eskuara hitzik eztakielakotz.

        Horrek du gehienik eskuararen ikastean gibelatzen: bakan baitu laguntzale onik hel-menean.

        Halere segur ezta uko egitekotan.

        Bertzeak bertze, zer ohorea guretzat, hein hortako jakintsun batzu, eskuararen ikasteaz bertze lanik luketenak, behin huni ohartuz geroz, bertan berotzen baititu, eta ez baitakite aski nola erran: zoin den ederra eskuara!

        Itsu baten gogoaz hoinbertzetaraino jabetzeko, badaukala eskuarak zerbeit onik aitortzeko litake, ja ez baginaki lehenago ere.

        Leon du jaun horrek izena. Eskualdun-aren irakurtzalek haren berri hemen aurkitzea atsegin zuketela gogoraturik, etxera joan gitzazkonean, huts-egiter dugu, bi hilabeteren bakantzetarat baitzoan, biharamun goizean goizik.

        Non ere baitabila geroztik, ez bide zaio itsusi izanen Eskualduna hartaz mintzo ikustea. ... Eta mintzaira bat.

 

Eskualduna, 1912-08-30

 

aurrekoa hurrengoa