www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

ARBELBIDE APEZA

 

        Hazparneko misionesten buruzagi ohia, misionesten obra on hori eta holako bertze, berari zitzaion bezala, hedatu eta azkartu nahiz, Ameriketan Buenos-Ayresen, Erroman eta gaindi, asko harat-hunat erabilirik, bospasei urte huntan Baionan bizi zena kalonje, hil da iragan astean.

        Hiruetan hogoi-ta lau urte zituen; zen baino gazte eta azkarrago emaiten zuen. Oro utzi ondoan, deus ari gabe bizi zitakelarik, zahartzeari buruz, egunadaino bezenbat edo gehiago lan bazeraman Baionako katedralean anitz kofesatzen zuen, hor zenean. Bainan ardura hortik ere, han edo hemen, nonbeit zen; eta beti kasik lanean; oraino hetsiak ez diren komentu bakarretan erretreta predikatzen; eta komentu hetsietarik fraide apez predikariak kenduz geroz, heien ordain, asko herritan bardin. Hemen bederatzi-urrun bat, han lehen komunione bat.

        Eskual-herrian baino araiz behar gehiago ikusiz, edo galde gehiago zuelakotz, noiz nahi Landesetako zoko batzuetaraino bazoan predikatzerat. Beti prest, eta urrun joaiteari ez lotsa. Bordaleraino eta urrunago deitzen zuten, bereziki Serora komentuetako aitzindariek.

        Betidanik bazuen komentuentzat gaitzeko atxikimendua. Uztaritze, Angelu, Maule, Donibane, Betarrame, Bastida, eta bertze komentu, hemen hurbileko ala han-hara nonbeiteko fraide eta serora etxe zonbatekin ez zaukan?

        Berak bere gain hartuz, edo adiskide zenbeiten laguntzarekin, bazituen han hemenka komentu batzu ezarriak; ttipi eta handi, ahul eta azkar, predikari, eskola-emaile, lur lanean erakasle, haur umezurtz eta eri xaharren aterbe, ospitale; apez xahar ezindu, deus gabentzat sokorrizko etxe. Zonbat holako ez du egin, edo hasirik utzi, ezin bururatuz, edo ez haizuz?

        Hortan zen ala beti haren gogoa; ekarririk beroena holako lan batzuei buruz zuen.

        Ez doakigu guri hemen erraitea, ez ote zoan batzutan urrunxegi, xede bati buruz oldarra behin hartuz geroz; ala xede onak zituelakotz uste zuken beti zuzenean zela?

        Bego hori Jainkoaren gain. Guk haren lan guziak bezenbat eta gehiago daukagu, hein hortako gizon eta apez batentzat, bere auzi eta nahigabe guzien ondotik, bizi baitzen hor, Baionan kokatuz geroz, bere xokoan, egundaino deus izan ez balitz bezala, nehorentzat hoztasunik gabe, ez eta lanari den gutiena uko egin gabe.

        Nahi bezen barne eta inguru handia izanik ere, ez da dudarik haren gogoak ukan duela denbora batez zer jasan. Ororen gainera orai ondarrean honbertze komentu hetsirik ikustea, bertzeak oro hestera joaki; honbertze fraide eta serora barreiatuak, ahal duten bezala bizi; anhitz Espainiarat edo ahal duten lekurat doazila; urrikari zituen. Laguntzen ere ba frango beren behar-orduetan. Hoik orok ez diokete onik egin haren osasunari. Odolak eiki burua jo. Hamar, dotzena bat egun iraun du eri, loeria batek bezala, emeki-emeki hartu du gaitzak, geroago azkarkiago. Hastetik medikuak beldurtu, deus onik ez zuela; bainan deus ezin egin.

        Eyheralarre-Zaron sortua zen. Hasparneko misionestetan sartu baino lehen, herri berean egona zen bikari. Eta ordutik, bere bizi guzian bezala, bazaukan komentuekin. Herriko populuan, ezbertze batek bezenbat bitarteko jendearekin; ardurago handiekin, eta gero pobre herresta apalenekin, batez bertzea ontzen zuela.

        Gaineratikoan orok ere, bizi gireno, badugu dituzkegun itzalen hatzemaile frango. Hilen orroitzapena hain duzu laburra, non heien etsenplu onez baizik ez baikinuke ahalaz mintzatu behar biziek elgarrekin.

        Bertzalde hunek, bere itzulika guzien ondoan, ez aitzinean, behin ere ez du apeztasuna eta erlisionea ohoratu baizik; hura baita ororen buruan beharrena.

        Luzegi loakiguke Arbelbide zenaren eskuarazko liburuez mintzatzea, eta eskuararentzat zuen atxikimenduaz. Geroxago ere ordu ditake hortako.

        Egun bakarrik hitz bat, ondarrean gogoratzen zaukuna. Zer den gutaz mundu huntan! Eta zer erran ditaken gertaturen denaz... ez denaz!

        Arbelbide zenak ez balu Hazparneko misionestegia komentu ezarri nahiz ukan zuen auzia galdu, ja egungotz etxe hortaz framazon ohoinak jabetuak litazke. Eta oraiko misionestek gobernamendu tzar hunekilako auzia galdua zuketen segur. Bazuen beraz hor misionest buruzagi ohiak ohiko minaren sendagailua.

 

Eskualdun Ona, 1905-03-03

 

aurrekoa hurrengoa