www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

MIRIBEL JENERALA

 

        Aste huntan hil izan da Frantziako jeneralik handiena eta jakintsuena, Miribel deitua.

        Hura baitan sineste handi bazuten soldado aitzindari guziek. Orok zioten hura zela soldadoen xuxen ibilarazteko eta gerla bat heldu zitakenean, etsaiari ihardokitzeko bururik eta indarrik gehienekoa.

        Hiruetan hogoi-ta-bi edo hiru urte baizik etzituen oraino, eta zaharragoek aitortzen zuten hura nausi zutela orok.

        Ez zen gorriekilakoa; eta bizkitartean orok errespetatzen zuten eta ohoratzen. Bazakiten bazuketela, baginukela orok, gutien ustean, haren beharra.

        Hartakotz uzten zion gobernamenduak bere aitzindaritasuna, soldado aintzindari guziez goragokoa. Bertze guziak haren azpiko ziren. Oro hari zauden; zer gerta ere, hura zuten ezarria, gerlako minixtroaren lagun bezala, eta kasik minixtroa baino gorago, Frantziako armada guzien buruzagi.

        Minixterio berritzearekin, gerlako minixtroa kanbiaturik ere, hura etzuten kanbiatzen; beti han uzten zuten bere kargu hartan.

        Horra non bet-betan hil izan den; batzuek diotenaz, zaldiz zoalarik apoplekzia kolpe batek hatzeman du; bertzen arabera, uste gabean zalditik erori da eta burua arraildu zaio.

        Ez dugu oraino garbitasun osorik, baizik ere, zorigaitzez egia dena, hil dela jeneral gaizoa, aldixartu-eta zenbeit orenik barnean.

        Azken berria: pentze batean gaindi omen zoan bere seme batekin; biak zaldiz.

        Seme haren arabera, jeneralak bere zaldiaren gainetik zerbeit ikusi duke lurrean. Zer ote zen hobeki ikusteko, buruz beheiti etzan da edo bederen makurtu.

        Hainbertzenarekin zaldiak burua oldarrean altxatu; kaska bat eman dio zaldiak gainekoari belarrean.

        Durduzatua erori da, trunko bat bezala, zalditik. Bainan zangoak estriberetan loturik gelditu zazko, eta herrestan ereman du zaldiak bide puska bat urrunago.

        Semeak, ahal bezala, geldi-arazi du zaldia, eta bere aita haren zangopetik ateratu. Bainan berantegi zen. Auzoak, seme dohakabearen oihuak aditurik, hara bildu orduko, hil hurrana zen jenerala.

        Medikuek, ikusi bezen laster etsitu dute. Eman-arazi diozkate balikunbalde erlijionearen azken laguntzak. Jainkoak daki ezagutzarik aski bazuen ala ez!

        Fededuna baitzen, eta diotenaz, fedezko eginbideari jarraikia, behartu zaioke zen bezalakoa izaitea, Jainkoaren aitzinean agertzeko.

 

Eskualduna, 1893-09-15

 

aurrekoa hurrengoa