www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

SAINT MARTIN HARRIAGUE

 

        Gizon on bat galdu du Eskual-herriak, eta bereziki Hazparneko herriak buruzagi on bat.

        St. Martin Harriague, Morrotxkoteiko semea, bere sor-herriko auzapez, kantonamenduko kontseilari jeneral, eta Baionako arrondizamenduko bi deputatuetarik bat zena, hil izan da, egun zortzi, Parisen; gizonaren adinik hoberenean, haren eta halakoen beharrik handiena Eskual-herriak eta Frantziak zuketen orenean.

        Gogoak emaiten daukun bezala mintzo gira hemen beti, lañoki, orotaz; huntaz ere halaber mintzatuko.

        Atsegin dugu, herritar ongi-egile handi baten gorestea, bere merezimenduen arabera; ba eta bihotzmin herriarentzat, inguruneko herrientzat, eta oraino urrunago, gorago behatuz, hil hunek deputatuen ganbaran ja zenbeit urte huntan hain gizonki, geroago eta gizonkiago zaukan tokia bet-betan hoin goiz, hoin uste-gabean horrela hutsik ikustea.

        Zer eskasa ez du egin behar hunek, bere xede onekin, bere gogo zuzen, zail eta azkarrarekin hanbat ederki eskuetan zauzkan gider guziei buruz?

        Zer zilo ezin betezkoa, edo nekez beteko dena ontsa!

        Dugun aitor egia; ez ginuen usteko bertze orduz, duela hamabortz, hamasei urte, egun batez hemen berean, Eskualdun Ona huntan, guhaurek laudatu behar izanen ginuela, guk eta orok orduan, hastapen hartan, gure etsaiekin bat, eskuz-esku zoala, ikusi gizona.

        Ez, ez ginuen segurki holakorik erranen orduan, ez guk, ez nehork; bertzelakoak baitziren orduko itxurak. Bainan geroztik hunat, urak bide egin du; gizonak ere ba.

        Gu gure hatzetik higitu gabe, ikusi ditugu lehenago xuxen zoazinetarik asko makurrerat lerratzen; bertze batzu —bakarrak ba, bainan hanbatenaz merezimendu gehiago dutenak— makurrerako bidea utzirik, onerat egiten, eta egunetik egunera finkatzen on hartan, gero-ta barnago, haize kontra; ohiko adixkide minenetarik anitzekin samurtzerainokoan.

        Hetarik bat hau, hunekin lehengo deputatu gorri eztienetarik zenbeit; gizon zuzenak beren hartan, eta zuzenak direlakotz, ohiko ala oraiko eta betiko gorri gaixtoek, tzarrek, lehen xuriak bezen edo gehiago begietan baitituzte orai.

        Ageri zen aspaldian huntara ginoazila; gorri eztiek, zuzenek, ez zutela ihardokiko ahal gaixtoen oldarrari. Ez zen profeta izan behar, oraiko makur izigarriak urrundanik heldu zirela ikusteko. Jin dire, guk eta gurekin anitzek aitzinetik erran bezala.

        Bainan erranen ez ginuena da gertatu: hainbertze gizon makur edo ahulen artetik zenbeit agertu baitire, hau bezala (eta hau bezen bat nehor guti), zinezko-gizon. Ez berehala; haste hartan eta geroxago ere behaztopa frango eginik daude, orai onerateko eskualdea daukatenetarik batzu. Bainan goiz ez bada berant, beren ahalaz onerat itzuli baitire, apur bat bederen eta hau bezalako zenbeit kasik osoki itzuli edo batetara doana, agertu kanpoz betidanik barnez ziren bezala, biba hek, eta oroz gainetik biba hau. Hunek, bereziki azken lau, bortz urte huntan, kasik beti gure gogorat eman du bere boza Parisen: zuzenaren alde, gure erlisionearen kontrako lege tzar guzien kontra; bazter nahastea, gerla eta gaixtakeria baizik gogoan ez dutenen kontra.

        Hortakotz gorriek, eta guziz framazonek eta zozializtak direlako makur bilatzaleek begietan hartzen ari zuten; ja hartua ere hainbertzetaraino non, heldu den maiatzean jazarri gogo baitzazkon, hura kendurik ahal bazuten, haren ordain ezartzeko bertze bat, edo berenaz tzarra, edo ahula, sudurretik nola nahi erabiltzekoa.

        Beren ustez hau ere bertze orduz hala berezia zuten; aberatsa zelakotz, errepublikanoa eta sortze apaletikakoa, beren eskuko xoxoa zaukaten. Bainan uste baino gizona beren buruaren jabeago dute hatzeman.

        Ez hemen hemengo kargudun kixki oro zangoen azpian ezarri nahi zituztenek, ez nehun deputatu lagun gorriagoek, ez prefet, ez eta ministro, ez bertze nehork ezin kordokatu dute hura bere hartarik.

        Ote zakien hastetik, zer putikoekilakoari lotzera zoan, ala ondoan ditu ezagutu, ikusi? Dakiguna da, behin ezagutuz geroz, merke uzten zituela bazterrerat xede gaixtoko gizonak, ttipi ala handi, bere karguari zoazkon eginbidetan.

        Gaineratiko eletan ez gira sartzen: «hau edo hura ein balu: ba etsai ba adixkide, orori buruz holakoa izan balitz, eta ez halakoa». Xehetasunetara gabe, dugun erran bakarrik hau: ongaitz guziak oro hartuz, bana bertze, badela, egungo egunean, gizon makurragorik hogoi-ta bortz.

        Batek alabainan ororekilakoa ezin egin.

        Gizon publikoaz bezainbatean abiadurako itxurak, ba eta lehen urratsak orok dazkitenak izan baditu ere, azken urte hautan oro ahantzarazi dauzku.

        Alta nehork ez zuen bildu, ez baitzen bertzek erabiltzekoa. Bera da ohartu non zen eta norekin: eta zer egin behar zuen; eta behin bide xuxenari lotuz geroz, nork kordoka hura?

        Badago azken huntarat bere lagun herritar deputatu ezti direlakoak ere utzirik, zoazila nahi zutena erran eta egin, badago hura bakarrik bera gelditzen bozaren emaile, goraki, erlisionearen alde.

        Atsegin dugu, erran gabe doa, jakitea, elizako azken laguntzak harturik hil dela; bainan den bihurriena ere norapeit biribilkatzen da hiltzerakoan. Jainkoak denbora uzten badio, bere baitan sartzeko.

        Hau ez da egon azken orenaren beha: lehenago du bere baitan senditu eta erakutsi bere burrasoen, adixkide zinezkoen, herritar girixtinoen, bere bi andere ixil eta on, bat hila, bertzea bizi utzi duenaren erlisioneari gero-ta gehiago zaukan atxikimendua. Haren eginbidetarik handiena zen hori, eta zeren duen hori azken urte hautan ikusi dugun bezala, bete, zor ginion gure ezagutza.

        Dezala luzaz atxik, Eskual-herriak galdu duen gizon onaren orroitzapena!...

 

Eskualdun Ona, 1905-08-25

 

aurrekoa hurrengoa