www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

DUCELLIER APEZPIKUA HIL

 

        Duela sei urte izan zen Ducellier gure jaun apezpiku ohia, Frantziaren bertze buruan den hiri batetako artxapezpiku izendatua.

        Bederatzi urte bazituen Baionako apezpiku zela, Aita Sainduak Frantziako buruzagiekin hitz-harturik deitu zuenean Bezançoneko diosesa handirat.

        Handia erraten dugu, eta hala da egiazki diosesa hura. Behinik behin eremuz eremu badauzka bi departamendu osorik eta bertze lur puska bat: Belfort erraten dioten hiria eta haren inguruetako herriak, Alemaniako lurra hunkitu arte. Bazuen ere, diotenaz, eremu arau hemen baino han biziki lan gehiago asko burutarik.

        Ez da beraz harritzeko laster higatu balin bada ere.

        Hemendik joan zenean, oraino gazte zen adinez; eta zen baino ere gazteago emaiten zuen itxuraz. Iduri zuen behingo apezpiku bazela; hainbertzetaraino azkar eta erne ikusi ginuen gure Eskual-herrian azken aldikotz egin zuen itzulian.

        Eta horra non den jadanik hila, hiruetan hogoi-ta bat urtetan, eri zela ere kasik nehor ohartu gabe.

        Bet-betan aldi-xartu omen da, eta hartarik hil bi egunen buruan.

        Aproplexie erraten dioten gaitz izigarriak ohetik jaikitzera zoalarik jo duen goiz berean piaia luze bati lotzera zoan. Eguardi iriko treina harturik joaitekoa zen, bere ustez, Besançonetik Normandialat, bere sor-herriaren ikustera eta han bere ahaidekin zenbeit egun iragaitera. Zer bihotz-mina ahaide heientzat haren begira egoki eta, hil berria ukan dutenean!

        Horra zer den gure izaitea: egun ba, bihar ez!

        Hilabete bat baino gehiago ez du oraino aipu zela bazter guzietan Ducellier jaun artxapezpikuaz. Orok zioten Baionatik Besançonerat deitua izan zen bezala, Besançonetik Lyonerat igorri nahi zuketela, hango artxapezpikua hil izanik, haren ordain.

        Bazuen ere eiki zerbeit eskaintza, kargu berri hortarat igaiteko. Bainan baditeke ordukotz bere baitan ahulezia zerbeit ezagutzen zuen. Lotsatu ote da bigarren tokiz aldatze hori aipatu diotenean? Ala bertzeak ote dire beren baitarik ohartu, ez ziotela eman behar jasan ahala baino lan gehiago? Guk dakiguna da solas hori erabili ondoan, hura utzirik bertze bat igorri dutela Lyonerat.

        Egia errateko, nahiz ez zen baitezpada eri, anitz zahartua iduri omen zuen; eta berrikitan Lourden ikusi zuen eskualdun jaun batek erran ere badauku kasik ezin ezagutuzko heineraino hautsia kausitu zuela. Ageri zuen segun, zen toki hartan asko nahigabe jasaiteko bazuela. Berak ere lañoki erraten zuen; ez zuela nehon ere eskualde hautan bezalako bihotzdun jenderik hatzeman.

        Hunat etorri zenean, egia den bezala erran dezadan, ez zuen berehala hartu hemengo ara; bainan azkenean jarria zen osoki gurekilakoaren ahalik hobekiena egiteari; guk ere hura hartua ginuen, elgarren xede onak ikusiz beti elgar hartzen den bezala.

        Ezin ahantz dezakegu nola hemen azken egunetarik batez gure aitzinean erran zituen hitz hunkigarri hauk: «Eskual-herria nekez uzten dut. Berantxe ezagutu duket hemengo jendea; bainan hartu dudan baino nekezago dut galduko gogotik. Orotan orok bezala, baditutzue Eskualdunek zuen itzalak, bainan zola ona duzue. Hori da nik hemendik deramatzadan oroitzapenetarik hoberena».

        Zola ona eta azkarra: berak ere hala zuen. Orok aitortzen dute hedadura handia zuela. Bazaukan beti artoski bere nahitasuna; eta nahiz ahal guziak egiten zituen gobernamenduko buruzagiekin bakean bizitzeko, bazakien batzuetan, bere buruaren agertzen, etsaieri ihardokitzeko.

        Halere mintzatu den baino ardurago egon da ixilik. Ixiltasunean iretsi ditu ardurenik egungo egunean gure erlijioneari buruz egiten dituzten jazarkunde izengabeak! Alta bazuken zertaz mintza! Egun guziez oihuka artzeko balitake aski, oraiko gizonen tzarkeriak ikusiz. Azkenean oro hortarako gira, framazon madarikatu horiekin burutzerik ezin eginez, gerla gorria piztu arte.

        Hil den jaun apezpiku horrek egin ditu, batek egitekotz, bai hemen bai han, bere ahal guziak, nahiz eta, eztitasunez, zuhurtziaz, onez-onean gobernamenduko gizonekin bakean bizi. Alferretan ordean, ikusi ahal duken bezala.

        Nork daki zenbat gogoeta samin egiten zuen bere baitan, ikustearekin Elizako buruzagiak eztiago eta bertzeak beti eta beti tzarrago zoazila?

        Ez, ez da harritzeko, jaun hura eta bertze zenbeit gazterik zahartzen eta hiltzen badire ere. Holakoetan gutienik agertzen direneri zaiote ezik asko aldiz gehienik odola berotzen eta galtzen.

        Jainkoak dezotela eman berekin bertze munduan hemen Elizarentzat ezin ardietsi duten bakea.

        Detzotela eman halaber heien ondokoeri, bakerik ez dutenaz geroz, gerlaren jasaiteko behar dituzten argiak eta laguntzak!

        Behinere ez dute, ez dugu orok ere izan laguntza eta argi behar gehiago!

 

Eskualduna, 1893-07-07

 

aurrekoa hurrengoa