www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

CHARLES MINJONNET

 

        Eskual-herriko seme hobeenetarik bat ehortzi da Baigorrin joan den larunbatean.

        Charles Minjonnet, Eskualdun gazeta hunen jabe buruzagietarik bat, Baigorriko kantonamenduko kontseilari jeneral zena aspaldiko urtetan, hil da, zahartu gabe, bainan ez bera eta bertzeak ohartu gabe zertara zoan.

        Urte osoa baino gehiago bazuen zinez eritasunean sartzetik hunat, eta bozpasei hilabete huntan gero-ta gehiago beretuz zeraman gaitzak

        Duela zonbeit hilabete, beldurturik burua har zezon paralesiak, nahi izan zituen, zer gerta ere, hiltzerako eginbideak bete. Zer mintzo zen, ihardetsi zioten etxekoek; etzela segurki oraino hartan. Hartan bazen eta ez bazen, on zeno nahi zituela bere urratsak egin, apeza etxerat deitu baino nahiagoz, bera joan zen karrosan erretoraenera eta hanxe kofesaturik, etxerat itzuli, ziolarik, atsegin zuela, Jainkoaren aitzinean agertzeko behar zuena eginik.

        Izaitez handik laster halakatu zitzaion burua, non ez baitu geroztik bertze kofesio funtsezkorik egin.

        Artetan, hobekixago zelarik, aditzekoak ziren haren ateraldi batzu. Erran dituen ele azkenetarik hau izan da: «Beti euria! Hauk aro hitsa! Ene ehortze eguneko bederen ater baladi, hemendik eta elizarako bide luzean, jende onak ez diten busti...»

        Zertaz orroit, gizagaizoa! Harek erraitekoa da hori, zeren betidanik ez baitzuen deus hala gogoan, nola oro ahalaz ontsa ikustea.

        Hil aitzineko egunetan, ba eta lehenago ere, galdatua zuen, azken orenetan eman zezotela otoi eskuetarat haren ama zenak azken hatsa emaitearekin ahurrean atxiki kurutzefika maitea.

        Erran bezala eman diote; ba eta hura bi eskuz lotu kurutzefikari; eta iduri zuelarik bertzenaz ezagutza osoki joana, ez utzi nehori kentzerat orritzapen hura, ez estalgien xuxentzean ere, hil arte.

        Amaren orroitzapen ona eta fede bizia semeak bihotzean zituela beti ageri da.

        Beretzat bezala zen bertzentzat. Duela bizpahiru urte, adixkide bat eri gaizkiturik, bere atxikimendua hobeki ezin erakutsi zion, baizik ere, ikustera joan eta buruz-buru erranez, eskua tinkatzearekin, eztiki, bainan gizonki: «Adixkidea, maite zitut, eta eztezakezut froga hoberik eman, galdatzea baino etzinukenez nahi, zer gerta ere, kofesio on bat egin?...

        Nihaurrek igorriko dautzut apeza.

        —Milesker, nahuzularik».

        Erran bezala egin. Behartu ere zitzaion eriari adixkide onaren kontseilua.

        Solas hori berak ondoko egunetan guhauri aipatzearekin, behinere ikusi ez ginion begitarte samur bizi bat hartu zuen, ziolarik: Gaizki egiten dut ba naski hola mintzatzea; bainan iduri zaut oraiko apezak hotzago edo nik dakita... uzkurrago direla, bertzeak bertze, behinik behin ere bati, eri etsitu edo lanjerean denari fedezko egiez eta hiltzerako eginbide handiez mintzatzeko, kar gehiago zutela daukat lehengoek.

        Behar zenaren egiteari, lehen-bai-lehen, azkenerat utzi gabe etziren lotsa.

        Fede zahar, azkarreko eskualdunaren ateraldia!

        Gaizo Minjonnet! Ez baitzuen uste, ez eta nik, xehetasun auk emaiten ari ditudan toki huntan berean ginaudelarik solasean, hak erran eta nik adi, hiru urte gabe hil behar zela...

        Gaineratikoez, gizon ezti, gozo, zuzenean ororekilakoaren egiterat ekarriagorik nehor guti ezagutu dugun. Izpirik ez zen ohore gosea, ez handikaria, nahiz ez zuten handiek, ez handi beharrek izitzen; jende xehearekin laketago zuen.

        Elean hurri aire bat zuelakotz, baziren uste zuketenak ez zela zen bezen buru onekoa. Hurbiletik ontsa ezagutu dutenek dakite zoin zen zuhurra, eta funtsezko gauzetan argitua.

        Begietarat errauts emaileak ez zituen maite, bera ez baitzen halakoa, den gutienik.

        Handi dena gizon publiko batentzat, guziz egungo egunetan, eta berezikiago hura zen tokian, etsai bat behar-bada ez du utzi Baigorriko herrian, ez kantonamenduan, ez nehon.

        Haren etsai bakarra, gerla zen. Baitezpada beharrez jasaitera zagon, bainan ez bilatzera. Egiazki bakezko gizona zen, eta bake denboretan, oraiko hauk ez bezalakoetan, bizitzea laketuko zukena. Ongi gehiago eginen ere ba mende nahasi huntan baino bertzelako batean.

        Haren hobiaren aitzinean mintzatu dire hiru jaun: Katalogne, zenatorra; Sala, kontseilari jeneral lagun ohia; Kanitrot, haurdanikako adixkidea.

        Azken bi hoiek erran dituzten bihotzetikako egia onak, galdatu dugu otoi egungo Eskualdun huntan eman ahal ukaitea. Hor dire. Eskualdunaren irakurtzalek ikus dezaten zuzen da, zer gizona dugun galdu.

        Katalogne, jaun zenator gorria bertzeak bezalatsu mintzatu da hartaz. Gogoan zer bazuen ere, han erran dituenak ez dire gaizki.

        Bakarrik altxatu duguna da: gure aldea daukaten gizon guziak Minjonnet zena bezen gizon zuhurrak, eztiak, onak balire, aspaldi bakea ginukela Frantzian.

        Baditake hori; bainan orduan oraiko zenatorrez bertzerik ginuke nausi Katalogne barne.

        Gerla bilatzaleak erraitea gure faltaz dugula gerla, trufatzea da.

        Bertzenaz ba guk ere daukagu, Minjonnet bezalako anitz gizon baginitu Frantzian eta Eskual-herrian, hobeki ginoazkela.

        Baigorrin berean, iragan egun hoitan agertu da haren eskasa. Hura zen bezalako puska onaren hitz bat bera, edo ez mintzaturik ere, han haren itzala, onez onean, askiko zen, ikusi dugunik ez ikusteko.

        Agian ukanen du ondoko, sarrixago, eta behin etsenplu on bat izanen da herriarentzat haren orroitzapena.

 

Eskualduna, 1910-08-26

 

aurrekoa hurrengoa