www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

PASTEUR: HIL HANDI BAT

 

        Pasteur deitu jaun jakintsun handia, gizonen artean behinere agertu diren gizon argituenetarik bat hil izan da iragan larunbatean.

        Nork ez du gutartean aspaldi bere izenaz ezagutu zakur errabiatuaren ausikitik sendatzen zuen jaun aipamen handikoa?

        Munduaren lau bazterretarat hedatua zen haren omena. Hoinbertzetaraino gizontzat eta gizon handitzat zaukaten orok, non edo zoin erregeri eta enperadoreri, ala bertze buruzagi handiri eder baitzitzaioten harekin solas egitea eta hari esku tinkatzea bera.

        Bereziki azken urte hautan orok alde orotarik artaz eta ohorez iduri zuten ez zakitela nola aski ingura. Laguntza eta sari aberatsenak zagizkoten, bai Frantziako, bai arrotz herri aldeetako buruzagiek.

        Zerbeit irabazirik ere bazuen engoitik hiruetan hogoi-ta hamahirur urtez bere bizia eta osasuna gau eta egun lanean higaturik atxiki duen gizonak! Bai egiazki, bazuen zerbeit irabazirik! Zer lan luzeak eta dorpeak ez ditu egin, bere xedera heltzeko. Buruzko lanak zein gaixto diren eta asko aldiz gorputzaren berarentzat zein diren nekegarri ez dakienak ez du asmatzen ahal: Pasteur jaun zenak zenbat lo galdu duken eta zenbat urtez zenbat odol gaixto egin, errabiaren sendagailu hura hatzeman arte!

        Haren idurikoei ardura gertatu zaiotena, hastapenak zituen ukan orotako idorrenik. Bere barnetik zerbeitek zerrakion, ongi bilatuz, hatzemanen zuela, gogoan zuen sendagailua. Bainan nehork ez nahi sinetsi; are gutiago lagundu...

        Berak bere burutarik eta bere ahalen arabera egin zituen asko eta asko ikus-lan eta ikas-lan... ez dakit bertzela nola erran eskuaraz.

        Zakur eta otso, idi eta behi, lapin eta erbi eta bertze azinda eta abere, eta ihizi errabi-arazi zituen, batzu bertzei ausiki-araziz, edo batzuei bertzeen odol galdua zainetarat sartuz... ikusteko gero zein nola senda-araz zitzazken.

        Azkenean noizpeit nolazpeit ohartu zen lapin errabiatuaren odol-galduak senda zitzazkela bertze azinda eta abere... eta jende errabiatzera zoazinak.

        Xartatzean pikotarik beiratzeko pikota-hazia emaiten den bezala, bota errabiari errabia-hazia, ez nola nahi, bainan hemen aipatzea luzegi liteken xehetasun batzuen arabera. Hara non den hatzemana errabiaren sendagailua. Zer hatzemakoa!

        Eta nolako beldurra, nolako ikara ez zuen bere baitan ukan jaun gizagaixoak, bere sendagailu lotsagarria, iduriz pozoin egiazkoa lehen aldikotz jende bati lurra zilaturik, han sartu zuenean! Hil edo bizi... mutiko artzain gazte bati eman zion lehen aldikotz, ordu arte azindetan baizik ezagutu ez zuen pozoina edo sendagailua.

        Zer atsegina, ikusi zuenean mutikoa zenbeit egunen buruan sendo, behin betikotz sendo.

        Lehenbiziko sendatze horren orroitzapentzat altxatu zuten, handik ondoan harrizko orroitgailu eder bat. Han berean orroitgailu harenpean hautatu du berak bere azken egoitza; eta han behar omen dute ehortzi hil handi hori... hiltzetik beiratu duen lehen artzain Jullipe-n izenaren itzalean. Non hauta zezaken hobeki bere hil-hobia?

        Ez ukan dudarik, egun hautan, bederen aste oso batez, espantuz beterik agertu direla kazeta guziak. Jadanik mintzo dire: gizon handi, ongi-egille handi bat galdu dugula. Egia da hori.

        Diote gizon hori apaldanik altxatu zela: larru-apaintzale baten semea, bere lanetik zenbeit sos bakar irabaziz bizi izana eta argitua Emeki-emeki, haro gutiz eta lan anitzez, bere burua ezagutarazi du azkenean.

        Bizkitartean jakintsun handi zelarik, ez zen medikua. Behinere ez zituen medikuntzako tituluak hartu. Eta zahartu ondoan, berak irriz erraiten zuen: «Zer deraste, nik eriak sendatzen ditudala? Ez naiz eta mediku ere. Norbeit senda baneza nik nere eskuz, berehala jaun mediku horiek prozeberbal bat egin lezakedate.»

        Bainan ez balin bazen ere bera mediku, argitzen zituen medikuak; eta bere irakaspenak utzi diozkate Pariseko mediku handi batzuei. Heien eskuz artatzen zituen ere aspaldi huntan eriak, bera zahartua zelakotz eta ezindua.

        Ez dugu beraz zeren beldur izan bere sendagailua berekin ereman duela. Esku onetan utzi du. Badoazke beraz, orai arte bezala, zakur errabiatuek ausikiak direnak Pariserat. Han aurkituko dute Pasteur zenaren izena dakarren eritegi eder bat, errabiatik sendatzeko behar diren laguntza guziekin.

        Horiek oro egiak dire. Bainan orobat egia dena, eta kazeta gutik aipatuko dutena da: Pateur jaun hori girixtinoa zela, zinezko girixtinoa. Bere lan guzien artetik erlijioneko eginbideak oro agerian betetzen zituen. Beti jarraikia zen elizako urrats guziei.

        Hiltzerakoan ere, bere burua gaizki ezagutu duenean, berak bere baitarik galdatu du bere kofesorra, aspaldi adixkide zuen fraide zahar bat. Berak deit-arazi du ere herriko jaun erretora, eta harenganik hartu ditu elizaren azken laguntzak.        

        Dohatsu horrelako bizitze on eta eder baten ondotik, heriotze girixtino bat egiten duena! Gizonen laudoriak laster ahantziko dire. Jainkoak diola hura baitan sineste ukan duenari ongi-eginen saria eta betiereko zoriona!

        Guk ez dezagula behinere ahantz mende huntako gizonik argituena, ororen gogora, hedadura handiko gizona, mende nahasi huntan izan diren gizon zuhur, jainkotiarrenetik bat zela; Pasteur, errabiaren sendatzailea.

 

Eskualduna, 1895-10-04

 

aurrekoa hurrengoa