www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

LOUIS ETXEBERRI

 

        Egun zortziko berantegi jakinik, laburzki baizik ezin eman dugu Louis Etxeberri, Donazaharreko seme, auzapez eta ongi-egile handi zenaren hil berria.

        Alta ez ginintazken azkenak izan nahi guk, hemen, Eskualdun gazeta huntan, haren laudatzaile, hura zen Eskualdun egiazkoari doakon bezala.

        Bere bizi guzia, on zeno eta haizu izan deno, Eskual-herriaren onetan ereman baitu, eritasun bera garraituz anitz urtez; ba eta zenbeit aldiz eritasuna baino jasan-gaitzagoko nahigabe asko Ez badu beti bardin osoki laño eta ezti erakutsi bere burua, bazuen batzutan zertaz errangura.

        Bihotz ona duen gizonari deus etzaio hain gaitzi nola eskergabekeria. Eta Jainkoak daki, egungo egunean, hura zen bezalakoek zenbat biotz-min duten iresteko.

        Beren sor-herria itsutuki maite; haren onetan zerbeit egin nahi. Nahi zuketen guzia ez eginik ere, ahal guzia bederen egin eta gero... dakizuena.

        Ahalgegarri diren gizon, gizontasun izpirik gabeko batzuei behar leku egin!

        Ongia egin, eta hoztasun zenbeit barka dazkioke hari, non ez den jazartzen hobendun ez denari. Eta zertako ez, orduan ere, uste gabearen gain eman hutsik handiena?

        Aspaldiko urtetan hainbertze bidegabe egiten daukun politika madarikatu horren tzarkerietarik bat izan da eta ez ttipiena, adixkiderik hoberenak berak nahastea...

        Gaixo Etxeberri! Hemezortzi urte ditu, haren ezagutza eginik, lanari lotu ginela, hura buruzagi, Eskualdun gazetan.

        Ezen ordu da erran dezagun, Eskualdun gazeta bat balin bada Eskual-herrian, hari esker dela lehen-lehenik.

        Hari zitzaion hau gogoratu; harek zuen hasi, adixkide zenbeiten laguntzarekin, bainan lehenbizian gehienik bere lanez eta bere diruz.

        Bi urte zituen hasia zela, gu sartzean, geroztik anitz urtez elgarrekin lan berean aritzen gira.

        Goraki erran dezakegu beraz, gure izan dela luzaz Louis Etxeberri, eta gu harenak. Ez dezakegu hori ahantz eta ez dugu nahi ahantzi.

        Eta zuzen da gazeta hunen irakurtzale guziek jakin dezaten hamasei urte iraun duen Eskualdun gazetak bere aita Louis Etxebarri zuela. Doala bakotxari berea. Iduri zauku, hil dena bizi balitz, atsegin zukela, hau hemen irakurtzea.

        Hain zen atxikia bere Eskualdunari non, orai duela lau urte, utzi zuenean lan hau, gazetaren izena beretzat beiratu nahi ukan baitzuen, zer gerta ere.

        Geroztik hunat izenez eta buruzagiz aldaturik, langile berek lan bera deramagu.

        Eskualdun Ona bere eskuko ez izanagatik, begi onez ikusten zuen beti, hedatuz eta azkartuz joaki, gure buruzagi ohiak.

        Dakigunaz mintzo gira. Hala ez balitz, ez ginezake aipa; bainan atsegin dugu hori hala denaren erraitea.

        Hortarik ageri da, zenbat ere baitzen Louis Etxeberri berak bere gogoan zuen hari atzikia, ororen buruan eta oroz gainetik. Eskual-herriaren ona zuela nahi.

        Gazetaz bertzerik egin du, bai hartan ari zelarik eta bai hura utziz geroz. Eskual-herria, Eskualdun etxea, eta guziz laborari etxea nahiz ikusi azkar eta iraunkor, zenbeit lerro izkribaturik dago gazetak baino goragodanik mintzo diren batzuetan, nola baita «Réforme sociale» deitu bat, erakusten duena zoin den erlisionea gauza ona, gauza beharra, mundu huntako bereko; bertzekoa bertzalde.

        Zenbeit urrats erabili ere du Garaziko laborarien dretxoak ez nahiz galtzerat utzi. Etxetik kanpo egin duen azken urratsa, ja eri zelarik, eta zoin zen eri zakielarik, egin du, ez nahiz Donibaneko konkurra huts egin.

        Jainkoak saristatu du bere borondate onaz; eman dio hiltzerakoan bere eginbidearen betetzeko denbora, eta ezagutza osoa.

        Bere konfesora deitarazi du; eta jin denean, oharturik ez ziotela nahi zuen bezen laster igaranazten goiti, galdatu du, zeren goait zauden; berehala nahi zuela konfesatu, biharamun arte iguriki gabe. Ikusgarri omen zen haren kuraia eta fede bizia.

        Jainkoak duela haren arima. Eta guk Eskual-herrian, bereziki Eskualdun On huntan, hunek eta guk dirauguno, haren orroitzapena.

 

Eskualdun Ona, 1907-10-23

 

aurrekoa hurrengoa