www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

NAHI EZ DUTENENTZAT: BARTHOU

 

        Gizon handiek ere batzutan erraten dituzte ele tipiak; eta hanbatenaz tipiago direla iduri dute, ba eta ere hala dire, zenbatenez baita gorago altxatua heien errailea:

        Ezagutzen duzue Barthou, jaun minixtroa, Oloroneko deputatu gaztea. Ikustez ezagutzen ez duzuenek badakikezue bederen engoitik haren izena; ba eta zerbait gehiago ere haren aipamenaz.

        Ezen Eskual-herriko gure deputatuek badute hartaz eta beren buruez espantu Harekilako adixkidantza bazaiote gure gizonei zerbait! «Nik Barthou adixkide dut; behar-orduan aski duket Barthouri hitz bat erratea. Asko eta asko laguntza ardiets detzazket Barthourenganik. Barthou eta ni; ni eta Barthou... nor ez gira gu? Barthou harat, Barthou hunat. Barthou alde duenak, Barthou lagun duenak, Barthou bere eskuko duenak, zer indar ez du?»

        Beraz iragan astean jaun hori Parisetik etorri da Oloronera; eta han bere herritar boz-emaile biarnesen aitzinean egin du mintzaldi bat. Mintzatu da bere buruaz eta bertzeez. Ele on eta tzar, xuxen eta makur, orotarik erran du.

        Bere etsai guziak ezarri ditu lurpean ehortzirik. Eta nor uste duzue direla jaun horren etsaiak? Hek dire oroz gainetik dioenaz gorri beltzak, socialistes, radicaux, eta holako herradun bazter-nahasle guziak. Hek oro nahi lituzke... dioenaz, errautsi, gure deputatu hauk bezalako zenbaiten laguntzarekin.

        Gorri-beltzak etsai dituenaz geroz, bera xuria ote da beraz? —Ez; ez eta xuriaren aldekoa ere. Gehiago dena, gaitzi zaio aditzea, xuriekin badaukala den gutienik ere. Debruak hartzen du, holakorik aipatzen diotenean.

        Behin baino gehiagotan errana zuen ja lehen ere, zer xedetako gizon zen xuriei buruz; baginakien gorri zela eta dela beti. Halere oraino berriz nahi izan du erran gorri dagola beti, eta gorrien xede berak dauzkala.

        Galdatu diote, zer dion iragan urte hautan gorriek egin lege hoitaz Ihardetsi du hoik guziak onak zazkola; hoien alde izan dela beti; eta minixtro deno, deputatu deno, hoik hola atxikiren dituela. Horra zer duen erran.

        Gaizki mintzatu bada ere, nehork ez dezoke erran, ez dela bederen garbiki mintzatu. Bertze zenbaitek itzulika eta gorde-joko gehiago dute. Hanbat gaixtoago beren bozak xede hortako gizonari emanen diozkaten boz-emaileentzat; jakinean eginen dute gaizki.

        Bainan bertzerik oraino erran du Barthou minixtroak. Nola hau. Galdatu diotenean: zertako eta zergatik bada ez duen nahi eskoletan haurrek ikas dezaten erlisionea, katixima, ihardetsi du: hori egina da katiximarik nahi ez dutenentzat.

        Orok nahi balute katixima eskolan ikas dezaten haurrek, orduan araiz legean eman lezakete Barthou minixtroak eta harekilakoek: eskolan ikasiko dutela haurrek katixima!

        Bainan holetan ez dute nahi orok. Nahi ez duten heien-gatik da legea den bezala emana. Zer ateraldia.

        Eta nahi dutenak? Hek naski gabe egon behar bertzeengatik? Ederra dugu! Horra gauza bat, berenaz ona, ezin hobea. Batzuek nahi, bertzeek ez: Zer egin? —Bego bazterrerat. —Bainan guzientzat on balin bada, eta ez gutienik nahi ez luketenetzat. —Nahi badu bada; fuera bazterrerat, ez dutenaz geroz orok nahi.

        Ote da, ote ditake hori baino solas makurragorik? Bakar batzuengatik, orok jasan, orok sofri.

        Ez da, bana bertze, ehunetarik bat, ez eta berrehunetarik bat, bere haurrei eskolan otoitzak eta katixima erakatsi nahi ez lioketenik. Emagun bat.

        Halere balitazke, ez bakarrik hemen Eskual-herrian, bainan bana-bertze Frantzia guzian berreunetarik ehun eta laur hogoi-ta hemeretzi aita boz-emaile, katiximaren alde.

        Bozetarik baloa, horrela loake gauza. Eta zertako, zerentzat dire bozak, ez bada majoritatearen nahia behar nausi gelditu?

        Bertzenaz, ez da bozik ez bertzerik, ez litake behar zuzenez nehon neholako majoritaterik zuzenaren kontra. Herri bateko gizon guziek nahi ukanikan ere Jainko-legea bazterrerat eman, zuzen kontrako legea litake; indar gabeko legea. Bainan emagun boz-emaileak direla nausi; emagun majoritatearen nahia dela lege. Iduki, jauna; eta nahiago baduzue, bardin hordago.

        Ez baita ordean holetan lege-hori, eskoletako legea majoritateak behar egin. Batzuk ez dutenaz geroz nahi, heien gogora behar baita joan.

        Eta noiz aditzen ditugu holako ahopaldiak? Errepublikan girelarik. —Eta noren ahotik? Errepublikako minixtro baten ahotik; ez denetz bitxi.

        Majoritateak egiten futxo gobernamendua; lege guziak oro majoritatearen nahitik joaki; eta lege hori bakarrik hola, minoritate txar ez-deus batengatik?

        Bainan arau hortan lege guti litake iraunkor; ote da ere orok nahiz, ororen gogora egina den legerik? hala nola, zergen pagatzeko legea, kontrabandarik ez egiteko legea, bertzen ontasunik ez hartzeko legea bera... ororen gogorakoa? Nahi ez dutenengatik. Atx, jaun minixtroa.

        Ikusten duzue noraino deramaken solas ahul, makur batek. Ez du, ez hortan jaun harek gogoan zuena erran. Zinez mintzatu nahi balire, erran lezakete; «Nahi dugu erlisionea kendu. Gal-arazi nahi dugu emeki-emeki haurren gogotik erlisionea.»

        Beldur dire ordean, hola mintzatuz, jendea kexa dakioten eta asalda.

        Horra zertako dabiltzan batzu aitzakia edo estakuru bila, eta bertze batzu ixilik daude, golkoan dutena kanporat agertu gabe.

        Xede onik duenak zertako ez ager?

 

aurrekoa hurrengoa