www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

JAUFFRET JAUN APEZPIKUA

 

        Jaun apezpikua eri ginuen ja zenbeit hilabete huntan. Hil da, iragan igandetik astelehenerako gauean, gau-erditan. Hiruetan hogoi-ta bederatzi urte zituen. Baionako apezpiku zela, hamabi eta erdi.

        Marseillen zen, hiri berean lehenago eskola-etxe handi bateko buruzagi egonik, bi rute hartan kalonje bezala bizi, hunat igorri zutenean. Urrundanik eta toki arrotzerat heldu zen osoki.

        Eta bertzalde boz-egunak baitziren, egun hitsak eta nahasiak ezin gehiago, —ez baitire ondikotz geroztikakoak hanbat hobeak izan Frantzian!— gure etsaiek huna zeneko, ba eta huna gabe ere, zen tokira zer nahi erasia, lausengu eta mehatxu aldizka hel-araziz, inguratu zuten alde orotarik Zer ez zioten orduan erran eta egin, diosesako apezak eta bereziki apez eskualdunak, eta berezikiago orotarik kartsuenak, hoberenak, gaiki erabil arazi nahiz? Bildu ere zuten, bakearengatik, zenbeiten herriz aldatzera.

        Hitzeman ba, bakea! Geroak eman du erakusterat, nolako bakea eta zer xedeak zituzten gogoan. Ez dituguia ikusten hor joaki, bero ta urrunago eta barnago, gure erlisioneari, buru guzietarik, egin dezaketen kalte guziaren egiten? Eta beti joaki aitzina!

        Ohiko hemengo ez-bai eta makur iraganen ahantz araztekaoak izan ahal dire geroztik Frantzian. Eta naski orainokoak deus ez, hemendik harat egitera doazilakoen aldean...

        Ikuspen hori zen gure apezpikuaren bihotz-min handienetarik bat. Aspaldi ohartua zen: non eta nor ziren egiazko bakezko gizonak eta egiazko bazter-nahasleak. Nor behar zuen sinetsi, eta nor ez, bazakien aspaldi; eta gerota hobeki.

        Hortakotz, hastapenean lausengu bezenbat larderia eta beltzuri zuen, bereziki azken huntarat, egungo eguneko gizonetarik.

        Ikusiz hoien egitateak, komentuen kontra eginikako eta bertze lege tzarrak ez zituela onesten; fraidei eta serorei, eta eskola girixtinoei atxikia zela biziki, ezagutuz geroz, gutarik edozoin bezenbat edo gehiago begietan hartua zuen etsaiak.

        Hastean egin, eta geroztik ere, beti bakearengatik egitera zagon hautsi-mautsiek, ez adinak, ez eritasunak, ez apezpikutasunari doakon errespetuak, deusek ez du gibelatu etsaia, haren azken egunak nahigabez eta kirestasunez pozoindatzetik.

        Gehiagoko xehetasunetan hemen sartu gabe, azken eritasuna ere hanxet bildua zuen Pauen zelarik zenbeit egun hartan; eta han, orotan bezala, katolikoei buruz, eskugainik aski ezin hartuz ari baitire protestant, ala judu, ala erlisionerik batere gabeko batzu; orok elgarrekin bat egiten dutelarik gure bizkarraren gainean; jaun Apezpikuak nahiz arrazoinekin katolikoek beren eskuak atxik ditzaten, bederen erlisioneko urratsetan, hala nola karitatezko obra onetan, orotaz jabetzerat utzi gabe bertzeak; kontseilu zuhur zenbeit emanik beraz jaun Apezpikuak, gaitzitu bertzeri... edo alegia gaitzituarena egin.

        Haro bat altxatu zioten; eta zernahi ateraldi tzar, bai buruz-buru, bai beren kideko kazetetan eman.

        Ez bazituen ere holako solasak eta egitateak beti barna hartzen, badakigu ez diotela onik egin. Bihotzeko min bat jauzirik, jo zuen Pauetik Betharramera; eta han, arta guziengatik egun guziez beti ahulago, jautsi da, mailka-mailka, bere kargu handitik tonbaraino.

        Uste izaiteko da, diosesa guzian harentzat egin diren otoitzeri esker, egin diola Jinkoak eritasun luze eta hein bat eztiaren grazia.

        Grazia handietarik bat hori, geroari buruz, nornahirentzat ere. Are gehiago Apezpiku batentzat; hainbertze eta halako eginbide hertsiez Jinkoari kondu eman behar dionarentzat.

        Fedezko begiz gauzak ikusten dituenarentzat, ezin aski goretsizko grazia, bizi luze baten ondotik, hainbertze harat-hunat erabili ondoan, heriotzea heldu ikustea; hurbiltzen ikustea; bere gogoa eta bihotza egun guziez gero ta gehiago itzultzea zeruko alderat, lurreko lokarriak oro banazka haustearekin. Egun guziez erran behar eta ahal izaitea, gerota zinezago; «Jinko ona egin bedi zure nahia. Ene arimaren onetan, ere artaldearentzat eskaintzen dautzut ene bizia».

        Holaxet joan da, emeki-emeki, gure jaun Apezpikua. Heriotzea hurbiltzen ikustea baino dorpeago, saminago, jasan gaitzago izan bide da harentzat lana eskutik utzi behar ukaitea. Ezen, ez zelarik azkarra —ageri zuen ez zela hala— lan handiak zerabiltzan. Asko lan handi, ba eta ttipi, bertzei egin araz zitzazkenak eta oro berak zeramatzan, gauak egun eginez.

        Goiztiarra zen biziki. Goiz guziez, ahal zueno, lau orenetako jaikia; bere otoitz, mezak eta oro emanik, lan puska bat egina zuen, ardurenetik letra multzo bat, hamar hamabortzetaraino eginik lerroan, metatuak, askaldu gabe.

        Gero berriz aitzina lanari lot.

        Konfirmazionetako itzulietan zabilalarik, orobat edo bardintsu. Higatu du bere burua, non hein hoi irautea ere zerbeit baita. Hau aipatzen dugu bakarrik hemen erraiteko zein nekez, eta zein ezin-bertzez utzi duen lana!

        Halere azken eguneraino, guti edo aski, zerbeit egin du. Ohetik bederen begi zaukan eta gogo, ahalaz esku ere ba, diosesako goiti-behiti guzier Orzaizeko erretor Diharassarry zenaren min-hartze izigarria entzun zuenean, berehala, nahiz bera ordukotz aski eri zen, depexa joarazi zuen, berari buruz eta familiari, otoitzean zagola harentzat.

        Eta orai biak hilak, han Jainkoaren aitzinean! Deus ez da mundu hau; deus ez dire hemengo itzulika guziak. Zer diot? hauk oro gure onetan ditazke eta dire, Jainkoaren nahitara doazilarik, harentzat egiten edo jasaiten balin baditugu.

        Dugun otoitz hilarentzat; otoitz bizientzat, Jinkoak eman dezon gure diosesa handiari lehenbailehen artzain on bat!

 

Eskualduna, 1902-06-20

 

aurrekoa hurrengoa