www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

ADEMA APEZA

 

        Eskualdun bat hil da. Balin bazen eta izan bada egundaino egiazko eskualdunik, hura zen.

        Eztut erran nahi eskualdunaren ongaitz guziak oro bazituela; bainan haren gogoa, bihotza, lana, hots, haren izaite guzia, solas eta urrats, Eskual-herriari, eskualduntasunari zatxikizkola, ba.

        Eskuararen eta eskualdunen aipamena, zoin eder, zoin handi, zoin zahar, leihorrez leihor, menderen mende, hel ahala urrun oro zauzkala, loria zen haren aditzea.

        Etzitzaioken beti jarraik, ez baitzuen gizagaixoak hasiz geroz bararik.

        Bainan hain zen solas-egile maitagarria, haur hona: bere zaharrean ere haur bat bere aita amez ezpantuka bezala mintzo beti Eskual-herriaz, eskuaraz, Eskualdunez, non onerat baizik ez baitzitazken har haren ateraldiak.

        Koplaria zen lehenetarik; bainan egun zortzi mintzatuko gira hemen Adema zenaren kopla ederrez.

        Egun bakarrik Eskualdunaz gira mintzo, eta apezaz.

        Apeztasuna eta Eskualduntasuna, biak elgarrekin, zerbeit badira. Hitz dautzuet bazazkola zerbeit Adema zenari.

        Eliza gizona zen: predikaria, kantaria; gostu handia zuen elizaren apaintzen, ba eta hortako jakitatea ere. Egon den herrietan bada harek eginikako asko lan; bera langile.

        Bikari egon zen sei urte Hazparnen; erretor Bidarrin hamar urte; gero Atarratzen hemezortzi. Azkenik Baionan kalonje. Han hil da eta Senperen ehortzi, elizako ohoreak Baionako katedralean izanik.

        Ehortze horrek orroit-arazten gitu Hazparnen bikari zelarik, 1858-an izan baitzen izigarriko eritasun bat, sukar ustela, etxe bakarretik hiru, lau jendetarino ereman zituena (ez kolera denboran; hura lau urtez lehenago zen); orroitzen gira entzunik batzuen eta bertzen ahotik, eriz eri zabilalarik, kuraia handia erakutsi zuela.

        Omen zion: sekulan egitekotz, orduan zitakela behar pilota partida eder bat egin, jenden gogoaren arintzeko. Hura behar zen izan, uraren gainean pilotariei beha egonen zena, uste izaiteko Kaskoina deitu pilotari handiaren eta haren lagunen pilotan ari ikusteak haizatuko zuela gaitza.

        Omen zion eritasunak baino jende gehiago zeremala beldurrak, izialdurak, edo bederen askori eritasuna izialdurak lot-arazten ziotela.

        Hain xuxen, bertze anitz bezala, orduan hil zen, sukarra bildurik, Kaskoin pilotari famatu hura.

        Nolazpeit beti pilota partida handi bat segurik egin zen. Ezen hiltzerako bezperan, Kaskoinak ohera ekararazten omen zituen, berak galdaturik, partidaren berriak, ponduz pondu, ari zirelarik pilotariak plazan.

        Ordu berean sukar usteletik hil zen Hazparnen Hazketan neskato gazte bat; izialdurarekin oro ihes; hilketariek ere ez nahi kutxan sartu hila, Adema apeza hilaren beha han.

        Ikusiz auzoen beldur-ikara, bi hitz erran zazkoten ez behin ahanztekoak; hartu berak hila besoetan eta sartu kutxan.

        Orroitzapen lazgarri hortaz bertzerik izanen dugu aipatzeko, Eskualdun apezaren ondotik mintzatuko girelarik egun zortzi koplariaz.

        Adema Senpertar kalonje zena, orai duela berrogoi-ta hamar bat urte, Hazparnerat bikari joan berria zen. Beti ere guti edo aski, bainan guziz denbora hetan, baziren Hazparnen koplari eta ditxolari, gizon bitxi jostakin anitz; batzu jaun, bertzeak deus gabe, bainan omore onez eta irri egin-arazteko ateraldiz oro bardin aberats.

        Adema zenak lehen ezkontza benedikatu zuelarik Hazparneko herrian, jaun Gose, eta andere Egarri zituen elgarretaratu.

        Hainbertzenarekin eliza aitzinean gaindi zoan, jaun-anderen berri zakien gizon bat, nahiz eztuen batek ez bertzeak egundaino nehor hil Hazparnen. Moltsa bezen arin zuen gogoa erran den gizonak. Izena, Mañex Tturla. Eskuak sakelan eleketa zauden batzuek hor galdatzen diote: zer den berri. «Orizue, zera: bikari berri bat dugula gaitza predikaria. —Ba ote? —Ba, ba; leher egin dezadala baietz. —Eta nondik dakizu hori, zuk Mañex? —Eztuta nihaurek aditu? —Noiz? Non? —Oxtian, elizan. Ala eztakizue nor zen espos egun? —To, eta halere!... Eta zer erran deie? —Etsorta bat eman zeiek, gizona, itsuski ederra. —Baia, Mañex? —Ba, poxi bat ba! Labur nahi baduzue, bainan sarkor eta zinez! —Ikasi duka? —Zer bada? —Hitzez hitz. —Eta ikus? —Huna: "Jaun andere espos maiteak, egun hemen enekin duzue egitekoa. Bihar goizetik harat, ukanen duzue eiherazainarekin!"»

        Batek irri, bertzeak irri. Ez gutienik Jaun bikarioak, jakin zuenean Mañexen ateraldia.

        Hortarik has, holako zer nahi bazuen Hazparnen entzunik batzuetarik eta bertzetarik Adema zenak. Xahartu ondoan ere, pesta zitzaion hetaz orroitzea. Holako bitxi guziekilakoa bazaukan, are gehiago koplariekilakoa, bera ere ditxolaria baitzen. Artzen ziren koplan, batek bota, bertzeak errefera. Bazuen segurki nori ihardok bikarioak, Hazparnen. Bainan handik lekora ere, beti orotan, Bidarrin, Atarratzen, Baionan, bere jitea jarraiki zaio Xoilki, hastean josteta, gero zinez, arta handirekin apainduz, legunduz, hunki eta hunki, bere kopla ederrak, ari izan da beti ontsa baino habeki nahiz eskubilaturik utzi gazte denboratik zahartzerainoko lanak: koplari lanak. Ez gire hemen mintzo apezarenez.

        Kopla hetarik ezagutuenak dira: hemezortzi, ala eztakit hogoi alegia, fables! Bertzalde hogoi-ta hamar bat kopla andana, haur eta hura solas. Hoik ez erlisioneaz batere. Zer nahitaz. Alegia hetarik luzeena, ederrena da: Abereak izurritearekin (les animaux malades de la peste).

        Alegiez bertzalde direnetan, nork ez ditu ezagutzen Txuriko, Pilotariak, Betirisants? kopla hoik oro kasik pollitak dira biziki.

        Erlisioneari doazkon koplak ez dira gutiago ederrak: Badire zazpi, katiximako irakaspenei datxikotela: Jainkoa, Kreazionea, Inkarnazionea, Aingeruak eta holako.

        Hamabortz, hogoi arte hori kopla andana, Andredena Mariaz eta bertze saindu batzuez mintzo.

        Azken hauk ez dira oraino agertuak, bertze guziak ba. Orotako ederrena da: «Uhalde baten pare». Orroitzen niz Adema zena bera ikusirik nihaurek, eta entzunik, orai duela hogoi-ta zortzi edo bederatzi urte, hantxet, Lurden, Eskualdun beilari andana batekin aldizkatuz emaiten kantika eder hori. Zoin gogotik eta zer karrarekin!...

        Kantaria ere zen biziki gaztean. Zahartzeari, boza galduz geroz, ezin aditua zen, eta halere beti azken egunetaraino kantatzen zuen gizagaixoak... alegia!

        Aurtengo gure Almanakan irakurtu dituzketzuen koplaldietarik bat, ala ez ote biga, bat segurik ba, harena zen «Okerrak okertzaleari!»

        Agertzen zituen koplen azpian ez zuen bere izena emaiten, bainan alegiazko izen bat, beti bera: Zaldubi. Ez baitago izen hori behin eta behin ahantzirik Eskual-herrian.

 

Eskualdun Ona, 1907-12-20

 

aurrekoa hurrengoa