www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

DE LABORDE-NOGUEZ

 

        Gizon bat, Frantziaren eta Eskual-herriaren ongi-egile bat gutiago lur huntan; saindu bat gehiago zeruan.

        Amedee de Laborde-Noguez, Uztaritzeko auzapez, kontseilari jeneral eta gure departamenduko deputatu ohia, hil da iragan astean Haitzeko jauregian, hiru egun baizik iraun ez dion eritasun batek eremanik.

        Bazituen 86 urte beteak.

        Beteak, nehorentzat erraitekotz, hunentzat dezakegu erran; ezen orori beti ongi egiten ariz mundu huntan giristino fede oso, fede argitu bezen azkarreko batek emaiten ahal duen etsenplurik ederrena du eman hunek bere bizi guzian; gaztedanik zahartzeraino; gero eta ederrago azken urtetarat.

        Erlisionearen ohorea da: haren itzalean, ez alfer, bainan gorderik eta ixil, haro den gutienekorik gabe bizi direnek, hil ondoan, ba eta lehenago ere argi ezti, gozo batzuek bezala baitute distiratzen.

        Berek uste, ahantziak direla, zeren urrats bat ez baitute nehorat egiten, beren buruen agertzeko.

        Ez iduri, behatzale handirik badutela ere, guziz egungo egunean, begietarat errauts emaile deus ez, edo deus onik eztirenek oro berenganat itzuliak dauzkatelarik. Eta bizkitartean itzali dire ba? Begiak hetsi dituzte ba? Etxetik elizara, elizatik etxera, edo ezin utzizko joanjin bakar batzuetara baizik aspaldian etzituela nehork ikusten... iduri. Eta hil direnean, herri guzia eta auzo herriak oro hartuak holako gizon on baten galtzeaz.

        Etsaiek berek laudoriorik baizik ez. Nola duketen ere holakoek etsairik! Hunek etzuen berak nehon nehor, gure Jainkoak dituen hek baizik. Eta eztugu egundaino entzun, den gaixtoenak ere huni egundaino itzal bat kausitu diola.

        Hunek zuena, ez baitzen batere bere buruaz hartua; beharrez ahalaren egiterat ba beti prest, bainan izpirik ez ohore gose; nahiago bere familian bizi.

        Etxeko hek, bere bi semetarik etxean bere ondoko zuenaren haur lerro ederra, herriko apezak, herriko pobreak, auzo hurbilenak eta zenbeit adixkide noizetik noizera ikusliar heldu zazkonak: aski ziren harentzat Gaineratiko denbora bere liburu maitekin zeraman eta otoitzean.

        Gostu gaitza zuen liburu on eta ederretako; argitu zen ere biziki, oraiko gizonetarik nehor guti den bezala.

        Egunean bi aldiz egiten zuen ahal zuen guziez elizako sar-jalgia, ba eta sar-jalgi baino luzeago. Goizean mezaren entzuteko; arratsaldean Sakramendu Sainduaren aitzinean egoiteko.

        Herriz kanpo zenean ere, bazaukan hori. Maiz mahain sainduan zela erran gabe doa. Ele ona zuela ere ba ororekin; bertzek ere ba, nahi eta ez, harekin. Xehea zelarik eta mintza-errexa, beti halako errespetu bat emaiten zauntzun.

        Auzapez, kontseilari jeneral zelarik luzaz, deputatu izan den lau urteez, zuzenki eta gizonki egin ahalak oro egin ditu beti.

Etzen lotsa lanari, ez eta behar zenean, jalgitzeari. Harek egin eztuena egundaino, da: bere gizontasunaren eta giristinotasunaren apaltzea, zerbeiten ardiesteko, Frantziaz orduko jabetuak ziren gizon galdu galgarrien aitzinean.

        1885tik, 1889 arte izan zen deputatu. Zenbeit aldiz erranik dago: bazoala, eginbidea zuelakotz, deputatuen bilkurarat, bainan okaztatzen zutela han entzuten eta ikusten zituen itsuskeriek; atsegin hartu zuela beretzat, handik jalirik, jendekin bizitzeko bere azken urteak.

        Adixkide batek galdatu zion behin: zer ele egin zezaken hura zen bezalakoak orduko ministro eta heien kideko tzarrekin Ihardetsi zion, begietara behatuz: «Nik?... Hitz bat ez diotet egiten. A ces gens-là!... jamais un mot».

        Gure jakinean haren ahotikako bizitasun bakarra hori da.

        Erranen duzue: etzela beraz on deputatutzat. Ez naski! Bertzeak ez, ez baitziren on harekilako.

        Holako gizonak, merezi zituen ehortz egunean ohorea eta otoitzak. Izan du egile.

        Jaun Apezpikua, Diharce Jaun bikari jeneralarekin eta bertze kalonje lagun batzuekin. Hogoi-ta hamar bat apez. Auzo hiri eta herrietarik etorriak jaun eta andere anitz; jende xehe araberan hainbertze edo gehiago. Deputatu lagun ohi batzu; han ikustea gehienik hunkigarri zena: Labat Jaun Miarriztarra, hilaren adixkide berezia, anitz urtez Baionako auzapez eta Eskual-herriko deputatu izana; asko gisetara hil hunen eite duena; pixkorrik etorria 91 urtetan, bere adixkidearen lur saindurat segitzera.

        Arrotz anitz, bainan oro baino hurbilago hilari, eta nonbre handitanago herriko jendea. Zenbeitek zor baitzioten!

        Ezagun zituen guzien ahokiari jarraikitzale izana baitzen bera, den apalena berexi gabe.

        Erran ditake bazela iragan larunbatean Uztaritzeko elizan etxe bezenbat doludun. Eta bizkitartean minduru nehor ez; ez eta etxekoak ere.

        Zer da ederragorik, ehortze arratsaldean Jaun Apezpikua familiaren ikustera joan delarik, hilaren seme, Haitzeko nausiak erran diona baino:

        —«Jaun Apezpikua, nehor eztuzu hemen ikusiko nigarrez Guk gure aita bezenbat gure haurrek maite zuten aitatto; bainan sobera ginaukan saindua, ez izaiteko segur, ja Jainkoarekin dela haren arima ederra».

        Holako hilaren ondokoek, etxean ta herrian, badute nortaz orroit

 

Eskualduna, 1910-03-04

 

aurrekoa hurrengoa