www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

LAVIGERIE KARDINALAREN HILTZEA

 

        Berri handi bat heldu zitzauku Afrikatik. Lavigerie jaun kardinalea hil izan da iragan larunbat goizean. Hiruetan hogoi-ta zazpi urte zituen. Adin onean zen oraino; bainan aspaldian bere kargu eta karga handiek emaiten ziozkaten buru-haustek higatua zen.

        Nahiz berenaz jite azkarrekoa zen, lanak izan ditu, hogoita bortz urtez Afrikako iguzki dorpearen jasaiten. Bainan deus ez zitzaion hori, Frantziak eta gure erlijioneak Afrikan dituzten egiteko handiez orroitzen zenean.

        Zorigaitzez bazuen bertze griñarik. Azken huntarat bereziki nahigabe handiak ukan ditu alde orotarik. Bi urte huntan anitzek begietan hartua zuten, zeren zen mintzatu apezpiku guzien artean lehenik, edo bederen gorenik, Frantziako katolikoeri adiarazteko: behar zuketela, gobernamendu-moldearen gaineko makur guziak bazterrerat utzirik, Errepublika onetsi, ez orai dugun Errepublika judu eta framazonez bete hau, bainan Errepublika zuzen eta zinezko giristino bat. Garbiki erraiten zuen, hori zitekela biderik laburrena; eta gauzak ikusiz, bide bakarra egungo egunean, deus onik egitekotz Frantzian.

        Aitortzen dugu Lavigerie kardinalea mintzatu zenean, gauzak orai diren baino gibelago zirela. Geroztik hunat asko gora-behera gertatu dire. Orotako handiena izan da Aita Sainduak berak hiru edo lau aldiz, gure onetan, erakutsi deraukun nahikundea: utz ditzagun elgarren arteko makurrak, eta jar gaiten oro Errepublikari, nahi badugu Frantzia erlijionearen etsaien eskuetarik atera, eta gizon zuhurragoen eskuetan ezarri.

        Gauza ber-bera erraiten zuen kardinale hil denak. Zioten ere ordukotzat Aita Sainduarekin eta bere apezpiku lagun gehienekin hitz-hartua zela, nola mintza. Berak ere hori erraiten zuen. Bainan halere adixkide zaharretarik zenbaitek gaizki hartu zuten haren errana.

        Egia osorik erran dezagun, apur bat moldegaizki agertu zuen orduan bere burua. Bainan orok bazakiketen haren xedearen herri. Guk behinik behin ez dugu behinere uste izan apezpiku argitu eta kartsu harek, Errepublikan sartuz, orai ditugun buruzagi framazon eta giristino arnegatuekin bat egiten zuela.

        Hori erran dutenek, nor nahi izan diten, gorri ala xuri, ez dute egia erran. Eta oraino ere norbeitek erraiten badautzuete, apezpiku horrek Errepublika onhetsiz, orai ditugun lege tzarrak onesten zituela, lege horiek egin dituzten gorrien aldekoa zela, sinesten eta erraiten ahal duzue goraki: Hori gezurra dela.

        Gezur hori gorriek nahi izan zuten sinets-arazi ordu berean; eta geroztik ere zenbat aldi ez diotegu entzun? Balute den gutieneko gizontasunik, behar lukete orai bederen, hilarentzat aski errespetu erakutsi, hala ez denaren ez erraiteko. Bertzela ez dute beren burua hanbat edertuko.

        Ageriko da. Orai arteo ez dugu laudoriozko eta errespetuzko solasik baizik entzuten eta irakurtzen. Ez dugu bizkitartean igurikitzen orok orotan sentimendu berak erakutsiko dituztela. Alabainan ez du jaun horrek beti oroen gogora egin. Sobera eskualdetarat buru egin behar zuen, xuxen ibiliz oroekilakoaren egiteko.

        Bertzalde bere itzalak ere bazituzken; ez da dudarik bazituela. Nor da gabe? Gero hau ere bada: arbola handien itzalak nahi eta ez, beti handixago agertzen dire.

        Orotako handienik hatzemaiten ziotena zen, oldarka erraiten eta egiten zituela asko gauza, edo egin gabe uzten, hasi ondoan; gehienik aipatua izan den oldar handia egin zuen holetan, duela bi urte, enperadoretiar eta erregetiarrekilakoa hautsi zuenean Behinere ez diote barkatu egitate hori zenbaitek. Ez gire baitezpada hartaz estonatzen. Bainan haren xede onak bederen ez gintuzke nahi gehiago gezurrez beltztuak ikusi. Utz dezagun gezurra debruaren aldekoentzat.

        Oroen buruan nork daki ez girenez, goiz edo berant, azkenean oro kardinalearen hitzera erori beharko? Guk, gure aldetik aspaldixkoan urrats hori egina dugu. Ez gire bakarrak. Bainan orok, orok behar ginuke hortara erori, orok bat eginez lasterrago garraitzeko Frantzia errekalat deramaten framazon tzar horien banda higuingarria!

 

Eskualduna, 1892-12-02

 

aurrekoa hurrengoa