www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

RENE CLEMENT

 

        Behar dautzuet erran, zer entzunik nagon, eta nor eta zer ikusirik iragan ortzirale arratsaldean, uztailaren 19an.

        Apez lagun batekin joanak ginen bertze apez adixkide batengana, Angelura.

        Eletik elera, gure adixkideak erraiten dauku, badakiela oren erditsu bat bidetan gizon adineko bat min izigarri batetarik Lurdeko Ama Birjinak sendatua.

        Ikustera joaitekotan dela egun hautarik batez, jakiteko, zer gizon den, zer dion berak eta zer sineste duketen merezi, haren sendatzeaz dabiltzan solasek.

        Bertze biek erraiten diogu, ez denez berehala joan nahi gurekin; hura bezen jakin-gura girela, zerika ote den gizon hura. Baiez, gogotik, ez balu auzoan eri bat, kofesatu gabe hil dakion beldurrez dagona. «Zoazi berehala, hoin hurbil duzunaz geroz, galdatzera zer hein duen zure eriak».

        Gibelerat heldu zauku laster, eriaren zainek erranik ez dela gaizkiago eta, hain xuxen, orduan lo dagola.

        Hala bazen eta ez bazen, gure apez adixkideak bere eginbidea beterik, bagoazi sendatua dela diotenaren etxerat buruz.

        Hurbiltzearekin, emazte bati eta bi gizoni aldizka egiten diotegu galde bera: Non da hemen mirakuluz sendatua delako gizon hura? Hiruek, den gutieneko estonamendurik erakutsi gabe gure galdeaz, erakusten daukute nora joan.

        Huna non giren helduak. Angeluko elizatik auzo hurbil da, herriko-etxetik oraino hurbilago, parrean, bide handia arte, Chalet Rouge erraiten dioten etxe ttipitto bat.

        Bortz urte du han dagola gure gizona.

        «Agur, jaun andereak. —Bai, zueri ere, jaunak. —Hola eta hola gabiltza, min batetarik sendatu jaun adineko bat ikusi nahiz. —Zuen zerbitzuko. —Zu zira bederen? —Bai, ni eta bera. —Eta zurekilako hori? —Hau, ene alaba. Bainan, jaunak, jar zaizte, ongi etorri».

        Jartzen gira eta jartzen da gure aitzinean aita; haren ondoan xutik alaba, esku batez aitaren sorbaldari, bertzeaz burua perekatzen diola.

        Huna zer daukuten erraiten biek, artetan guk galde bat edo bertze egiten daizkotegularik:

        Aita, Rene Clement, jandarme ohia, Chalons-sur-Marne hirian sortua da: 79 urte ditu; zortzi haur aspaldi handituen aita; seme bat ja hura ere jandarme erretretatua; alaba bat eta bertze ahaide hurbil bat, biak serora. Bortz apez ere ba omen ahaide; hautarik bat luzaz egona semenario batetako lehen buruzagi.

        Bertzeak oro gidaturik, alargun gelditu bera, 40 urteko alaba hunekin.

        Behin egon zen Parisen «dans la garde»; gero jandarme bi lekutan, azkenik Blaien.

        Gero Baionan, 1869tik 77 arte.

        Erretreta hartu eta hamar bat urtez «lac Brindos» izena duen uraren eta inguruko ontasun batzuen zain egonik, erretiratu zen Angelurat.

        Bortz urte, oraiko etxean dagola holetan alabarekin.

        Duela hogoi bat urte, ilar xehe baten heineko botoin gaixto bat agertu zitzaion eskuneko begiaren azpiko aldean; handitu, gaixtatu emeki emeki.

        Deus onik etzela min hura beldurturik, badoa Moynac jaun medikuarengana. Hunek, Baionako ospitalera joanazirik, lokartu gabe, bi gizonek bi besoak gibelerat atxikiz, kentzen dio bere mina, eta zauria loturik egun berean igortzen du etxerat karrosan, sendatzeko esperantzarekin.

        Xoilki erraiten dio, erro gaixto zerbeit poxi gelditurik berriz heldu zaiola mina ohart baladi, doala berriz laster harengana; lehenbailehen hobe dela holakoetan deus egitekorik denez, joaitea medikura.

        Beraz hamar bat urte du horrek; hiru urteren buruan berriz abiatu zitzaion bere min gaixtoa.

        Bainan orroituz lehen aldian zer sofritu zuen, medikurat gabe egon da sei, zazpi urte.

        Mina itsusiago, eta gizona lotsago Jainkoak bakarrik senda dezakela, nahi badu; gizonek, ez. Otoitzean du gizagaixoak bere sinestea.

        Galdatzen diogu, jainkotiarra izan denez gaztedanik beti. «Mais oui; pas bigot» dauku ihardesten, «mais croyant et pratiquant toujours».

        Sekulan ez duela behinik behin, otoitza utzi, luze edo labur. —Igandetako meza? —Erretretatuz geroz beti jarraiki dela meza horri, dio berak; eta alabak bazterretik: bezperetarat ere bazoala gogotik noiztenka, on zeno.

        Pazkoak, urte guziez, xuxen.

        —Min gaixto hura zinuelarik, sendatzea galdatu duzu?

        —Ba, segurki, eta ardietsi azkenean. Luzaz otoiztu dugu alaba hunek, urrungo bertzeak eta nihaurek Ama Birjina. Zenbat aldiz ez gira izan, gu biak, aitalabak elgarrekin, eta ez joan alaba hau bera, ni hemen oinazetan utzirik, hor herriko eliza-arkuazpian baita Lurdeko harpe sainduaren itxura ezarria, bere harroka eta guziekin, haren aitzinean belauniko, hiru Agur Marien erraitera?

        «Nik sendatu nahi, eta hunek osoki buruari emana sendatuko nintzela.

        »Gauaz lorik ezin egin eta zer nahi ikusten nere minarekin, "je ne faisais que souffrir et prier».

        »Arrats batez oherat joan, behinere baino gaizkiago, ontsa lokartu eta biharamun goizean iratzartu, hementxe nuen koropilo beltz ikaragarria egundaino ukan ez banu bezen sendo.

        »Erran behar da egia xuxen: bainuen haren aldean bigarren diti bat, anitzez ttipiagoa, hura hemen nuen gelditua oraino; eta horra nun ere osoki ezeztatzen zautan, bertzea bezala, ondoko gauan. Bigarren goizeko, jaikitzean, orai bezen garbi nuen hemengo larrua, beha zazu».

        Erakusten daut; ageri du kanibet sista bat hetsia; lehenagoko operazionearen marka omen. Min gaixtoaren ondoriorik deus.

        —Mirakuluz sendatua duzula hori daukazu zuhaurek. —Ba, jauna, den gutieneko dudarik gabe. —Gau hartan ez zinuen hor deusere senditu? —Ez jauna. —Eta biharamunean ere, mihise, burukita, atorra lepo edo deus ez zinuten hatzeman odolztaturik, materiaz guti edo aski bederen zikindurik?

        —Ez, jauna; fritsik. Oro garbi ziren.

        —Erori ez ote zauntzun mina?

        —Norat eror zitaken? Sobera zituen erroak zail eta barna lotuak, azkarki. —Barnerat egin balautzu?

        —Ez, eta ere. Gogorra zen eta handia. «Nik ez dut bertzerik sinetsiko, Andre-dena Mariak sendatu nuela baizik.

        »Xoilki, erran baitute Lurden izan nintzela, ez da egia. Ondoan ba, izan gira, eskerrak emaiten. Aitzinean, ez.

        »Erran baitute, Lurdeko ura emaiten ginuela ene minaren gainean, ez da egia. Xortik ez dut, dakitalarik, ez eman minari, ez edan, ez eta ikusi. Bakarrik otoiztu Lurdeko Ama Birjina».

        Hainbertzenarekin auzoko emazteki bat sartzen zauku barnerat: «Hor zirezte, jaunak, Clement, gaizoaren ikusterat etorriak? Nik ez nuen egundaino mirakulurik ikusi; bat ikusirik hilen naiz.

        »Ikusi bazinute hunen min izigarria, nolakoa zen! Intzaur eder bat bezen handi eta itsusi; gorri, beltz, ubel, halako zain batzuek zaukatela matelari.

        »Begia kukutua; ezpainaren erdian baino gehiago beltz-beltza azkenerat. Alabak, nere etxeko alabak, nihauri erraiterainokoan: Ama, zertako zoazi hoin maiz gizon dohakabe horren ikustera? Nik ez dezoket beha. Kalte egin ez baitzira beldur! —Zer nahun, haurra? Urrikari dinat».

        Emazte auzo berak erran dauku, noiz eta ere harek eta ikusten zuten guziek etsitua baitzuten, azken egunak zituela uste... orduan dela sendatu bet-betan, gaurretik biharrera.

        «Milesker eta ikus artio», erranik, han utzi ditugu; eta jo elizara. Lurdeko harpearen itxura, han bazela ere nik segurik ez nakienaren aitzinean otoitz eginik, itzuli gira etxerat, zoin gure alde.

        Ez ene bi apez lagunek, ez nik, deusetaz ez dugu on egiten ahal hemen, baizik ere zer entzun dugun, zer ikusi, eta nola egin Rene Clement jandarme ohi zaharraren ezagutzak.

        Gu baino goragokoek ikus, erran daizkutenak egiak diren ala ez. Garbitasunik jakiten ahal badugu, emanen ditugu, jakin arau, eskualde bat ala bertze.

        Anartean handi zaukuna da, gertakari hori hola balin bada, nola ez dugun orok jakin iragan buruiletik, uztail hau arte?

        Ahanzten dugu erraitea, sendatu zenetik hamabortz bat egun lehenago, Moynac medikuak igorria zuela Baionako ospitaletik etxerat, deus onik egiteko berantegiz.

 

Eskualduna, 1912-07-26

 

aurrekoa hurrengoa