www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

LEON XIII AITA SAINDUAREN HILTZEA

 

        Argi bat hil da munduan, Giristino katoliko guzien Aita, Leon Hamahirugarrenak iragan astelehen arratsaldeko lauak irian eman du azken hatsa.

        Zenbeit egun huntan ja piru batek zaukala erran ditake haren bizia. Betidanik ere ahul aire izana zen; xuhail eta mehe; nehork ez omen baitzuen usteko bertze orduz, hura ikustearekin, hoinbertze zaharturen zela: 94 garren urtean zen; hogoita seigarrena zuen, Aita Saindu zela. Guti heltzen dire adin hortara, bereziki kargu horri darraizkon lan, buru hauste, griña handiekin.

        Gutiago dire oraino, Aita Saindu izendatuz geroz, hoin luzaz ihardoki dutenak. Bakar batzu, bizpahiru, hogoita bortz urteko hori jo dutenak.

        Hetarik biga, hau eta hunen aitzinekoa, Pio Bederatzigarrena saindu baten orroitzapena utzirik hil zena, duela hogoi-ta sei urte.

        Hau izendatu zelarik, 67 urtetan, ja ordukotz lanak, bere karrak eta irudiz adinak ere higatuxea, zioten anitzek, ez ginuela behingo Aita Saindu. Eta horra zer erran ditaken! Noiz eta ere baitzuen Elizak buruzagi on baten beharrena, orduan dio Jinkoak eman, itxura guzien kontra, egundaino izan diren iraunkorrenetarik bat.

        Aspaldian ikusten zuten guziek, gizon jakintsun handi ala gutarteko edozoin, oro xoraturik zauden haren ateraldi on, zuhur, biotz altxagarriei.

        Nausitasuna eta eztitasuna biak bazauzkan. Behatze bat omen zuen guziz, ezin ahantzizkoa, iduri arimen zolaraino ikusten zuela.

        Bizkitartean bihotzez baino are gehiagokoa zen buruz.

        Harekin egitekorik zuten guziek ba eta gure erlisionearen etsairik handienek (sorraio piltzar batzuz bertze orok) zioten eta diote goraki Elizaren buruzagi eta edozoin gizon bilkuraren nausi handi izan diren handienetarik bat zela.

        Ez baita erraiteko baizik, itxurarik ahulenarekin badoakela bardin adimendurik azkarrena; eta gutartean berean ere ikusten duguna, iduriz beti erikor diren batzu burdinaz eginikako batzu bezen bizikor direla, edo bizikorrago.

        Dena den, beti Aita Saindu hori hala bizi izan da eta hil, nola ezkozko argi bat; osasunez beti herbait, buruz beti oso; bere begi ernea, urrun eta goradanik gauzak ikusten zituena, eta bere gogo zaila, egun eta gau, mundu katoliko guziaren goiti-beheitiei zeratxizkotela.

        Hoinbertze eta hoin ondorio minezko egitekoei buru eginez, irautea bera zerbeit duzu. Bainan irauteaz bertzerik egin baitu hunek!

        Ezen egiazko argi izan da Eliza guziarentzat. Zer eta zenbat irakaspen ez du eman eta hedatu bazter guzietarat, batzutan Eliza guziari mintzo zelarik, bertzetan erresuma edo herrialde bakotxari, banazka, behar arau.

        Gizonak gizonki, giristinoak giristinoki bizitzeko jakin eta egin, eta beti gogoan atxiki behar lituzken egiarik eta eginbiderik handienak; egungo egunean gehienik ahanzterat gure kaltetan ekarriak diren guziak, hunkitu ditu, eta batzu ezin gehiago kartsuki, sarkorki aipatu, osoki gor eta gogor ez direnek aditzeko heinean.

        Hala nola ezkontza, haurren altxatzea, nausi-langilen arteko batasuna, orok elgar jasanez eta lagunduz bizitzeko eginbidea. Buruzagien beren, eta heieri buruz bertzen zuzenak eta obligazioneak; gobernamenduekilako bakea; etsaiari ihardokitzeko, gizon zuhur guziek elgarri esku emaitea; familian, bakartasunean, herrian, munduan baitezpadako den erlisionearen beharra... hoik eta holako zer ez du eta zenbat aldiz, parada zuen guziez, erakutsi, bai ahoz buruz-buru ikusten zituenei, bai eta izkribuz, haren hitza hel zitzakioketen guziei.

        Bereziki azken huntarat, hiltzeaz orroitzearekin, bihotz ilundura batek hartzen zuen, Ebanjelioko hitz hunkigarriak bere egiten bezala zituelarik: «Zenbat aldiz, mundu esker-gabea, ez ditut nere ahalak egin, hire haur guziak bakean elgarretara bildu nahiz, eta ez nuzue sinetsi!»

        Bihotzmin berezi batekin erraiten zuen hori Frantziari eta Frantziako gizon buruzagiei mintzo zitzaielarik. Azkenerat boza histen zitzaion eta begiak bustitzen, Frantziaz mintzatzearekin.

        Zer ez du izan iresteko ja aspaldiko urtetan; eta geroago-ta gehiago.

        Hura beti eztitik, bertzeak idorretik, eta beti ahal bezen tzarretik.

        Azkenekotz, gure gobernamendu nahasi tzarrarekilakoa osoki hautsia ez zuen... bainan hartarainokoak oro.

        Hala nola urtea baino gehiago badu, gure diosesan apezpikurik ez dukegula, minixtroen gaixtakeriaz. Noiz arte? Jinkoak daki!

        Holako gizonen eskuko gireno, ez dukegu neholere deus onik.

        Anartean, ez dago lan ttipiei lotzeari Aita Saindu hilaren ordain izendaturen dena, nor nahi izan dadin.

        Jinkoak urrikari duela Eliza, eta digula lehenbailehen Aita Saindu ahaldun kartsu bat!

 

Eskualduna, 1903-07-24

 

aurrekoa hurrengoa