www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

CHRISTOPHE COLOMB

 

        Hilabete hunen hamabian bete ditu, egunez egun, lau ehun-urte, lehen aldikotz hunkitu zuela Ameriketako lurra, Christophe Colomb deitu gizon handi jakintsun batek.

        Gizon hori sortzez Italianoa zen, Gènes izena duen portu-hirian sortua, diotenaz, hamabortzgarren mendearen erditsutan.

        Ordukotzat mundu hau zahartuxea zen. Hamalau ehun mende eta erdi bazituen gure erlisione saindua Europa guzian eta lurraren bertze asko bazterretarat hedatua zela Eta bizkitartean nehork ez zuen oraino Amerikarik bazela aipatzen, ez eta amesten ere. Uste zuten orok uraz haindian ez zela jenderik, ez eta ere lurrik. Itsaso beltza deitzen zuten Ameriketarat deraman ur hori. Erraten zuten Angleterra zela lurraren azken hegia; ez zela handik harat urik baizik: beti ura, eta zoin beltza, zoin barna! Zioten untzi guziak, han harat joanez geroz, ur handi harek iresten zituela.

        Oro harritu ziren beraz, jakin zutenean bazela gizon bat, mariñel bat, herriz herri, gortez gorte zabilana, laguntza bila, itsaso horren bertze aldera joaiteko, urez. Deus ez zuen galdatzen baizik ere untzi bat edo biga, bi edo hiru hilabeteren jatekoa, eta zenbeit gizon gazte azkar. Nehork ez zuen sinetsi, behin eta behin, ustez errotua zela. Zortzi urtez bere ahal guziak egin zituen, nahiz eta orduko jakintsunetarik eta erresuma guzietako buruzagietarik zerbeit ardietsi beren xede handiaren betetzeko. Guziek gaizki hartu, salbu Espainia Castillako erregina, Izabela deitorea zuenak.

        Erregina harek eman ziozkan behar zituen untzi eta mariñel lagunak. Atsegin hartu zuen, oro bildurik, han harat, urez ur joaiteko zoriona ukan zuenean. Zerbeitek barnetik erraten zion, han hatzemanen zituela, Europa guzia bezen zabal eta aberats, eremu batzu; haur-haurretik omen zuen amets hori egina, eta nehork ez zezoken burutik ken harat joaiteko xedea.

        Joan zen beraz, bere ahaide eta adixkideak nigarretan utzirik, joan zen bere lagunekin, itsaso beltzean barna.

        Nork erran hiru hilabetez harek ukan zituen bihotzminak? Bide erditara gabe lagun guziak lotsatuak zituen. Ez zioten bakerik usten: «Itzul zadin gibelerat; beldurti zirela; galduko zirela; goseteak eta egarriak hilen zituela...!»

        Bainan hura beti ezti eta beti azkar bere bideari aintzina. Gutitarik huts egin zuen, ez baitzuten urerat artiki.

        Azkenean, horra non mariñel batek masta-haga baten puntatik egiten duen oihu: Lurra, hara lurra! eta bertze guziek, begiak zabaldurik, oihu bera: «Lurra!»

        Barkamenduskatu ziren guziak Colomben aintzinean, beren sineste eskasaz, eta bidean egin ziozkaten laidoez. Lurra hunkituz geroz, han ahantzi ziren nahigabe guziak. Beren bozkalentzian, Jainkoari eskerrak bihurtzeko eman zioten lur hari izena: San Salbador, eta hara orduko itsas-hegian landatu zuten kurutzea.

        Fede handiko gizona zen Colomb. Fedeak zion ere ematen hain lehia handia, lur eremu heitarat joaiteko. Aski garbiki erraten zuen haren xedea zela gure erlisione saindua munduan ahal bezen urrun hedatzea. Ez dezakegu hemen aipa, xede hortarat heltzeko zenbat traba garraitu, eta zenbat nahigabe jasan behar izan zituen egiazko gizon handi eta kartsu harek.

        Ez ginuen nahi bederen aipatu gabe utzi haren izenean Europa guziak Amerikarekin batean, egin duen besta handia Badugu zerbeit arrazoin Eskualdunek eskualde hartaz orroitzeko.

 

aurrekoa hurrengoa