www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

ETSENPLU: TISSIER

 

        Egun zortziko Eskualdunean irakurtzearekin, Tissier deitu Arrotako auzapez orroitgarria burutik joan zela, herri hortan auzapez bezala elepide onik eman ondoan —ez ahal du balinba nehork uste izan atsegin ginuela hemen aspaldiko etsai batez gaizki mintzatzea. Hori uste lukeena hutsean litake.

        Are gutiago du zeren nehork erran, edo norbeitek hala ez dena erranik, sinets, herraz, jazarri gitzazkola gizon eri bati. Ez da hola. Lehenago ere, behin baino gehiagotan, bere buruaren jabe zelarik eta nehor bezen on, bere makilaren xuritzeko, bereak aditurik dago hementxet Arrotako auzapez ohia Gaizki diot; ohia; ezen ez da oraino haren ordaina izendatua. Izaitez ez bada, bederen izenez erro izigarri bat du oraino meratzat Arrotako herriak, on bazaio eta ez bazaio.

        Du... eta merezi du.

        Ikusten dut solasa gaizkirat hartu nahiko dutenek, zer erranen duten: gizon dohakabe bat, eroria, herrestan erabiltzea ez askiz, haren hobenetan ikustekorik ez duen herria, herri guzia nahi ginukela berriz orai lurra baino beherago ezarri. Ez da egia hori ere.

        Bainan gaizki hartuak izan behar bagine ere gogoan duguna erranen dugu, zabal-zabala.

        Zer ere baitzauku iduri, gizonaz bezala, gizonez. Egia.

        Eta ez batere, nehoren apaltzeko gutiziaz, bainan holako gertakari bat ororentzat etsenplu delakotz.

        Orok engoitik dakiketena da bertzenaz, ez dugula Eskualdunean holako solasik nehortaz hanbat erabilki. Non da ere holakorik? Bainan hots, ez zauku laket, beharrik gabe, nehortaz gaizki mintzatzea. Eta hemen artetik erran dezadan egia, solasak dakarrenaz geroz, gure arta berezienetarik bat da, egiazko lan bat, bertzeak bertze, eta ez beti errexena, ate leihoen zaintzea; ez dakigun, uste gabean, artekatik sar, behar ez denik. Halere lizafinek badakite xiloen hatzemaiten. Ahal duguna egiten dugu.

        Beltzuri bat baino gehiago ukanik gaude segurki, eta gure adixkide ustez hoberenetarik zenbeitekilan makurturik; edo guti edo aski hoztasunetan jarririk zeren ez ditugun igorri zauzkutenak oro hemen ezarri beti. Bertze zenbeitek hala egiten omen baitute. Nahi badute ba. Guk ez.

        Garbiki bertzenaz, iduri zeie batzuei, oro on direla erraiteko, zeren eta errana den bezala, paperak ukanak oro hartzen dituen.

        Paperak ba. Guk ez. Orroit hortaz.

        Bainan ez du horrek erran nahi oilo busti batzu girela, zenbeit antzara karrankaritarik entzuten dugun bezala; edo ahate mutu batzutarik. Baitire halakoak ere; bertzen buztanaz uli haizatzaile batzu onak. Xo; bego hortan.

        Zeri hartu zauku solasa. Non ginen? Huna... ahanzter baitut gehienik gogoan nakarrena hemen erraitea.

        Arrotako auzapez dohakabearen adixkide edo ahaide hubiletan balitz nor edo nor, bera hobendun ez delarik, hartaz erran behar izan ditugun egia latzek bihotzean zimiko egin diotenik, barka dezagula. Barkatzen ez balaukute ere, guk gure eginbidea betea dukegu, erakutsiz, ez gabiltzala nehori penarik eman beharrez, merezi ez badu. Ez eta merezi luketenei ere, non ez den holako zerbeit etsenplu izigarri, ingurune guzian orok dakitena, eta etsenplutzat orroitzeko dena.

        Halaber nor ere baititake Arrotako herrian, herriko mera dohakabearen hutsetan ikustekorik ez duena; hura nolazpeit lagundu ez duena, bozez edo bertzela, gaizkiaren egiten, ez dakiola otoi gaitzi hemen erraitera deramaguna.

        Bertzez ez dugu axolarik; edo hobeki erran dezadan, orok egia on-har dezaten nahiago ginuke ba, bainan egiaz hunkituak ditazkenei min egin beldurrez, ez gira egonen ixilik.

 

* * *

 

        Egun erran nahi ginuena, hau da: Arrotako herriak hainbertze urte huntan zuen bezalako mera balin bazuen, merezi zuena baizik ez zuela. Ez ote? Ez, eta oterik gabe oraino. Zu hunen irakurtzen ari ziren bezen segur.

        Alabainan, ez ahal zen bera jarria gizon hori herrian auzapez? Norbeitek izendatua zen araiz; eta nork? Herriak, herriko gizonek; boz emailek. Lehen aldian edo bi aldiz tronpaturik ere, azkenean, zena zenarentzat ezagutua zuketen. Zertako ez utz, ezagutuz geroz, bazterrerat? Zertako ez ken? Bakearengatik baizik izan ez balitz ere, zertako ez ezar bertze norbeit haren ordain auzapez? Ala nehor ez izakiz ordain-gei? Ez da egia. Hasteko, nor nahi bazitaken hura bezenbat. Zer zuen, ororen buruan, halako zer berezirik, bertzek baino gehiago? Onik deus ez; bakarrik gaixtakeria.

        Bartzalde nehon guti den bezalako buruzagi geiak bazitazken Arrotan. Hetarik bat, diotenaz, haren axuanta; bertze itzalik gabeko gizona, baizik ere, haren gibeletik baitzagon, hura utziz askotan bere gogoa zapatzen zuelarik, nahi zituen kixkilkerien egitera.

        Itzalik aski, herriaren kaltetan. Ezen ahuleziaz, bere aldean gaizkia egiterat uzten duen gizona, izan bedi nahi duen bezen gizon ona... ez da gizona. Holako zain eta odolik gabeko batzuek dute jauts-arazi Frantzia, ikusten dugun erreka zolaraino.

        Eta gero? Hura zen bezalako mera gaixto baten izenarekin bere izena lerroan ezartzen duen gizona, edo bakarrik uzten ezartzerat, nahi eta ez, beti hari indar emaiten ari zaio.

        Bera utzi balute, listako lagunik gabe geldituko zen.

        Ondoan bederen, ikusiz haren egitateak, batzuek egin zutena egin balute orok, demisionia eman, ber-bera gelditzen zela ikusiz, beharko zuen berak ere demisionea eman, edo gelditu zangorik, ez besorik, ez bularrik gabeko buru; ororen irri-egingarri.

        Gehiago dena, ditaken gizon, —gizon, ongi-egile, prestu, bihotzdun, jakintsun, herriko etxeko-jaun hoberenetarik bat, laguntza asko berak egin zezakena herrian, eta beharrez ardiets ere ba gorago danik, Daguenet Baionako Jaun notari on, zuhurra, nahi izan baitute behin edo bietan, haren ordain ezarri zenbeitek herriko buruzagi, Irigoin hagin jalitzale bipila eta herriko semerik zerenak oro alde zituelarik notari horrek... halere-halere oraino mahain-petik edo nolazpeit nausitu baitzen Tissier! Hura bezalako gizon hits batek behar zuela garhaitu Daguenet notaria? Biak ezagutzen dituenarentzat ahalgegarri da.

        Ba, egiazki, gero, ahalgegarri herriarentzat.

        —Noren falta? Zerarena... Chinako enperadorearena naski? Ba bainan zera da: gider handiak omen zituen. Zer derasate: gider eta gider? Orizue, alafede, burutik joan denean, oro errautsi nahi omen baitzituen, hartu balu aizkora bat, hatzeman guziei burua arraildu behar zeiela, utziko ote zuten libro, erranez: «Bego, giderra eskuan du!»

        Ken, ken giderra; ken fite, zuen onetan. Lau urtetarik behin bazuketen Arrotarrek gizon lanjeros hari gider guzien kentzeko parada ona. Zertako ez ken?

        Kendu baliozkate, ez baitzen behar bada burutik joanen ere.

        Hori zauku, hori, bi gogoetaren egiteko doia buru dutenentzat biziki handi. Etsenplu ditaken gogoetagarrienetarik bat.

        Hortako dugu hemen aipu, nahiz barneak halako bat egiten daukun, erro dohakabe batez hain luzaz mintzatzeak.

        Ez daukagu ere, Arrotako herri ttipiari doakola Eskual herri guziaren begietan horrela emana izaitea. Bainan etsenplua heldu den lekutik hartzen dugu; on edo txar.

        Oxala, Eskual-herriarentzat, ba eta Frantzia guziarentzat, bakarrik Arrotako ixtorioa balitz hau!... Bainan zenbat herritakoa ez da?

        Bertzeak bertze, diote ikusi dutenek, ez dela Conbes ministro buruzagi tzar hura baino gizon itxura hitsagokorik (hitsago baititu oraino egitateak.

        Buru apal, kokat herdoil, zango mehar, higatu bat omen da.

        Nehork ez omen du ere ikusi nahi. Ez nahi ikusi, ezin ikus begien aitzinean. Hola-hola erraten zuten Arrotako merarentzat; halere hura Arrotarrek meratzat atxiki; zenbat urtez? Errotu arte.

        Conbes delakoa ere arront erro baladi, ez litakela nehor estona, diote. Ja errotuxea ez balitz, ez litzazke dazkigun lan tzarrak egin.

        Anartean gure nausi, Conbes Frantziako auzapez guzien «xef» ohiko apez gei arnegatua. Giderrak eiki eskuan dituzke hark ere. Nork emanak?

        Ba, haurrak, ba; berriz ere diot: Nork emanak?

 

Eskualduna, 1903-06-12

 

aurrekoa hurrengoa