www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

ALBERT GOIENETXE

 

        Gizon bat galdu du Eskual-herriak. Atzo zortzi, ortzegun goizaldera buruz supituki ohean hila kausitu dute Albert Goinetxe, Donibane-Lohitzuneko jaun medikua; Eskual-herri guziak Donibaneko auzapez bezala ezagutzen zuen gizon kartsua.

        Ez da ondikotz egun hautan bakarra, heriotze supitu hori; bainan orotako handiena da, eta gehienik oro jo dituena, eta izitu. Hain zen jaun hori bere herrian eta bertze asko ingurutan oraino behin eta behingo gizontzat ginaukana.

        Berrogoi-ta-hamabi urte baizik ez zituen; eta itxurala, zen baino ere gazteago emaiten zuen. Hurbilenetik ikusten zutenek zakiten bakarrik, artaren beharra bazuela; baina berak bere buruaz baino gehiago baitzuen ordean bertzeen osasunaz. Eta, erran dena, azkarraren itxura zuen.

        Hortakotz ere, oro harritu ditu jaun horren hil-berriak. Bezperan oraino Baionan izana zen, herritar laborari hanbat maite zituenen zuzenak begiratu nahiz; ez baituzen eperik, zerbeit ongi norbeiti egiteko behin gogoan hartuz geroz, hura egin arte.

        Adixkide batek, kara hitsa zuela oharturik, erran zion: ohart zadila gero, zenbeit aldi, bere buruaz ere. Eta jaun medikuak irriz ihardesten dio adixkideari: «Deus ez da hau; buruko min izpi bat; biharko sendo naiz huntarik.»

        Bihar gabe hila zen! Bizkitartean Baionatik etxerat itzuli zen; afaldu eta berant solasean egonik oherat joan, gogoa arin... azken aldikotz!

        Goizean argitu gabe, hatzeman dute ohean hila; ez bertzeak ez eta, menturaz, bera ere ohartu gabe hila; ordu berean hila izan balitz bezen bero. Zer izialdura etxean, auzoetan, hiri eta herri guzian!

        Baginakien aspaldi nor eta zer zen bere herrian jaun hori. Nor eta zer zen Donibaneko hiriarentzat, ongi egile handi zela baginakien, gure ustez. Bainan hil denean da ongi agertu, zenbatetaraino barna sartua zen, ororen bihotzetan.

        Ikustekoa zen egun hartan Donibaneko hiria; etxe guziak doluminetan ziren. Ez batzu bakarrik, bainan oro bardin Adixkideak bezen ongi hunkitauk ziren... etsaiak; hobeki erran dezagun, ohiko etsaiak. Ezen hamabi urte huntan egin dituen ongi handiez bilduak zituen emeki-emeki lehengo etsaiak eta oro; gizontasunik zuten guziak beretuak zituen, gaizkiaren orde orori beti ongi eginez. Ez baita halakorik azkenean, bihotzen hausteko nola gaizkia ongiz garaitzea.

        Ba egiazki garaituak zituen Goienetxe zenak, harentzat bertze orduz herraz beterik zagozin guziak; eta erdi garaituak zituen, erran nahi baita; gizonki, giristinoki; jazarkunde orde, laguntza eginez beharretan ziren guziei; eta den gutieneko mendekiorik nehori egin gabe, beti ororekin ahalaz bakea bilatuz, eta batasuna.

        Eta hain ziren oro bakeari jarriak non erranen baitzinuen, ez zuela hirian ez herrian Donibaneko jaun auzapezak adixkiderik baizik.

        Hau ez dute orok errexki sinetsiko; bereziki urrungoek, lehengo gudu, gerla eta kalapita izigarrien aipamena oraino beharrietan eta gogoan dakartenek, nahi eta ez, uste dukete Goienetxe horrek bere aldekoak lagunduz, bertzeak larderiarenpean zauzkala. Ez, ez...

        Eta behar dugu aitortu; zer diot? Goraki erran behar dugu: bera gizonki agertu balin bada lehengo etsaiei buruz, hauiek ere gizonki ohoratu dute, hil denean. Holetan gehienak aspaldixkoan eskuratuak zituen, ongi eginaren bortxaz. Bainan bazuten halere zenbaitek halako ahalge bat, beren ezagutzaren erakusteko. Hil berria hedatu da ba? Ez da gizon bat izatu, ez xuri ez gorri, Donibane guzian, erran ez duenik edo erakutsi: zorigaitz eta bihotzmin zela herri guziarentzat, holako gizon, mediku eta auzapez baten galtzea.

        Ehortzi den egunean, are hobeki agertu da batasun hori. Mundua han zen, ahokian. Herri guzia, eta zenbat gizon auzo herrietarik! Baionatik beretik, gobernamenduko aitzindari gorri hoitarik asko; zenbait judu ere... alta Goienetxe zenak behinere guti perekatu zituenak. Hek ere han, gizon zuzen, beldurrik gabeko eta gogo azkardun bati ororenganik ohore zor zaiola erakusterat etorriak.

        Eta zer ahokia ederra! Zer ixiltasun orok, hilaren etxetik elizaraino, elizatik hil-harrietaraino! Jaun erretorak elizan, eta bere lagun eta adixkide zaharrek hil-hobiaren aitzinean egin diozkate adioak.

        Eder eta atsegin baitzen entzutea, herriko artzaina, predikalkitik goraki erraten: beti bere burua behar-orduetan erakutsi duela erlisionearen alde; bere obra on guzietan beti herriko lehen ezagutu duela, buruz, bihotzez eta eskuz ongiaren laguntzaile. Biek elgarrekin bat eginez, asko makur xuxendu dutela, ongi asko egin; eta batasun oso horri esker, gehiago eginen zutela, ez balu Jainkoak auzapeza bereganat deitu.

        Gauza izigarria berenaz heriotze supitua! Bainan jaun erretorak erran duena, Jainkoak ez ditu galtzerat utziko haren alde beren bizia, beren izaite guzia gudukan iragan dutenak.

        Ez, ez da dudarik, Jainko on hura urrikaldu zaiola, herri handi batean, erlisionearentzat, ongiarentzat, hainbertze neke eta nahigabe luzaz jasanik, hil den gizonari; herri guzia bakean eta batasunean azkar utzi duenari.

        Nork daki haren osasuna bera ez dutenez bihotzminek eta karrak higatu? Nehor ez gira mundu huntan burdinazkorik. Den azkarrenari buru hauste soberak azkenean kalte egiten dio.

        Ez baita errex, egungo egunean, herri handi baten buruzagigoaren jasaitea! Bereziki, haizea zure kontra duzunean? Haize alde, nor nahik egin dezake auzapez baten lana. Zuk lan hura gaizki eginik ere, begiak hetsiko dituzte goragokoek. Makurra xuxenduren dautzute berek, edo kukuturen... baldin heien eskualdeak balin badauzkazu. Nahaskeria pullitik baita bazterretan, holaxet kukutzen denik!

        Bainan haize kontra doanak mila sare, arteka, pezoin eta ateka baditu iragaiteko. Den hutsik ttipienak, altxatzen diozkate. Nahi bezen zuhur eta zuzen eta jakintsun izanikan ere auzapez bat, beti kitzikan ariko zaizko, burutik joan arazi arte... ahal badute.

        Bakarretarik zen Goienetxe zena, egungo buruzagi diren bezalakoek burua ezin galarazi diotena. Etsitua zuten, harenganik ahuleziarik ardiestea. Gehiago dena, ja zenbait urte huntan, zena zenarentzat, on-hartua bezala zuten. Azkenekotz etsi bat hartua, hobe zutela bakean uztea; behar ziren zer guziak egiten ziozkaten; harek bertzei, bertzeek hari. Nehork bezen entrada ona zuen aspaldixkoan kargudun xingoladun horien etxean ere. Hil denean askok erakutsi baitute, gorago erran duguna, ez zutela hastiro, etsai izanagatik. Bera zen jitez halakoa: buru azkarra, eta bere hartan gogorra, bainan ez hertsia Den etsaienari behatuko zion bi begietara erdiz-erdi, eta ele eginen lañoki.

        Bazituen eiki bere itzalak, orok ditugun bezala; bainan bere herria, hainbertze nahaskerienpean lehertua, etendua zagon herria, duela hamabi urte bide onean eman, eta geroztik hunat, orok dakiten bezala erabili duenak, bazuen bere baitan zerbait onik ere, ez dea hala?

        Lagun onak bazituela, erran gabe doa. Beharrik hor baitire oraino bizi, eta bipil, elgarrekilan hanbat ongi bidatu duten herriko etxearen zaintzeko. Bainan berak dire gorenik erraile, bakea eta batasuna balin badituzte herrian, hari esker dituztela. Dirautela luzaz Donibaneko hiriarentzat orroitzapen bihotz altxagarri hunen ondorioek!

 

Eskualduna, 1900-01-26

 

aurrekoa hurrengoa