www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

DIHARASSARRY APEZA

 

        Zer den gutaz! Eta zeri gauden gutien ustean! Badakigu, erraten ere dugu, deus ez girela; egun sendo eta azkar, biharko hilak. Kaska handi bat buruaren gainera Jinkoak igortzen daukunean, orroitzen deus ez girela; amets labur bat dela gure bizia. Eta gero, ahanzten.

        Heriotzeaz bertzerik ere ikusten dugu mundu huntan gertatzen, uste ez ginuenik. Nork erranen zaukun, duela zortzi urte! Orzaizeko jaun ertorarekin ginabiltzalarik herriz herri, etxez etxe, harentzat boz galdez... egun batez ikusiko zela hemen Eskualdunean orduko gure etsaia, edo bederen etsaien gizona, itxura guziez heiekilakoa; gure aldeko gizontzat ezagutua; bere deputatu lagun andana batekin itzulia ikusiko ginuela oneko alderat, agian zinez eta betikotz den bezala Morroxko Harriague?

        Eta aldiz gure adixkide handi deputatu gei apeza, hainbertze harat-hunat ibili odoan, oraino gazte eta azkar, osasun betean zelarik, bere jinkozko lan handiei buruz oraino behingo gizon eta erretor iduriz, ikusi behar ginuela nehork sekulan amestuko ez zuen tokian, mando itsu batek lehertua, buruan jorik nork erranen zaukun?

        Jainkoak bakarrik daki zer ari den eta zer daukan guretzat. Oro haren eskuetan gira.

        Ez ginuen ontsala, behar-bada, solas huntarik hasi behar, Diharassarry apez on, argitu eta kartsu zenaz hemen mintzatzean? Zertako ez ordean, ohiko bozen urteburua dugunaz geroz? Egun hauiek ja, ordukoez orroit-arazten ginintuzten. Are gehiago, apez gaizoaren hiltze izigarri hori gertatzearekin.

        Bertzalde, zenbeit aldiz, geroztik gogoan erabili duguna, hemen erran dezakegu. Egun bero nekegarri hetan ikusi dugula hurbildanik apez hori, bere bizi guzian izan dena: Jinkoarentzat haren etsaienganik zer nahiren jasaitera beti zagola; bere buruaz orroitu ere gabe; aditzen zituen oihuek, trufek, mehatxuek, deusek den gutiena ez zuelarik gibelatzen, bere eginbide zaukanaren egitetik. Eta zer gogoa! Ari ba zinez, eta ibilki bere ahal guziaren egiten, bainan gero gertatzen zena gerta, ziolarik: Jainkoak ez dauku bertzerik galdatzen, baizik ere harentzat gure ahalaren egitea Ez dire ez, egun hautan gure etsaiak ere ezteietan! nausitzen bazauzku ere, hoik beren eta bertzen kaltetan dabiltza. Guk aldiz oraiko alfer idurizko urrats hauk oro hatzemanen ditugu egun batez gaineko harentzat eginak, ba eta saristatuak. Uste baino lehen behar zituen hatzeman!

        Ez dukete orok ahantzia, nola zerk emana zion gogora, deputatu-gei agertzea. Kasik azken egunak ziren eta nehor ez nahi, haize kontra, lanetan ditaken idorrenari lotu.

        Adixkidek berotu zuten. Eta erran behar da: ez zuen hanbat berotzearen beharrik, edo zoin eskualde, Jainkoarentzat indar baten egiteko. Egundaino ez bide zuen amestu ere, deputatu izaiterik. Bainan bizpahiru adixkide (eta ez nor nahi) besotik lotu bezala zitzazkon; baginakike xuxen errateko non eta nola ere. Hots, Diharassarry, nehor ez denaz geroz aitzinatu nahi, zuri doakizu hor zankako baten emaitea. Nahuzu izan gure gizon? Huna non garen gu zure. Berehala bildu zuten. Apez bezala holako lan bati lotzeko behar zuen baimena ere ardietsi; eta bero-beroa berehala hedatu berria.

        Erran behar da, nehor ez zela bertze aldetik ere oraino agerturik. Baia ba? apezaren itzala ikusi orduko tarrapatan hor Baionara bildu ziren gorriak, eta berezi zuten beren gizontzat Harriague, Hasparneko jaun mera, jadanik aitzineko boz-aldian Labaten kontra nausitzea gutitarik huts egina. Oraikotik gainez gain irabaztea segura zaukaten.

        Handik haratekoak orok badazkitzate, nahiz ez oro. Ez behar ere; bizkitartean edo zoin zeretan baino gehiago, holakoetan bakotxari berea badoako; eta solasean garenaz geroz, baditugu hemen bi hitz errateko.

        Apezaren sustatzailetarik bat izan zen Donibaneko auzapeza, Goienetxe zena. Hura ere bat, bere erratekekoekin, hau bezala; egungo egunean nehor guti baita haren eta hunen kaskoko gizonik; batek ala bertzeak, ziren tokian, zilo bat ederra utzi baitute, nekez-nekez betetzekoa.

        Ez ziren bertzenaz batere elgar iduriak; guzizki, ez elgarrekin uztartzekoak. Xede berak, osoki berak izanik ere, beldurtzeko zitaken, elgarri hurbil, ez zirela, berek nahirikan ere, hiru hilabete makurtu gabe joan ahalko. Bederen ardura ukanen zuten bitarte norbeiten beharra. Hain ziren biziak eta bakotxa bere hartan, osoak.

        Ez dut erranen orotaz hein berekoak zirela ere. Batek gaizkiaren herra bertzeak gaixtaginena. Buruz, amarruz eta askoz, biga ziren; eta bizkitartean...

        Bizkitartean bazuten biek hauxet, egungo egunean bakan ikusten dena: bata ez bartzea ez ziren buru apaltzaletarik.

        On edo gaixto, omen dugu hori Eskualdunek. Hala diote bederen gutaz mintzo diren urrunago arrotzek. Egia? Noiz nola. Ez ote dugu, aipamen horren begiratzeko, holako zenbeiten beharra?

        Dena dela, behinik behin orduan hitz gutiz egin zuten apez kartsuak eta auzapez azkar, beroak elgarrekilakoa. Hitz har, hitz-eman, berehala lehen urratsei lotu ziren, ginen, batzu bertzen ondotik, laguntzaileak.

        Ez ginelarik zer zitzaukun erraterat aitzinetik deituak izan, berehala eman ginioten, bihotz onez, ondotikako baia, eta gure ahal guziz egiten ahal ginuena egin. Aitortu behar dugu: neholere ez zitzaukun iduri nausituko zela. Berari ba. Uste gaizoak, bera dena kar eta leialtasun zelakotz, bere iduriko leherra gizon hatzemanen zituela, multzoka, herri guzietan.

        Hatzeman ere zituen eta ziozkaten adixkidek frango, non egun hetan, haren ahotik ardurena entzuten ginuen eletarik bat baitzen hauxe: Zer nahi gerta, jende onik ere ikusten dugu han hemenka zokoetan. Girixtino fededun azkarrak badire oraino, nahutena erranik eta eginik ere gure erlisionearen etsaiek. Egia, ez balitu on bat zen tokian bi eta hiru ikusi. Bere bihotz onak eta gizontasun zabalak egiten zion hori.

        Hastapenaren araberako izan ziren ondorioak. Heldu ahal izan zen tokietan hazi ona erainik, bildu zituen 3.779 boz, 5.351 bozen kontra. Donibaneko kantonamenduak eman zion esku-gain handia. Bertze kantonamentuetan gibeletik zen; bertzeari hurbilenik Bastidan, eta urrunenik Bidachunen.

        Canbok eman ziozkan 173 boz; bertzeari 175. Bi boz gutiago beraz erretor ohiari. Bere sor-herri Saran galtzeak baino anitzez min gehiago egin zion haren bihotzari, bere Canbo maitean ez nausitzeak.

        Arimetan baitziren haren erroak, lurrean baino azkarkiago sartuak Izaitez hala, eta ustez are gehiago, bera zelakotz arima osoki onekoa.

        Bertzalde anitzek hitzeman zioten Kanboarrek boza. Aditzekoa zen gaizoa: «Holakoak hitzeman, halakoak hitzeman». Eta harek zabal-zabala oro sinetsi.

        Ororen buruan, hura ezagutu dutenek errexki sinetsiko dute, nehorentzat ez duela herrarik den gutiena egundaino izan.

        Orzaizetik abiatu, bere populuari erranik otoitz egin zezaten harentzat; bazoala «Jainkoarentzat indar baten egitera»; zangoa non emaiten zuen, ez zeri zagon gogo eman gabe; bere eginbidea bete zuena ba? Itzuli zen, bihotza deskantsu, bere Orzaizeko xoko maiterat.

        Zenbeit aldi geroztik erran baitu: ez ziola Jainkoari bertzerik galdatzen, baizik ere Orzaizen bizitzea eta hiltzea.

        Hil da: hetsi dire haren begiak. Digula Jainkoak, haren ohiko etsaien begiak, ja apur bat idekiak, idek ditezen Frantziaren eta Eskual-herriaren behar baitezpadakoen gainerat, gero-ta gehiago.

 

 

        Nehorentzat egiten ez duguna, hil hunen bizia, hemen aldi batez emaite orde, zatika deramagu. Gutartean zelarik ere bazaukan, asko gisetara, eremu puska bat. Ez bizkitartean Eskualdun huntan.

        Bizirik eskas egin badauku, goza dezagun bederen hilik! Bertze aldian mintzatuko gira bakarrik apezaz. (Eskualduna, 1902-04-25)

 

 

        Boz eguna zelakotz, azken aldian, mintzatu gira ohiko deputatu geiaz luzekixago, bertzenaz eginen ginuen baino. Solasak ekarri gitu, zenbeit xehetasunetan sartzera, ez omen baititugu oro ororen gogorako erran. Ba, hori sinesten dugu! Ez ginuen ere, zinez egia errateko, bertzerik igurikitzen. Lan huntan horri ez dagonak ez dirauke luzaz.

        Bizkitartean ez daukagu, hala ez denik erran dugula; ez eta erran behar ez ginuenik. Kartsua zela erran dugu ezin gehiago. Egia. Deusen, ez nehoren beldurrak ez zuela hura gibelatuko, Jainkoarentzat bere ahal guziaren egitetik, erran dugu. Egia. Bera osoki zuzena zelakotz, bertzeak ere hala zauzkala erran dugu. Egia. Goazin huntarik has egungo mintzaldia.

        Ez bakarrik deputatu-gei batek, bainan egungo egunean non nahi eta zertan nahi, behar du gizonak amarru, itzuli, hots, maltzurkeria eta iziltasuna. Bereziki jende asko bihurrirekin egitekorik duenari behartzen zaio hori... bertze zerbaiten eskasean. Harek aldiz gure arabera deusik ez zuen eskas, hori baizik. Buru ona, bihotz ona, jakitatea, gizonari eta apezari doazkon on guziak nasaiki emanak ziozkan Jainkoak; bereziki kar bat ongiarentzat, eta bere harat-hunat guzietan, solas ala urrats, gibel-gogorik ez eta gibel-xederik gabeko leialtasun bat halakoa, non deus ez baitzuen gordetzekorik, eta ez baitzitzaion neholere iduri bertzek ere behar zuketela harekin.

        Hortarik dator, oro erraten baitzituen zabal-zabala, eta oro sinesten.

        Oro erraten: ez nehori bidegabe egitekorik; ez da nehor behinere haren ahotik galdu. Bainan zenbat zer ez da, hobeki dagonik, arno ona bezala, behar baino lehen ideki gabe? Harek, zakien hura eta uste zuen hura erranen zauntzun beti, han berean, buruz buru, hitzez hitz, berehala.

        Itzal bat hori, nahi baduzue, bainan itzal ederra, biziki bakan ikusten dena egungo egunean... kasik nehork nehon nehoren gogoaren berri badakiela xuxen eta segurki ez baitu erraiten ahal!

        Oro erratea baino ederrago zauku oraino oro sinestea. Guziz gizon argitu batentzat; hura zen bezala, hedadura handiko gizonarentzat, hainitz ikasi eta ikusi duenarentzat; zer duzu ederragorik, nola baita nor nahik hau edo hura erran, eta berehala sinestea?

        Bere kaltetan sinestsiko badu ere, holakoak erakusten du, zoin den egiari, bakarrik eta beti egiari atxikia, oro hala direla iduri zaionaz geroz.

        Itzal ederra, diogu berri ere!

        Hau ere bazuen, solas huni darraikiona: egon den tokietan, itsutuki estekatzen baitzen hango jendeari, bereziki jende apalari; ez baitugu nehor ezagutu, bere artaldearen gainean begia beti harek bezen erne zaukanik, eta bizkitartean ardiak zoin beren tokietan banazka ikusten zituelarik, iduri baitzitzaion kasik oro Jainkoaren eta bere gogorakoak zituela Multzoan hala hulakoak izanik ere, banazka, hobeak oro. Elizan bere populu guziari mintzo zelarik, behar zen larderia bazaukan; erranen baitzinuen garratza zela, eta iziturik zauzkala oro.

        Eta bizkitartean urrikalmenduz betea zen makurrenentzat. Gehiago dena, banazka mintzo zelarik batzuez eta bertzez (laket baitzitzaion biziki, bere heietaz mintzatzea) aditzekoa zen, holako etxeko nausiaz edo etxeko andreaz mintzo; edo etxeko semeaz edo etxeko alabaz —oro banazka ezagutzen baitzituen ere—; diot, aditzekoa zela gaizoa, solasak noiz nahi zeramalarik, aita on bat iduri, bere haurrez, herriko haur maitez, hango gazte batzuez eta heien burrasoez laudorio egiten: «Ah! etxe hortan badire haur batzu, xutxko altxatuak! Bada hor emazte bat, kanpo eta barne, etxe inguruak hein bat artarekin dauzkanak! Holako etxean bada gizon bat, bere eginbide guziei nola jarraikia! Bereziki elizako urratsei, goiz ala arratsalde. Bada hanxet gizon gazte bat, elepide gutixko emaiten duena». Eta holako zenbat! Orori zerbeit eskualde onik hatzemaiten zeien. Eta zinez mintzo baitzen gero: ez batere aho-berokeriaz. Arimak maite zituelakotz, eta berak arima ona, osoki ona zuelakotz, eder ikusten zituen banazka oro. Itzal gaixto zerbeit zuketen hetaz bakanago mintzo zen, eta beti halako bihotz-min batekin, higuin baino urrikariago zituela erakutsiz. Ardurago eta gogotikago aipatzen zituen herriko jende onak.

        Bazuen ere, erran behar da, nor eta zer aipa Bertze kazeta batean irakurtu dugu, urteak eta urteak joan ondoan, oraino mintzo zela bertze orduz katedraleko bikari zelarik Baionako inguruetan eta hirian berean ezagutu nekatzaile girixtino on, laborari, sehi eta holako batzuez. Gure orroitzapenak geroztikakoak dire; bainan zenbat aldiz ez dugu entzun Canboko familia batzuen laudatzen; berek uste baitzuketen, ahal zuela heien erretorak hetaz orori mintzatzeaz bertzerik gogoan! Zenbeit aldi kexaturik ere, beti bihotzetik mihira nor edo noren laudoriak zoazkon.

        Ez zen harentzat halako jende onik (banazka), nola Kanboarrak... ez izaitekotz, geroxago, Orzaiztarrak. Han oro kasik laborari, gogokoagoak baizik ez zituen, baitzakien erlisionea ez dela nehon azkarrago, laborari familia zaharretan baino. Orok dakiten nahigaben ondotik herriz aldatua, laster ahantzi zituen orroitzapen kirets guziak; lotu zen lanari, deus izan ez balitz bezala, edo kartsukiago. Berehala elgar hartu zuten herriak eta erretorak. Haren arta eta griña, bere artaldearen goiti-behiti guziez! Erran dute asko eskualdetarat asko izkribu eta urrats egin duela, herrian sal gei zitezken arno eta bertze mozkinen sal-bide onak hatzeman nahiz. Ez zelarik bera laborari semea; eta den bezala errateko, haren gogoetarik handienak lur-lanaz goragokoak zirelarik, bazakien, behar zenean, bertzen heinera jausten. Badago askotan auzo batzu beren alorretako hazi edo zerbeiten eskasean ikustearekin, erraiten etxeko buruzagier: «Emazue lanean, hor bidez-bide diru xahutzen eta denbora galtzen ibili gabe. Ni bainoa egun hautarik batez zuek eskas duzuen hori den tokira, ekarriko dautzuet».

        Erran bezala egiten zuen.

        Hauk bertze batentzat deus ez litazke; harentzat ba, ez zelakotz berenaz hortakoa.

        Oro baauzkan gero, arau berean. Herritik sehi joanak eta joaiteko xedetan zirenez arta zuen, orroituz oro bereak zituela. Baitezpada behar ziruen jakin heien berriak, burrasoetarik, ba eta zauden tokiko ezagun on zenbeitetarik.

        Halaber zaukan begi, bihotz eta esku, lotkiarik balin bazuten, herritik soldado joan mutiko gaztei. Ez baitzeien zenbeiti itsusi, jaun erretoraren letra ukan zutela etxerat gaztiatzea!

        Erran gabe doa, bere kontseilu onekin bertze zerbeit ere igortzen zuela.

        Emailea zen biziki; eta hartakotz jende behar askok uste zuketen biziki aberatsa zela, zeren eta oro emaiten dituena beti aberats baita... bertzentzat, beretzat doidoi... heltzekoa baizik izanen ez badu ere. Bizkitartean haren etxea beti orori zabal-zabala idekirik zagon.

        Adixkidei beti bigitarte on eta ongi etorri. Zertako ez dugu hemen erranen, haren atsegin handietarik bat zela igande arratsaldetan, bezperak ondoan zenbait gizon biltzea bere mahinera, eta han heiekin zenbait mus-partidaren egitea? Lagunak aldizkatzen ahal bazituen, atseginago baizik ez, orori bardin atxikia zela erakusteko; hala baitzen ere egiazki. Bihotzez atxikia; eta guzier, handi ala ttipi, gazte ala zahar, beren behar-ordu guzietan arimako ala gorputzekoetan, jarraikia.

        Eta beti edo maiz apezak azken hitza... ez beretzat, bainan Jainkoarentzat, eta arimen onarentzat. Edo zoin solasetarik Jainkozkoetara zoan azkenean beti. Zoin gogozki eta ederki! Apur bat luzaz hurbildanik ezagutu dutenek balakiteke erraiten. Aho ederra baitzuen beti konpainian, buruaren eta bihotzaren araberakoa.

 

 

        Uste ginuen hemenxet egun burura hel huntazko solasa; bainan ez dezakegu. Laburtuz behar ginuke ari, hoberenean; eta ja hein hunen kokatzeak ere lanak emanen diozkate gure langilei, hoinbertze berri or dituztelarik aste huntan emaiteko!

        Egun zortzi beraz, Jainkoak nahi duelarik, hunen ondarra. (Eskualduna, 1902-05-02)

 

* * *

 

        Berak orori, egun zortzi erran duguna, hain begi onez behatzen, eta nola zen bada, nola zitaken hura bertzez gaizki ikusia, eta zenbaiten mihietan gaizki erabilia?

        Dugun ihardets berehala: egundaino nehork ez duela harentzat onik baizik erran ahal izan. Bizian ondotik zituen kazetari eta erlisionearen etsai makurrenek berek laudatu dute, hil ondoan; eta handizki laudatu, kazeta frantsesak irakurtzen dituztenek dakiten bezala.

        Erlisionearen etsaiak. Hemengo gure ele guziek baino argi gehiago daukate, solas huni buruz, bi hitz horiek. Ezen egundaino ez du harek, bere nahiz bederen, bertze etsairik ukan, baizik ere erlisionearen etsaiak. Oh! hek ba; hek beti, hek oro etsai zituen, eta orotan.

        Bizkitartean hek ere ez baitezpada berak, bainan bai heien egintzak eta solasak. Arimei kalte egin zezoketen irakaspenak eta urratsak ez zitzazken ixilik jasan.

        Higuin zuen gaizkia; higuin are gehiago gezurra; gure sineste sainduari edo giirixtino eginbideri aiher zirenek haren eremuetan, segura zuten, eta zalu gero... berenen aditzea!

        Zenbeit aldi entzun diogu: gaizkiari behar zaiola bihurtu ongia; eta gezurrari egia. —Beti, beti? —«Bai beti», zion burua altxatuz eta boza behar-orduetan finkatzen zakien bezala finkatuz; beti emogun, emozue gezurrari egia sudurrera. Ez bietan, ez hamarretan; ixil-arazi arte; tapatu arte».

        Hobeki eginen ote zuen zenbeit aldiz gaizki mintzo zirenak ixilik uztea? Batzuen arabera ba. Guk aldiz uste: gezurrak eta gezur hedatzalek egungo egunean duten baino kreit gutiago luketela mundu huntan, harek bezala, bi eskuz beti gora baginauka orok orotan, eta nor nahiren aitzinean, egiaren bandera.

        Hara beraz nor, edo hobeki errateko, zer izan diren betidanik haren egiazko etsaiak.

        Bertze etsairik ez du harek ezagutu. Ez Baionan, ez Kanbon, ez Orzaizen, ez nehon, ez da bat, heren etsai zirelakoetan, gizon agertzeko on denik Hoztasun zerbeit harekin ukan duketenek berek aitor lezakete: berak zirela, guti edo aski, hutsean; zeren eta beti harek gaitzets zuen hura, zer nahi izan zadin. Hurbildanik edo urrundanik arimentzat galbide baitzen. Hori segur. Gaineratikoan, bertze edo zoin zeretako, ba eta bere hartan ere, makur bila berak ez zabiltzanendako, hura bezen bihotz onekorik guti.

        Guti, hari bezen eder eta laket zitzaionik bakea, batasuna, elgarrekilako bizi ona: etxean eta auzoan, familietan, herrian, zahar gazten ar-artean eta oroz gainetik herriko buruzagien artean. Ahuleziarik ez zuen nahi; bainan ez behar gabeko gerlarik ere. Hau hemen erraten dugu bertze askorentzat bardin egia litzakena, zertako? Zeren ez baitute orok beti harentzat hola erran.

        Zioten bertze orduz, harek egin ongi handiak eta bereziki harek erraten zituen egiak jasan ez zitzaketenek, zioten: harrabotsa laket zitzaiola. Deus ez ele.

        Eta naski arima pozoindatzen izilka esku azpiz ari direnek harrabotsik ez nahi?

        Zioten ere zenbeitek: bere buruaz hartua zela. Eta gero? izpi bat hala izan balitz ere, ongi gutiago egin ote du? Eta nor da deus itzalik gabe?

        Bainan ez zen eta ere hala. Bertzeak ba: ahaideak eta adixkideak handizki hartuak ziren hartaz. Gutiagoz dire hartuak zenbeit!

        Bazakielarik nor eta zerentzat zaukaten, bera bere buruaz baino hartuagoa zen bere estatu sainduaz, apeztasunaz.

        Eder zitzaion eta handi, oh, guziz handi, lur hunen gainean Jesu-Kristo Gure Jaunaren ordain izaitea; arimen buruzagi, argitzaile; arimen aita.

        Halere ohoreaz baino orroitago zen apeztasunari darraizkon eginbide handiez, bai beretzat eta bai bertzentzat. Erlisionea nahi zuen ikusi, ez bakarrik itxurazkoa, bainan zinezkoa; girixtinoaren buruan eta bihotzean erroak azkar eta barna eginik, haren bizi guzia daukala bide xuxenari erdiz erdi, arimen etsaiarekin hautsi-mautsikan ari gabe.

        Nork erranen du xede makurra zuela? Ez eta ere xede horri buruz harek betidanik eta gero-ta gehiago zuen karrarekin, ele gutiagoz edo bertzela mintzatuz ongi gehiago eginen zuela errateko on denik nor da?

        Behar ote dugu aipatu haren etsaiek —oro bat erran: erlisionearen etsaiak— noiz nahi hartaz mintzo zirelarik mihian zutena: hura hain gizon argitua, hain talendu handiko apeza, ororen buruan Orzaizeko zokoan zela erretor? Behinik behin ez da hain zokoa, Orzaize; eta hortarik beretik ageri da etsaiek berek ez zaukatela halere hari zoakon tokian.

        Berari zer zitzaion hortaz erran dezakegu, baitakigu beraren eta adixkiden ahotik. Fedezko begiz gauzak ikusiz erraten zuen: nongo nahiko arimak arima balio duela. Zemoten hari eliza bat, arima jinkotiarrez inguratua, barnez eta kanpoz eder zagona; igandetan, gain-behere, nasaiki betea, Jainkoaren laudorioen kantatzeko... ez zuen bertzerik galdatzen Eta Jainkoari esker, hori bazuen Orzaizen. Badakite bertzalde Orzaiztarrek berek, heien artean osoki lakekua zela.

        Bertzalde, haren gogoa maizenik eta goxokienik gutarteko jendearekin zen. Hedadura handiko zelakotz zenbeit jende handirekin ere bazaukan, bainan ez haren jakitateari eman zitzaion bezenbat. Tuntik ez zen handikaria jitez. Betidanikakoa zuen hori; nahiago laneko jendearekin atxiki, hautura, goragokoekin baino. Nondik ez zitzaion beraz Orzaizen hari laketuko?

        Uste zuketenek hura bere tokiaz despitean zagola, ongi zakiten haren berri! Ez bide du horrengatik oren laurden baten odol gaixtorik egin! Aski zen haren ikustea, noiz nahi, astelegun ala igande, bere artalde maitearen erdian.

        Nor nahirekin ele; bakotxari beretik, bainan beti ele ona, buruak eta bihotzak emaiten zion bezala. Etxeko zaharretarik haur ttipienetaraino, bazuen ororentzat hitz bat. Ez zuen nahi nehor izan zadin herabe, haren aitzinean. Eta zena zenarentzat ezagutuz geroz, ez ziren ere hala, non ez zuten hari gaitzi zakion zerbeit huts eginik. Orduan?... Orduan ere bazakiten haren larderiak ez zukela nehorentzat xede, ez ondorio gaixtorik.

        Hain zuzen, bi hitzez errateko, naturala eta surnaturala eta oraino laburkiago hitz batez: apeza.

        Apeza zela, osoki apeza erraitea ginuen hastetik gogoan. Hortarik behar ginuen ere ontsala hasi gure solasa. Dugun bederen ez ahantz, aipatu ditugun on guziak, edo hoberenak, huni esker zituela Sortzetikako dohain eta geroztik ikasiak oro Jainkoari eta jainkozko gauzetarat itzulirik zauzkan. Haren gogoa eta bihotza goiti zagozin idekiak, zabal-zabala. Fede bizia zuen eta osoa.

        Egun zortzi erran baitugu, gizonak askotan diren baino hobeak zauzkala; non nahi jende zuhurrak, zuzenak, onak ikusten zituela, erran baitugu... zenbat handiago ez zen, azkarrago eta barnago Jainko guziz ona eta Egia bera denaren baitan harek zuen sinestea? Horrek emaiten zion, biziskoa izanagatik eta gaizkia higuin zuelarik, kofesor hoberenetarik baitzen; arimen gidari behar orduan garratz bezen eztia beti; urrikalmendutsua.

        Eta beti ari; zen toki hartan beti jarraikia, ahal zuen ongi guziaren egiteari. Elizan zen bereziki ikustekoa, oro zauzkala: prediku eta katixima, kantu eta musika. Zenbeit kontseiu zuhur eta sarkor emanik joan da gaizoa, oraiko gaztek zahartu-ta ere ez ahanztekoak! Pesta bat zitzaion bere apez lagunek deitzen zutenean, jubilau edo adorazione; ala kongregazionea ere! halaber seroren eskola, geroko ongiaren hazia han zuela zakielakotz.

        Mutiko gaztek ere bazakiten, herrian ala herriz kanpo izan ziten, hurbilik ala urrundanik, norbeiten begi-beharriak eta bihotza, heien urratsei zagozila.

        Ez zuen oraikoa! Baionatik Kanborat igorri zutenean, boza kasik galdua zuen, sobera beharturik, bertze lan guzien gainera, hiriko gizon gazte batzu elgarretara bildurik, heieri kantuz erakusten, pestaburu handietan katedralako ofizioen kantu ederrez apaintzeko.

        Hirietako gazteria deus onik ez dela errana baita, harek nolazpeit zerbeit onik hatzemaiten bide zion, edo emaiten.

        Oroz gainetik laket zitzaiona zen; haurrei katiximaren egitea, bereziki burrasoen aitzinean igande arratsaldetan. Haurrak oro begiak harmaturik hari so zaudelarik, bati galde, bertzeari galde, jostatuz bezala argitzen zituen.

        Buru ahulak eta ikasle hurriak eztitasun berezi batekin, kexatu gabe.

        Aitortzen zuen katiximako denbora beti laburregi zitzaiola, eta ahal zuenean, gogotik luzatzen zuela izpi bat, haurrak ohartu gabe (?). Harek egin zezakena zen hori, zeren ez baitzuten harekin bazterretarat beha egoiteko arterik; ahurrean bezala baitzauzkan, txut eta erne.

        Xehetasun hunkigarria! Kartier urrun batetako bozpasei haur, edo bizpahiru (zirenak) igande goizetan, bi mezen artean, biltzen zituen bere etxera, eta han ezkaratzean egiten zeien, berex, heieri katixima; ziolarik, haur gaixoek astean behin ere bide luze haren egitea bazutela aski. Horrela bazauzken haur hek astelegunetan etxean; ez bide baitzitzeien guti burrasoei. Lan horren egiteko behar da izan on ere. Ba ona ere.

        Ona baitzen hura bere artalde guzientzat; orotako beharrenentzat gehienik ona, erran nahi dut erientzat; ez baita erretor onaren marka hoberik, erier jarraikitzea baino. Alta hala zen hura.

        Luze bada luze, gogoak emaiten zaunkun bezala eta gure ahalaren arabera erran dugu: zer apeza izan den Diharrassarry zena 30 urtez: hamabortz urte Baionan; Kanbon, bortz; eta Orzaizen hamar Berrogei ta hamalau urtetan hil izan da; oraino gazte, bainan asko zahar baino merezimenduz aberatsago.

        Asko etsenplu eder utzi diozkate bere apez lagunei. Eskual-herriari orroitzapen bat ezin ahantzizkoa.

        Apeztasuna ohoratu duelakotz, izan da bera hil ondoan, handizki ohoratua, harentzat Donibanen, Orzaizen, Kanbon eta Saran eman diren hil ofizioetarat jendea osteka bildu baita; eta kasik nehon ikusten ez dena, haren azken herri maitean, Orzaizen, etxe guziek meza bedera eman nahi ukan baitiote, ederki erakutsiz hura, herriari bezala, atxikia zela herria hari.

 

Eskualduna, 1902-05-09

 

aurrekoa hurrengoa