www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Txindor
Emeterio Arrese
1928

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Txindor, Emeterio Arrese. Leizaola, 1928

 

aurrekoa hurrengoa

GURE TXOKOA

Abesgai

 

«Gure txokoa» da gure txoko

berezi maitagarriya,

atsegiñaren kabiya,

goibelik ez dan tokiya,

«Gure txoko»an betiro dager

pozaren poz-eguzkiya.

 

        Gogo-lizunik beñere sortu

        etzaion toki laztana...

        «Gure txokoa», gure txokoa,

        biotz-ibargi zabala!

 

Alaitasunik ederrenean,

zorioneko gizartez,

lagundi onen bitartez

elkar maita degu ziñez:

alditxar edo sumin gaiztorik

«Gure txoko»an beintzat ez.

 

        Gogo-lizunik...

 

«Gure txokoa»n izaten degu

atsegiñezko billera;

arazo txarrik... bai zera!,

samiñak aide batera

utzirik emen ezin obeto

guziok arkitzen gera.

 

        Gogo-lizunik...

 

Eresti jator politak emen,

ziri-bertso ta beste gai

xamurragoak ere bai

abesten ditugu noiznai;

billera-txoko pozgarri ontan

gure biotzak beti jai!

 

        Gogo-lizunik...

 

Oraindiokan iñori etzaio

emengo aterik itxi;

naiz izan beltz edo txuri,

ezpada beintzat mutiri,

gogo zuzenez baldin badator

«Gure txoko»ra sar bedi.

 

        Gogo-lizunik...

 

«Gure txokoa» da gure txoko

berezi maitagarriya,

atsegiñezko kabiya,

goibelik ez dan tokiya,

«Gure txokoa»n betiro dager

pozaren poz-eguzkiya.

 

aurrekoa hurrengoa