www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Txindor
Emeterio Arrese
1928

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Txindor, Emeterio Arrese. Leizaola, 1928

 

aurrekoa hurrengoa

ZORENTXU

 

Olerki-gayik ez nuan eta

gai eder bat osatzera

argirudiantz, ene Zorentxu,

egoki etorri zera;

aurrean beingoz ikusirik ain

arrigarri dan sorkera,

ez dakit oztin-gaiñ ori edo

zu zeran zeru ber-bera.

 

Itzegin ezik, ikusi utsez,

besterik ezertxo gabe,

egin zera zu, maite laztana,

nere biyotzaren jabe;

tximist-argiyaz jo-ta bezela,

begi sorgiñ oien mende,

biotz-barru nik sugar-ikara

gozo bat ala zer ote...?

 

Orain ez baña gaztea nitzan

garaiz izanik denbora,

etzitzaidan len iñoiz orlako

maizterrik sartu kolkora.

Zaude, zaude or, ateak itxi,

geigo, ez irten iñora,

biotz gaxo au zugaz pizturik

jardun bei gora ta gora!

 

Illargiyaren antzera sotil

nere gogoan zeundena,

irripar batez eman didazu

argi ta zorion dena;

baita nik ere ai-bezin aratz

jasorik irudimena,

lerro-saill ontan gogoz damaizut

ordañik aberatsena.

 

Galdetu eta maite nazula

erantzun didazu benaz,

zeru ta lurra gaur bezin alai

etzaizkit agertu lenaz;

sargori dagon arrats batean

izuma sortzen dan eraz

nigana ere aizeman arin

gozoa dator mait'egaz.

 

Ene maitetxo maitagarriya,

oparo maite nazuna,

Aitormendi'ko lili txuriya,

amets-iturri leguna:

zu zera nere bizitz illun au

argiz betetzen dezuna,

asnas-emale zoragarriya,

zu zera nere kutuna!

 

aurrekoa hurrengoa