www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Txindor
Emeterio Arrese
1928

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Txindor, Emeterio Arrese. Leizaola, 1928

 

aurrekoa hurrengoa

ARRAUNKETA

 

Egun alaya...

Jai eder baten

aztarnak biziro agitz

euskal-abenda

goratu zale

itxas-uri ontan dabiltz.

 

Arraunketa da...

Mutill bikañak,

zarrena beren lemazai

arturik, orain

bertan asteko

tankeraz daude txit ernai.

 

... Treñeru biyak

rrau! irten dira,

irten oldar bat-batean;

txanpaz jo ta jo,

pitsa darie

arraunkada bakoitzean.

 

Egatu nayaz

bezela, branka

noizik-bein arin jasoaz,

ur-gaña zorrotz

erdibiturik

leitsu ta bizkor dijoaz.

 

Orain urruti...

Baretu dira

pittin bat gure dardarak;

laister ordea

berriro lengo

poz eta biotz-ikarak.

 

Onuntz bira-ta

zuzen, ederki,

leyaz gero t'areago,

egiñalean

kementsu datoz

zein baño zein azkarrago.

 

Itxas-ontziak

orro ta txistu;

aupaka biotzen lera.

Treñeruk berdin

igaro due

gaztelupe-ko sarrera.

 

Ekin mutillak!,

ori dek, ori...!,

jo griñaz ikur-aldera!

Bertan zerate,

arraunkada bi...

abeon degizuela!!

 

Egun alaya...

Jai eder baten

aztarnak biziro agitz

eusko-abenda

goratuzale

Donosti zarrean dabiltz.

 

aurrekoa hurrengoa