UGARTIA
Itxaso zabalaren erdijan, ugartia
bakar-bakarrik dago, arraintzarraren antzez.
Antzin-antziñetatik leku berberan datza
ekatxak, itxasua ta gixaldijak-arren.
Atxez egiñak dira beren errai gogorrak
ta bunbadeak-arren iraunkor deusezkatxak.
Noz, itxaso-erdijan, bera-altzotik jagitta,
agiri zan bertantxe ugarte zurgarrija?
Noz, itxas-egaztijak lengoz bere ganera
jatsi ziran ortzetik, abijak egitteko?
Noz, ez-ezagun-billa jun ziran itxastijak
bertaraño lenengoz legorreratu ziran?
Iñor-ez-iñok daki. Antziñetik bertantxe
ugartegija dago. Gixonaren begijak
eztau sortzen ikusi, ezta iltzen ikusiko,
aldija bera baxen iraunkorra dalako.
Bere inguruka dagon itxaso neurbagiak
bein baño sarrijago beren uintzar gorijak
ugarte-itxasertz-atxin jaurtitten dauz asarrez
eragozki gaitz-gatxa sakabanau gurarik,
baña itxasertzan jota, deuseztu ta urratuta,
ezer jaritxi-barik, atzeraka dagije.
Batzutan bits gorijak ondartza leunaz-ziar
aurrera-dagi, baña ondarrak iruntsitta
galduten da, sazkara itxasertzan itxirik.
Guzurrezko mosubaz ekin ta ekittiaz
itxaso bigurrijak ugartiaren bia
asi da, bigun-bigun, malmutz, zulapetuten.
Baña beren errayak burdiña baxen gogor
eta senduak dira, ta itxaso-bunbadeak
eta uintzar gorijen mosu gaizkiñak-arren
ezta iñoz ugartia uretan ondatuko.
Bakar, jagi ta sendo, itxasuen erdijan,
bertan beti dagoke, itxasargija legez!
* * *
Lurraso zabalaren erdijan, abendea
bakar-bakarrik dago, ugartiaren antzez.
Antzin-antziñetatik leku berberan datza
gudeak, areyuak ta gixaldijak-arren.
Burdiñezkuak dira beren errai gogorrak
ta bunbadeak-arren iraunkor deusezkatxak.
Noz, errijen artian, iñundik etorrita,
agiri zan ementxe abenda zurgarrija?
Noz, euzkotar senduak lenengoz bere lurran
oñak jarri ebezan zaindokija ixateko?
Noz ludijaz-ziarka ebiltzan euzkotarrak
bertaraño lenengoz erdu ziran betiko?
Iñor-ez-iñok daki. Antziñetik bertantxe
euzko-endea dago. Gixonaren begijak
eztau sortzen ikusi, ezta iltzen ikusiko,
aldija bera baxen iraunkorra dalako.
Bere inguru dagozan erri andi-inddartsubak
bein baño sarrijago gudarozte nabarrak
bere mugaen atxin sumin jaurtitten dabez
eragozki ezkatxa sakabanau gurarik,
baña mugetan jota, deuseztu ta urratuta,
ezer jaritxi-barik, atzeraka dagije.
Batzutan areyuak luralde leunaz-ziar
aurrera-dagi, baña endeak iruntsitta
galduten da, sazkara azalian itxirik.
Guzurrezko mosubaz ekin ta ekittiaz
arrotzalekerijak abendearen guna
asi da, bigun-bigun, atzipez, gaiztotuten.
Baña beren errayak burdiña baxen gogor
eta senduak dira, ta areyo-bunbadeak
eta arrozkerijaren mosu gaizkiñak-arren
ezta iñoz abendea, ludijan ondatuko.
Bakar, jagi ta sendo, erri zital-artian
bertan beti dagoke, ugarte gogor-antzez!
|