 |
EUNLIA
Jauregi zarreko torretzar-barruban,
odeyen artian, mendi-gallurran,
urrezko arijaz oyaltzen diñardu,
atsedendu-barik, eunlari zarrak.
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Jauregi zarreko torretzar-barruban,
gixadittik urrun, ixar-artian,
abestuten dago joranez eunlia,
urrezko arijaz lan-etten daula.
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Belaen karrankak jauregi-barruban
asaldetan dabe bertako ixilla;
eunle zarrak, baña, jaramonik bage,
gogoz jardunari ekitten dautsa.
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Bela gosetijak gogor diñardube
leyarretan joka, an sartu-gurez;
jauregi-leyarrak gogorrak bai-dira
eta ezin sartu barrura belak.
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Azkenez, asarrez, atsuak diñotse,
bere lan ederra lagatu-baga:
«Zeren billa zatoz, bela zittal oyek?
Zer gura-dozube, ainbeste kuaz?
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Ona sartu-ete? Baña zetarako?
Zer dagikezube jauregi zarran?
Gose ba-zarie alboko basterrak
ustaz eta gariz betiak dira.
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Baña nik bai-dakit zer gura-dozuben:
gura-ta-ez sartu torre-barrura,
oyal eder auxe mokoka urratzeko,
ta buru-ixateko jauregi zarran!
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Ken, ken, bela oyek, ut, emendik alde!
Ona etzarie sartuko iñoz, ba.
Aberri-oyala eunduten diñardut,
abenda zarraren oyal ederra.
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Antziñan asitta, gixaldijak-arren,
eztot bera amattu, ta luzaruan
nik ekingo dautsat, oyal aldintsubau
ororen gelgarri ixango dala.
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Ut, ut, bela oyek; gose ba-zarie
beste garatera jo edo-biar;
nik urrezko oyalau dagidanartian
etzare sartuko jauregi zarran».
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
Jauregi zarreko torretzar-barruban,
leyuak itxitta, beleai gorra,
urrezko arijaz eunduten diñardu
abenda-oyala eunle zar-zarrak.
Bela baltzak
kua, kua, kua, kua
leyuetan.
|
 |