Eskuaren fereka
ETSAI EZKUTUAK
Egunsentiko lainoak pago tarteetatik iheska doaz pago adarren hatzaparretatik labanduaz doaz iheska Herriaren hatzaparretatik irristatuaz doazen bezala orain arteko eta betiko etsai ezkutuak.
Herriarentzat laino ilun, amona beltz bezala atsaguratuak, Ordenaren letaniekin ibiltzen direnak San Autoridad, San Civismo eta San Ordenezko ora pro nobisak ezpain odoltsuetan itsatsirik, eguneroko berriengatik errezatuz ora, ora pro nobis... odol ixurizko ezpainetan. Saindu oro hauen letaniak separatismoaren gure Herriaren eta gure giza gure euskal nortasunaren aurka buruan mailuz sartzen ibiliak direnak doaz lainoak bezala eta doaz
egunsentiko eguzkiaren beldurrez pago sailetan nahastera doazen lainoak bezala, beren amonabeltz atsagurak zilarrezko kutxetan gordeak sedazko zapiz ezpainak lehortuak doaz letanietako ora pro nobisak elizetako banku hotzetan ahaztuak utzita
eta doaz
herri uholdearen zalapartan nahastera, dontzeilen soineko luze zuriz zomorrotuak, inoren salaketaren ikaraz beren zeharkazko begiradetan
eta doaz eta joanen dira sekulorun sekulotan guk plaza erdian jendearen erdian biluzik jar ditzagun arte, Lainorik gabeko egunsenti batetan biluzik jar ditzagun arte joanen dira doazen bezala —joatez inoiz bukatu gabe— ezkutatzera gure etsai ezkutuak.
Eskuaren fereka |