Eskuaren fereka
Iņaki Zabaleta

Hordago, 1982

 

 

ARDOAREN IRAULTZA

 

Gauez tabernan

egunez ahaletan

beti kexutan

itxurazko iraultzaileak...

 

Hitz asko

ekintza gutxi,

hor dabiltza

ardoz ardo

mundua konponduko

duen iraultza

prestatzen.

Baina ezpainak

zaizkie hitzegitez

lehortu edanean

eta gizarte berdin baten

tesisa tabernaratzean,

lehor daukate mihia

iharturik goizean egina.

Xorien ederra da

kantuan aritzea

eta zuhaitzarena

isilik egotea

adarrean ukan arren

kantarien pisu arina.

Hitz askoz

ekintza gutxiz

atondu dute

ardoaren iraultzaileek

berdintasuna.

 

Nekea zaie muga

hitzaren nekea

eta galderari

darraikion pausora

ez dira heltzen.

 

Ardoaren nekea

hitzaren nekea

gauez tabernan;

beren frustrazioak

berekiko nazkak

ardo bat eta bi

hogeitazazpi

edan arte

aski hitz

barren ezinak

zorabioan itotzeko,

hitz bahe baregarritik

iraganez gero.

Mostradorean okondoa

ederraren ederra entzuleengan

ardoaren iraultzaileek

esaldi ikasiak

botatzen dituztenean.

 

Goizean goiz

langileak doaz

lantegira,

hizlariak doazen

bezala ohera,

hitzaren arbolatik

iraultza fruituak

eta neke ardoak,

beti bezala gauez

lapurraren legean

frakasatuen bidetik,

emaitzak ohostu ondoren.

Amarengandiko zilbor

hesteari lotuak daude

gizon kerak hartu arren.

Eta hitzen iraultzarako

ardoaren ausardia

baldin behar badute,

ahantz dezaten

eta egileei utz

egintza.

 

Eskuaren fereka
Iņaki Zabaleta

Hordago, 1982