Eskuaren fereka
I
Zazpigarren ordua zen. Zazpigarren orduko zortzigarren garrasia ahitu berria zen.
Esku lerden,sendoz betetako odeia —hauts umilaren senide— airetara,ilusioetara abiatu zen bular zabaletatik.
Zazpigarren ordua zen. Izar keinuz betetako odeia zerura begira zegoen, burdin hotsik ez baitzen ilusioetan.
Eta mila esku libre jaio zen. Eta odei koloregabe bat osatu zuten. Eta hautsa (senide) poztu egin zen, leize zuloetan adarra hauspotu nahiz.
Eta parkeko menderatuak bitan ireki ziren erdiminez erdiminez. Mila esku jaioberrien erdiminez.
Igandeetako musika banda biolin desafinatuz Ludwig Van Beethoven-en ezein kontzertu jotzen, kolpatzen parkeko harri koxkor sofrituen kontra.
Zazpigarren ordua zen.
Erdiminak zituen ito Ludwig Van Beethoven musikariak eta parkeko goiz munizipala.
Biolinak bitan ireki ziren erdiminez.
Igandetu aitonaren eskutik —lizar makulu, zapel berri— haurra ihes nahiz. Urdina zen. Haurtzaroko koloreak izan behar duen legez. Musika banda isilaren ondotik lizarra eta urdina —korapilo— zihoazen.
Zortzigarren garrasia lehertu egin zen.
Korapiloa hautsirik urdina arrailatu zitzaion egin haurrari, makulua harrizko biolin bihurtu aitonari, eta erdiminez, harri koxkorretan irauliz, bitan ireki ziren.
Gartzelako lau ormetako ardatzean, errotarriaren dantzan... musikarik gabe.
Parkeko harri koxkor hobengabeen hotsa lau ormetako izerditan galtzen da.
Errotarriak ez du bereizten iganderik.
Zazpigarren ordua zen.
Barroteen sabela bitan ireki zen erdiminez.
Ardo botila txamarretan zintzilik azken zurruta parkeko ateak irekitzean egina du. Banku aspertu batetan etzanda loak hartu du musika banda hastean. Ludwig Van-ek bezainbateko kalparra gau mozkortiarrak zikindu dio ardoaren lagunari.
Bandako biolinari zurbilek ez zekiten hori... hori, bai! ardo botila hutsean amets ero bat zeukala gorderik.
Ez zuen entzun zortzigarren garrasia, baina berdin zen.
Amets eroa bitan ireki zen.
Ba zekiten igandea zela. Urmaeleko faisanek mila uhinetako pentagraman kontzertua orraztu egiten zuten. Pailaso mokoz pintatzen zituzten igandearen hegoak, baina ez zuten zortzikorik asmatzen, bals zoro, geldi, eder bat baizik.
Eta zazpigarren ordua zen.
Urmaela zuritu, erotu irauli egin zen. Uhinak dardarrez erdiminez lausotu ziren egin.
Faisanak eta haien uretako dantza bitan ireki ziren.
Kontzertuaren apar neurtua... makin hotsa zerion langileari. Parkeko zuhaitzaren gerria bizkarraz epeltzen zuen, zigarroaren keaz janzten. Astegunetako lainoaren grisa eria hortzetako tabako merkean nahasia...
Bidenabar historiaz ornitutako sinfonia nabarrak lainoaren grisa eria kendu nahi nahi zion kendu arnasari.
Eta zortzigarren garrasia ahitu berria zen.
Zuhaitzaren gerria eta langilearen bular euritsua bitan ireki ziren erdiminez.
Agortu berria xurgatu berria zen igandeetako parke beti-berdin-berberean zazpigarren orduko zortzigarren garrasia.
Esku sendoz, sentikorrez betetako odeia airetara, ilusioetara zen abiatu, zurbil.
Kontzertuaren soinua buru kizkurtu guztietaraino hegatu zen, ahitu arte, lanbro lotsagabearen gisa.
Eta parkeko menderatuen eskuak bitan ireki ziren erdiminez.
Zortzigarren ordua zen.
Eta mila esku libre jaio zen. Eta odei koloregabe bat osatu... eta hautsa poztu... eta airea...
Eta oro bitan ireki zen erdiminez. Mila esku jaioberrien erdiminez.
Baina zer galdetzen didazu? Zertarako jaio ziren? Mila eskuoz bete odeia zertarako abiatu zen? Bai... zertarako...
Sentitzeko, bai, sentitzeko!: loak ezin hartuz dagoen aurpegi amorostuaren kezka; kriseilu argiaren bila dabilen behatz hotzaren dardarra... sentitzeko.
Usaintzeko, bai, usaintzeko!: izara zurietan besoz zabaltzen den desioaren gorputza, gauaren xokoan ametsez pizten den ereinotzaren sua... usaintzeko.
Goxatzeko, bai, goxatzeko!: zigorraren zauriak dakarren birao itoerazia; bizitzaren atariz atari doan garrasiaren eta eskearen izara... goxatzeko.
Entzuteko, bai, entzuteko!: itsaskurkuiluan hareak leundu duen amodio kantuaren eztia; sutondoetako beroz kanpo arrotz datorren elur jasaren hots zuria, oin ahula... entzuteko.
Ukitzeko, bai, ukitzeko!: teilaren bizkar geldian xoriek utzi dituzten hegaldiak; kaleetan lurruntzen den giza-errainua, bizi historia... ukitzeko.
Zoriontsu bihurtzeko, bai, zoriontsu!: jendetzaren sokalasan, eznahiz, arlekinaren eroarenean dabiltzanak, irauten dutenak; aho delikatu eta heziek mespretxatzen duten gizaki antzua... zoriontsu bihurtzeko.
Lagun izateko, bai izateko!: jendetza presadunaren artean bareari begira geratzen den mutiko hegalariaren lagun; lau ormetako errotarriaren dantzan loturik dabilen, bizitza alargunaren... lagun izateko, bai, izateko.
Eta zertarako? Horretarako bederen jaio ziren mila eskuok, mila eskuoz betetako odeia abiatu zen airetara ilusioetara, burdin hotsik ez zenera.
Azken eroen akelarreak zirauen hausterretako sorginetan oraindik. Elkarrizketaren tenploak zirauen mihien epeltasunean oraindik.
Isilaren erdiminez zazpigarren orduz MILA ESKU bidaiante zuhur, tente, sentimendu dutenen esku eske.
Sentimendu dutenen esku eske:
Elizatarira ez zen ailegatzen elizkizun garaian otoizlarien kantu perfumatua.
Txanponaren pisua bereizten bazekien ezkutuki eta euskaraz (lehen latinez) iganderoko karitate neurtua uzten ziotenean, esku sagarrean.
Itsuaren eskuak ahurreko azalaren zuri gastatua eskeiniz, limosna baten barkamena eskatzen zion otoizlari garazidunari, elizatariko harrien marmarrean.
Ogitarako dina txanpon jasotzen zuen eskuari begira zegoen odeia, kide.
Sentimendu dutenen esku eske:
Pianoaren teklak baino leunago, xuri, pianoaren hariak baino luzeago, dardar, frak beltzaren mahuketatik konpasaren taupada inurrituak itzal zurbil bihurtuz: esku bi dantzari.
Teklak ez ziren hain xuri hariak ez hain dardartsu.
Adagio bat piztera,jotzera, hegaz egin eraztera ausartu zen pianolaria.
Ingurua edertu egin zuen musikaren oihartzunak.
Bi eskuek, xuri, dantzari leun luze... bihotz mekanikoak ziruditen.
Sentimendu dutenen esku eske:
Bi amorante lau esku aurpegietako ura ferekatuz.
Bi hitz lau musu ezpainetako kresala desio bihurtuz.
Bi bizitza bizi lau etxe-dorre IIargiaren hautsa begietan dastatuz.
Sentimendu dutenen esku eske:
Marsellako gauean deika ari zen eskua. Behatz banatan hojalatazko eraztunak hojalatazko irribarre.
Emagalduaren gau zinbela.
—E! Monsieur! ehun frankotan liburu berria bezala irekiko zaizu nire gorputza.
Neoiargizko esku luzea gorri-urdin-more-gezurti jarri zen. Nire begiak liburu berriaren grinaz.
Sentimendu dutenen esku eske.
Mintzaira berri dutenen esku eske.
Hitzak antzu, motz gelditzen direnean, elorri loratuan haize jostalaria kukutan bezala sortzen da eskuaren mintzaira eskuaren fereka.
Eskuaren fereka |