Eskuaren fereka
HERIOTZA
Herio, herio! Hotzezko zubi hauts izaterantz... Aizkoraren hotza arbolari zatzaizkio; kolpez ezpal, ezpalez kolpe gerria mozten zoazkio.
Herio, herio! Hotzezko zubi hauts izaterantz... Odolaren hotza gizonari zatzaizkio; zain herstutuz, bihotzaren dunbata isil dakion.
Ilunaren senide isilaren deiadar gaueko hotzean, zaren Herio...
Hostoei dardarra haizeak eta haizea bera ikarak! Belearen garrasiez nahaste entzuten dira aizkora kolpeen hilezkilak. Basoko bakeari dizkio hostoen dardarra eta haizearen ikara gurutziltzatu Heriok.
Zuhaitzaren salda dario aizkoraren ahotik kolpez ezpal, ezpalez kolpe haren bizia kentzen doakionean.
Eta hostoei dardarra haizeak... Haizea bera dago ikarak, hotsaren nagusi, hotz den heriotzak basoko bakean azken kolpeak zuhaitzari sartzen dizkionean.
Gero sutan gero hausterre.
Herio, herio! Hotzezko zubi hauts izaterantz...
Gizonaren azken senide Hilobiaren emazte ezinaren jainko zaren Herio...
Gizon bakar gizon odolaren beroari sutondoan eutsi nahiz, ez dakielarik galdaren azken txinpartak zuhaitz zenaren hotzezko zubi iragan zuenaren hausterre diren.
Gizon bakar gizon bere biziaren beroari sutondoko hausterretan eutsi nahiz.
Baina azken senide zaio zainak hestutuz jaio eta gogoetak orain, alfer. Oroipenak bakarrik presaka goratzarrek, errautsetan dakuski! Haurtzaroko beldurrei amets politak derizkio; ametsei erdi gezur edo egia zanpatu zerizkion legez... Xinpartetan, amaren bularrak haurtzaroan baino iharragoak, aita langilearen esku bizkorrak hausterretan oroipen.
Heldu zaio gizon bakarrari gizonari odolaren hotza, isildu bihotzaren taupada, eta hilobiaren emaztea gizonarekin desposatu da.
Buru eroriaz dagoen gizonarentzat hilezkilak, dorreko hegaldi hotsak belearen garrasi hotzak omenaldi.
Herio, Herio! Hotzezko zubi hauts izaterantz... Inoiz geldi hadi!
Eskuaren fereka |