Eskuaren fereka
Iņaki Zabaleta

Hordago, 1982

 

 

GALBURUAK

 

Hamazazpi galburu

uzta txiki, apur.

Errotari izan nahi bazeneza...

 

 

1.

 

Gure Herriaren goruan

esperantzaren haria

hautsiko balitz,

gaur ume eta bihar gizon

direnen su eta ilusio hautsez

lotuko nioke goruari haria.

Historiari.

 

Bai! Borrokaren suaz

ilusioarenaz

lotuko nioke

biziaren goruari,

gure Herriaren haria

moztuko baligute.

 

 

 

2.

 

Elizan ezkoargi

pizturik, iraunkor,

eta baketan... otoitz.

Orbaingabeek hegalari dute arima.

 

Atarian ni, eskale,

orbainduen alde.

Eta ateak hertsirik. ilun.

 

 

 

3.

 

Etxe orok ba du ate.

Herri gara

etxerik gabe,

genuena erre

ziguten etsaiek.

Hain ttikia baitzen!

 

Bi esku eta mihi bat

mozturik hiruak;

lana eta euskara

dugu ez beste

Herri etxe gabearen

ate.

 

 

 

4.

 

Urtabe ona.

Urritzak ur asko,

baina uztaroan.

 

Ez ezazu gehiegi

Herria irutzi

fruitu gosez.

 

Itxaron urtabe ona

urritzari lur emanez

eguneroko lanean.

 

 

 

5.

 

Ez dugu inoiz zapelik

menekotasunez

eskuan gorde.

 

Ez diogu inoiz inori

menekotasunez zapelik

eskuan gorderazi.

 

Eta makurtarazi

inor ez dugun bezala,

ez gaituzte gu ere

biziaren plazan

makurtaraziko.

 

 

 

6.

 

Belar baten itzala baino

gure errainua handiago.

Etsaien legeak ez digu dohan

pakerik emango.

 

Euskaldunon Herria

bere errainu neurriko

itzalaren zain dago.

 

 

 

7.

 

Harmarri zahar, asko

gure etxeetan.

 

Doluragarri zait.

 

Eskubide zahar, asko

harmarrietan harri

bihurtua dago.

 

Iraupenaren sari:

poesia eta borroka

bat egiten diren Herri!

 

 

 

8.

 

Habe baten kontra

begi bi irekiak

ba dirudi

bortxa zaitzaten

zain zaudenik.

Neska.

Herri.

Besoak magalean bildurik.

 

 

 

9.

 

Hotz da zure esku.

Bertara zaitez!

Lagunon arnasak

berotuko zaitu.

 

Bukagaitz arnasa

Herriarena.

 

 

 

10.

 

Laiak ere

ba du hortz bi:

ezker, eskuin...

 

Gizonaren oinak

egin indarrez

lurrean sartzen

ditu hortzak.

 

Herriarengan.

Bi zulo, zulo bi

dager ezberdin;

ezkerrekotik dakusat

askatasuna.

 

 

 

11.

 

Jezarrita

poeten bederatzigarren

musa,

zortzigarrenari

eta zazpigarrenari

lehengarrenari bezala,

ankak zaizkio ihartuko

Herriarekin batera

bidea urratzen

saiatzen ez bada.

 

 

 

12.

 

Kiderretik ezpata

kiderretik behar da

hartu ezpata.

 

Beta zaigu falta

eta mina sobera,

ez erabiliz

galtzairuaren ahoa

herdoil dakigun

zorroan.

 

Ez dugu ezpatarik

eskuetan nahi!!

 

Beharturik gaude... beharturik.

 

 

 

13.

 

Olagarro nahi nuke

izan nahi nuke

argiak, eskubideak

eskuratu eta,

ni hutsik geldituz,

beldurrez burumakurtuari

eskeintzeko.

 

Zuk ere egin nahi bazenu...

 

 

 

14.

 

Gizonaren basamortuan

bizi egarriz

garraisika nago ni.

 

Ba da urik,

aurkitzen nekea.

 

Egarria asetzeko

hustu beharra dut harea.

 

 

 

15.

 

Hyenak ez du

Euskal Herriaren etsaiek

bezainbat herde

ahotik botatzen.

 

Gorrotoaren herdea

dastatzen daude

ikasiak koarteletan.

 

Euskaldunok

horien herdepean.

Inurriegi gara.

 

 

 

16.

 

Bahe bat aitonari

bahe bat aitari

beste bat semeari.

 

Espainiako agintari bakoitzak

erdal bahe bana zekarkion

Euskal Herriari.

 

Eta ez gaituzte hondatu

bizirik diraugu!

 

 

 

17.

 

Gizonen ibiliak

landu harriek

eta orpogorriek

barreiatu lurrautsak

daukate gorde

gure Historia.

 

Erdi gezur dira

liburak soilki,

erdi egia zati

baitzaie falta.

 

Lurrauts eta barri

gizon bat orpogorri...

geure Historia erdi.

 

Eskuaren fereka
Iņaki Zabaleta

Hordago, 1982