Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988

 

 

 

VII

AXULARREN HERIOTZA

 

Axularrek manatu zion bere bereterrari hil zezan, Meza ematen ari zelarik, kontsekrazioneko hitzak erraten zituen denboran.

      Eman zion errebolber bat kargatua bainan lehenbiziko egunean bereterrak bihotzik ez eta ez zion tiro egin.

 

      Biharamunean, Axularrek ere erran zion finki:

      —“Ez hadila izi, hil nezak; ez haute deusik eginen”.

 

      Eta bereterrak hil zuen, Kontsekrazioneko denboran, zeren orduan deabruak ez baitu deus egiterik eta nola Axular apeza deabruaren eskolan ibilia baitzen, deabruak baino gehiago bazekien eta hura baino gehiago zen.

 

      Bere amari errana omen zion ere hil ondoan haren bihotza sagarrondo baten gainean ezartzeko: zeruan balin bazen uso batek eramanen zuela bihotz hura eta bele batek eramaten bazuen Ifernuan.

 

      Egin omen zuten Axularren errana. Belea etorri, inguruka-minguruka, baino ez eraman.

 

      Fika etorri, ibili hura ere inguruka, ukitu ere bai, baino ez eraman. Hurbildu zen uso txuri bat eta hark eraman zuen Axularren bihotza zeruan goiti.

Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988