Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988

 

 

 

VII

ABANTEAN HABANA-RAINO

 

Behin sartu omen ziren Hondarribiako portuan Bermeoko txalupa batzuk arribadan, eta herrira atera omen zituzten arraunak, belak, paluak, otzarak eta beste guziak.

 

      Agure bat joan omen zen gauerako bere txalupara lo egitera.

 

      Halako batean etorri omen ziren gona gorridun bi andre txalupara, agurea bere txalupan lo zegoen artean, eta Habanara heldu ziren. Orduan herrira salta omen zuten andre biek eta haien gauzak egiten zituzten artean, agureak ere salta eta Habanako arbola bati adarra kendu eta txalupara arin etorri eta pipa erretzen hasi omen zen.

 

      Etorri omen zirenean noiz edo noiz andre biok eta hasi omen ziren haien artean: “Pipa sundea dago hemen, hum! Gizonen bat sartu ete jaku?”

 

      Hau entzuten agurea ixilik egon omen zen, ixilik, asmatuko ote zuten beldurrez.

 

      Gehiagoko barik hasi omen ziren ostera ere abantean eta goizaldea baino lehenago heldu omen ziren Elantxobera.

 

      Agureak gau hartan Habanan egon zela lagunei sinestarazteko, hango arbolaren adarra hezea erakusten omen zuen.

 

Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988