Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988

 

 

 

III

ZAKUR BELTZA

 

Elantxoben ezkondu ziren pareja bat eta andreak ez zuen ezer jaten jatorduetan. Gizonak esaten zion zergatik ez zuen jaten, janezean gaisotu egingo zela eta hola pasa ziren egun asko. Gizon horri bururatu zitzaion zelatan egon behar zuela ea zer pasatzen zitzaion. Eta gauean ohera joan eta ez zuen lorik egin. Hamabietan andrea altxa zen ohetik eta joan zen hilerrira beste lagun batzurekin. Bezperan hil egin zen lagunaren gorputza jaten ikusi zuen gizonak. Ikaratuta etorri zen gizona bere etxera. Hurrengo egunean eguerdian jaten hasi zirenean, andreak ez zuen jan nahi. Orduan esan zion gizonak: “Zuk orain ez dozu jan gure, bainan atzo gabean jan dituzu kanposantuko okelak”. Orduan andreak esan zion: “Ikusi nauzulako orain zakurra izango zara”. Eta gizona bihurtu zen zakur eta bota zuen etxetik kanpora.

 

      Joan zer zakur hori basorik baso eta han egoten zen mantso-mantso. Noizean behin baten-batek ematen zion jaten.

 

      Egun baten ikusi zuen panadero batek eta eraman zuen bere etxera. Imini zion izena “Pintto” eta jagoten zuen panaderia guziz ondo eta diruak ere ezagutzen zituen, txarrak eta onak, ibiltzen zelako orduan diru faltso asko. Egun batean joan zen andre bat ogia erosten eta ezagutu egin zuen eta esan zion: “Pintto kendu lepoko larrua eta egin zaitez lehengo legez gizona”. Orduan zakurrak, ixil-ixilik, kendu zuen bere lepoko larrua eta egin zen gizon handia, lehen bezala. Eta esan zion andre horrek: “Zure andrea eta nik ofizio bat hartu dogun bainan hark txarrerako, eta nik onerako. Eta orain zoaz bake-bakean zeure etxera”.

 

Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988